Segurako historian eta bizitzan garrantzitsuak izan diren emakumezkoen bizipenak eta istorioak jaso, eta ‘Hariz hari. Sorgindu hadi!’ ibilbide turistiko pedagogikoan bildu dituzte. Urteetan isildutakoari ahotsa jarri diote.
Beste herri gehienetan bezala, emakumezkoen izena daramaten kale, plaza edo jauregi askorik ez dago Seguran, nahiz eta herriko historian eta bizitzan parte garrantzitsuak izan diren. Urrats bat aurrera egin dute Seguran eta, gaur egungo hainbat emakumezkok, garai bateko emakumezkoen bizipenak eta istorioak bildu eta idatzi ditu Hariz hari, sorgindu hadi! ibilbide turistiko pedagogikoan. Emakumeen begietatik emakumeen historia isilduari eta ezkutatuari ahotsa jarri diote, bide horretan emakumeak elkar babestu eta elkarrekin ahalduntzeko helburuarekin.
Honela, ibilbide fisikoa izateaz gain, sinbolikoa eta aldarrikapenezkoa ere bada: Segurako historian garrantzitsuak izan diren emakumeen arlo ugaritako bizipenak berreskuratu baitituzte ibilbidea osatzen duten bederatzi puntuetan. Segurarrek erronka bota die gainerako herriei: beraiek jarraitutako bideari heltzea.
Kontxisirekin hasita
XVIII. mendeko Kontxisirekin hasten da historia irakaspena, Segurako beheko errebalean. Alarguna omen zen Kontxisi: «Umerik izan ezin zuen edo izan nahi ez zuen emakumea, ondorioz, Atsoa deitzen zioten. Emakume izan eta umerik ez izatea baliorik gabeko emakume izatea baitzen, hazi hila. Ganorarik gabeko emakumea». Burla eta irainak jasan behar izaten zituzten emakume horiek eta Kontxixik babeslekua ematen zien etxe honetan. Iseka horien testigantza geratu da Seguran, San Joan bezperan emakume horiei etxez etxe abesten zizkieten bertsoetan.
Katalina Goia Murgiondo
Seguran eta Goierrin garrantzia handia izan zuen emakumea da ibilbideko bigarrena: Katalina Goia Murgiondo (1911-1979) sukaldaria. Bilbora neskame joan eta bertako eskola batean ikasi zituen sukaldaritzaren inguruko sekretuak. «Herrira itzulitakoan Goierriko hainbat baserritan ezkontzako banketeak antolatzen zituen, baita Segurako Imaz jatetxean ere». 60ko hamarkadatik jubilatu artean, Beasaingo Indar enpresako sukaldeko arduraduna izan zen, bere bi alabekin batera. Sukaldaritzari buruzko bere ezagutzak Libro de cocina (Sukaldeko liburua) izeneko liburuan jaso zituen, 50eko hamarkadan. Ikastaroak eman zituen herriz herri.
Anita Artzelus Imaz
Katalinaren ondoan jaso dute Anita Artzelus Imaz (1913-1998) margolariaren istorioa eta historia. «Ume-umetatik zetorkion artearekiko zaletasuna eta modu askotara garatu zuen zaletasun eta gaitasun hura: buztinezko irudiak, oleoz nahiz pastelez margotutako bodegoi, paisaia edota Grekoren kopiak, altzariak zahar-berritu, arropak diseinatu, sukaldaritza, nobelak idatzi…».
Belenisten Elkarteak antolatutako lehiaketa batera aurkeztutako lan bati esker, Frantziako hiriburura, Parisera, ikastera joateko irabazitako bekari uko egin beharra izan zion segurarrak. «Anitak ez zuen etsi ordea, eta urte batzuk beranduago, bere urterik gozoenak eta beteenak igaro ahal izan zituen Madrilen, zaintza lanek deituta Segurara itzuli beharra izan zuen arte, ikasketak bukatu baino lehen». Urte batzuk beranduago, herriko haurrei eta gazteei marrazketa eta margoketa erakusten urteak pasatu zituen.
Ibilbidean jasota geratu denez, «biak ala biak ere, hainbat seme-alaben amak. Garaiko emakumeen zereginak betetzeaz, beren barruko zaletasun, indar eta grinari entzun eta irtenbidea ematen saiatu zirenak».
Emaginak
Beste herri askotan bezala, XX. mendean, emagin ugari izan ziren Seguran. «Ohikoa zen, batez ere baserri munduan, emakumeak beste emakume batzuen laguntza izatea erditzerako garaian. Emagin hauek oso gutxitan aitortu zaie zeukaten ezagutza , emakumeen gorputzaren eta erditze prozesuaren inguruko ezagutza sakona». Hala ere, «medikuntza zientifiko-arrazionala (gizonen esku zegoena) orokortzen hasten den unean, alde batera geratzen dira bestelako ezagutza hauek; emaginenak, senda-belarrak erabiltzen zituztenak… Emakumeen esku zegoen ezagutza hau bigarren maila batean geratzen da, egindako lanaren aitortzarik gabe».
Lixibalekua
Lixibalekuak harremanetarako gune publikoak izan dira urteetan. Arropa garbitzeaz gain, harreman sozialak garatzeko espazioak izan ziren. «Emakumeek espazio propio gutxi zituzten beste emakume batzuekin bakarka harremantzeko eta lixibalekuek hutsune hori betetzen zuten».
Baserri mundua
Baserriaren biziraupenerako emakumezkoen lana ezinbestekoa izan da: «Bertan gurutzatzen dira ardura produktiboa (animaliak, baratzea, produktuen ekoizpena eta salmenta) eta erreproduktiboa edo zaintzakoa (haur eta adinekoen zaintza, arropak, janaria…). Emakumeek biak hartu izan dituzte beregain».
Emakumea eta lana
XIX. mende hasieran ireki zen Seguran Zesteri lantegia eta herriko neska gazteek soldatapeko lana izateko aukera izaten zuten. Joxepa Albizu, esate baterako, 14 urterekin hasi zen Zesterian lanean. Neskametza baino nahiago izan zuen lantegiko lana. Hala ere, ez zen erraza emakumeentzat soldatapeko lana mantentzea: «1938ko Langileen Foruan, emakumeak lantegi eta tailerretako lanetatik askatzeaz hitz egiten zen. 1942an berriz, behin ezkonduta soldatapeko lana uzteko derrigortasuna ezarri zitzaien emakumeei, salbuespen gutxi batzuekin».
Emakumea eta kirola
Hariz hari. Sorgindu hadi! ibilbidean emakumea eta kirolaren gaia ere landu nahi izan dute. Seguraren kasuan, pilota zaletasun handia egon da. «1950eko hamarkadan Axun, Nati, Arantxa, Lurdes edo Edurne pilotari amorratuak ziren. Eskolatik korrika bizian ateratzen ziren, etxeko lanetan laguntzera joan aurretik, tantoak bata bestearen atzetik jolastera». Ondo baino hobeto gogoratzen dute: «Frontoia gizonezkoen espazioa izan da beti eta pilotan jolasten zuten neskei marimutil deitzen zieten».