Urte berriarekin batera, irrati zerbitzu berria estreinatu du EiTB komunikazio taldeak. Egunean 24 orduz, euskal kantak eskaintzen dituen irrati digitala da, eta eitb.eus webgunearen bidez entzun daiteke. Egunero, euskarazko 400 abesti entzun ahal izango dira, eta eskaintza orekatua egin nahi izan dute, «kanta berriak eta aspaldikoak, arrakastatsuak eta ezezagunak» tartekatuz.
Urko Aristi EiTBko irratietako zuzendariaren esanetan, «gogoeta sakon bat» egin ondotik sortu da irrati digital berria. «Zerbitzu publikoa garen heinean, ardura bat daukagu, eta euskal kulturaren erakusleiho izan behar dugu». EiTBk duen fonotekak eskaintzen du horretarako aukera, euskarazko 30.000 abesti baino gehiago baitituzte. «Hori jendearekin partekatu beharra geneukan».
EiTB Musika irratiaren estiloari jarraiki, ez du esataririk izango, eta tarteka, artistak beraiek izango dira kantuak aurkeztuko dituztenak. Kantu zerrenda webgunean kontsulta daiteke.