Datorren hilabetean Salamancan jokatuko den pista estaliko Espainiako Atletismo Txapelketan izango da Ane Irribarria (Arama, 1999) Txindoki Atletismo Taldeko atleta gaztea. Hesi lasterketan moldatzen da ondoen. Hala erakutsi zuen abenduan Donostian jokatu zen pista estaliko Euskadiko txapeketan. Hantxe lortu zuen Espainiako txapelketara joateko txartela.
Nondik datorkizu atletismorako zaletasuna?
Gurasoak kirolariak izan dira. Aitak saskibaloian jokatzen zuen eta ama atletismoan aritutakoa da. Nik ere txikitatik egin dut kirola. Saskibaloian eta atletismoan aritu naiz, eta biak gustura egiten banituen ere, aukera egin behar izan nuen azkenean. Hankan arazo bat nuen, ebakuntza ere behar izan nuen . Bi kirolak ezin nituenez egin, atletismoa izan zen aukera.
Atletismoan, modalitate ezberdinak egin dituzu?
Krosetan hasi nintzen eta ondoren, proba konbinatuak ere egin ditut. Gorako jauzia ere probatu dut. Baina gaur egun hesi lasterketan aritzen naiz.
Zein da oraintxe prestatzen ari zaren hurrengo erronka.
Ez nuen espero, baina Salamancan jokatuko den pista estaliko Espainiako txapelketan parte hartuko dut hilabete barru. Abenduan, Donostian, lortu nuen gutxieneko denborak eman dit hara joateko txartela. Berez, disfrutatzera joatea zen helburua, aurten presiorik gabe aritzea nuelako buruan. Ikasten eta lanean nabil aldi berean, eta entrenatzeko ez dut nahi beste denborarik. Baina gauzak horrela etorri dira eta hantxe izango naiz.
Denbora faltarekin, nola uztartzen dituzu, lana, ikasketak eta kirola?
Korrika eta presaka egia esan. Klasetik atera, ahal dudan azkarren bazkaldu ondoren lanera joan ahal izateko, eta hangoak bukatuta, entrenatzera joateko.
23 urtez azpiko kategorian aritzen zara. Konpetentzia handia dago?
Maila oso altua dago eta atzetik datozenak, ni baino gazteagoak direnak, oso indartsu datoz. Denbora oso onak lortzen ari dira.
Pista estaliko Espainiako Txapelketaren ondoren etorriko dira beste batzuk.
Aste bete atseden hartu eta aire libreko Espainiako Txapelketa prestatzen hasiko naiz.