Itsu bertsolariek eta emazteek bertsoak jarri eta plazetan kantatzen zituzten, xoxen truke. Seguran bazen bikote bat.
Bertsolari itsuen figura oso zabaldua zen XIX.ean. Goierrin baziren bi, Ezkiokoa eta Segurakoa. Asteasun ere bai; Altzoko Imazek jartzen zizkion bertsoak, gero berak saltzeko. Irungo itsua igandero Berara joaten zen oinez, bertsoak kantatzera eta saltzera. Ormaiztegiko itsuak, berriz, soinua jotzen zuen tren geltokian, turistez betetako trenak geratzen zirenean, txanpon batzuen truke.
«Beste lanik ezin eginik, itsuek askotan ekin zioten bertso saltzeari, bizimodua ateratzearren. Erdal herrian ere kontu bera zen. Horrexegatik esaten zaie erdaraz paperetako bertsoei coplas de ciego edo cantares de ciego», idatzi zuen Antonio Zabala ikertzaileak.
Bizimodu zaila, egoera latza eta baldintza gogorrak izan ohi zituzten itsuek –elbarriek, orokorrean–. Txirotasun erabatekora kondenatuak zeuden, babes sozialik gabe eta beren kabuz moldatu ezinik. Gerrak izan ziren askotan galbide.
Drama horiekin topo egin du Lazkaomendin bizi den Eñaut Agirre bertsolariak (Hernani, 1977). Joakin Luzuriaga Segurako itsua-ri eta haren bigarren emazte Manuela Etxarriri buruz —biak ibiltzen ziren bertsotan— hitzaldi kantatua egin zuen lehengo astean Seguran.
«Itsu bertsolariak bertsoaren katea-maila bat gehiago dira, funtzio bat betetzen zutenak. Batzuk bertso jarriak egitera eta kantatzera dedikatzen ziren; baina, askotan, beste bertsolari batzuek egindakoak kantatzen zituzten. Diru iturri zer edo zer lortzeko bidea zuten hori», dio Agirrek.
Eta plazaratzen zituzten bertsoak ere hartarakoxe ziren: jendeari gozarazteko, denborapasarako, libertimendurako. «Kasu batzuetan, informazio zabaltzaile ere baziren».
Andreak ere kantuan
Tesirako mami bila zebilela, itsu bertsolarien emazteen kasuarekin topo egin du Agirrek, eta bereziki erreparatu dio. «Segurako Manuela Etxarri eta beste bi emakume aurkitu ditut, beraien senarrekin plazan kantatzen zutenak. Hirurek bat egiten dute: gizonak itsuak ziren. Senarren gauza bera egiten zuten, plazan kantatu».
Itsu bertsolari maskulinoen kasuan, gehienetan izen-abizenekin eta nortasun batekin igaro dira historiara —Ezkiokoarenik ez da iritsi, hala ere—. Ez hala emazteenean. «Gizonen izenak badakizkigu, liburuak idatzi zaizkie, bertsoaren historian hor daude… Baina andreak ez. Zergatik ez ditugu haiek ezagutzen? Bertsoetan egiten zaizkien aipamenetan geratu dira, baina besterik ez».
Senar-emazteek bertso-estilo bat eta bera erabiltzen zuten: entzuleen denborapasarako, elkar zirika jarduten ziren. «Beste modu batera esanda, elkarri kristorenak esanez. Antzerki moduko bat egiten zuten», dio Agirrek.
Maila sozial baxuenean
Corpus mardula geratu da itsu bertsolarien bertsoekin. Paperetan inprimatu eta saltzen zituztelako, ziur asko. Agirrek ikertu dituen hiru bikoteen artean, ia 200 bertso dituzte. «18-20 bertsoko sailak dira, eta denak estilo berekoak: andre-gizonak elkarri kantuan».
Egileek, ordea, jateko lain ere ez zeukaten. Hain justu, horretarako ibili ziren bertsolari, diru truke paperak saltzeko. «Maila sozialari dagokionez, azken-azkeneko koska ziren. Segurako itsua eta Manuela Etxarri, biak hil ziren Donostiako San Antonio Abad ospitalean, orduko miserikordian. Beste bikote baten kasuan, laugarren mailako hiletak egin zizkieten». Luzuriagaren lehen emaztea hil zenean, pobre de solemnidad kategoriako hileta egin zioten.
Joakin Pablo Luzuriaga Oria Seguran jaioa zen, 1824an, eta Donostian hil zen 1884an. Zapatari hasi zen, 15 urterekin, eta soldadu joan zen gero. Euskaldunak orduan ez zeuden soldadutzara derrigortuak; borondatez joan zen, beraz. 11 urte eta erdi igaro zituen Espainiako armadan. Habanan (Kuba) itsutu zen, eta etxera bidali zuten. Goian zerua eta oinpean lurra.
Segurara itzulita, bi aldiz ezkondu zen. Lehenik Josefa Ignacia Loinaz Garmendia segurarrarekin, 1856an. Bost haur izan zituzten. Harengandik 1861ko azaroan alargundu, eta hilabetera Manuela Etxarri Zabaletarekin uztartu zen. Alarguna zen hura ere, Ascension Telleria zegamar difuntuarena. Haien seme bakarra 1862an hil zen, 9 hilabeteko.
Etxarrik Leitzako jatorria zuen, baina Izaban jaioa zen (Nafarroa). 1893an hil zen. Bertsoak kantatzeaz gain, Luzuriagak gitarra eta Manuelak panderoa jotzen zuten plazetan.
Ezkioko itsua garaikidea
Ezkioko itsuaren izen-abizenik ez da argitu, oraindainokoan. Haren hiru bertsopaper aurkitu zituen Antonio Zabalak. Segurako itsuaren garaikoa zen Ezkiokoa, zaharragoa ziurrenik; elkarrekin sorta bat badute.
Ezkioko Aranburu baserrikoa ote zen, edo han bizi ote zen aztarna atera zuen Zabalak. Mutilzaharra izan behar zuen, eta ‘zerragotea’ esaten zioten esku soinua joz eta betsotan eginez ateratzen zuen bizimodua, ezteietan eta.
Bertso berriak
Ezkioko eta Segurako itsuek elkarri jarritako bertsoak dira, 15eko sortako lehen 9ak. Tolosako Mendizabalek argitaratu zituen, eta Antonio Zabalak jaso ‘Pastor Izuela, Ezkioko ta Segurako itxuak’ liburuan (Auspoa 106).
1) Orain bertso berriak
bear ditut ipiñi,
Ezkioko itxuak
Segurakoari;
artarako motiboak
eman dizkit neuri,
zergatik bota duan
asko panparreri.
2) Ezkioko itxua,
nere amigoa,
laister izango dezu
orren kanbioa;
alferrik izan zera
koplari pijoa,
iya zure bentea
galduaz dijoa.
3) Galduaz badijoa
neronen bentea,
neretzat kalte baño
zure mesedeea;
aspadian badezu
naiko erronkea,
baña ez da aundia
dezun bentajea.
4) Koplari abilla da
Ezkioko itxue,
bere gazte denporan
askoren maisue;
boza bajatu zaio,
estutu petxue,
argatik askok bentaja
artutzen dizue.
5) Segurako itxue,
soldadu zaarra,
ez diak ematen
esperantza txarra;
ik petxu ona daukek
boza’re ederra,
aurki izan dezakek
guztien bearra.
6) Ezkioko itxua,
kantari abilla,
zertan ote dabill
kontrario billa?
Ori añe bagera
Españian milla,
zaartu baldin bada
erretira dedilla.
7) Zarrak ez degula
kantuan balio,
Segurako itxuak
ala emen dio;
neretzat izan arren
milla kontrario,
ez diat osotoro
etsi oraindio.
8) Bertsoak saltzeari
obe dezu utzi,
trago batzuek eranaz
erretiroan bizi;
alegiña guztia
ibiliagati,
zuretzat izango da
irabazi gutxi.
9) Besteak erretiroan
nai dituk ipiñi,
erorri libertadean
kanpoan ibilli;
iñor kontrariorik
ez dek nai ikusi,
bakarrik izan adiñ
guztien nagusi.