Herriko saltsa askotan aritzen den pertsona da Beñat Jauregi (Legorreta, 1973.). «Legorretarrok asko sentitzen dugu herritartasuna eta horrek zerbait egitera bultzatzen zaitu. Eragile ugari dago, denek dute gauzak egiteko joera, eta udalaren jarrerak ere asko laguntzen du». Ikaslanen lan egiten du Jauregik: «Zortea da beti gazteekin lana egitea, horrek ere gaztetu egiten baitzaitu. Gazteak beti dira gazte, baina irudipena dut, gaur egungo gazteek gauza materialei garrantzi handia ematen dietela. Nabaria da Goierrin diru dezente maneiatzen dela. Horrek akaso horrelako gazteak sortzea dakar».
Ze zaletasun dituzu?
Mendia, oinez, presarik gabe.
Janari bat.
Denak, baina aukeran Legorretako sagardotegiko txuleta.
Edari bat.
Legorretako Basabe garagardoa.
Pelikula bat.
Aitzol Aramaioren Terminal film laburra.
Liburu bat.
Historia eta soziologia liburuak, baina literatura ere asko irakurtzen dut. Kirmenista naiz.
Abeslari bat.
Silvio Rodriguez.
Abesti bat.
Edozein, te quiero y me quieres esaten ez badute, musikak ere mundua alda dezake.
Oporretarako leku bat.
Mendian izerditu, eta ondoren, hondartzan garagardo freskoa.
Amets bat.
Euskal Herrian gizarte justu, duin, feminista eta euskaldun bat lortzea.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Dudarik gabe, nire etxekoak.
Goierriko txoko bat.
Altzagarateko bistak.
Herriko alkate bazina…
Herrian alkate oso onak izan ditugu, ez dute nire beharrik.
Legorretan biziko ez bazina…
Zaila egiten zait irudikatzea, baina moldatu egin beharko ginateke!