Apirilaren 9tik 13ra Legution (Araba) egingo duten Gazte Sozialisten Topagunearen aurkezpen nazionala egingo dute igandean Legazpin Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleak taldeek. Topagunea: antolakuntza eredu berria eta aurtengo ekimenaren hurbilpen labur bat hitzaldia izango da 16:00etan Azokan, eta 19:00etan, Benito Lertxundiren kontzertua Urbeltzen. Nahikari Mateo eta Eneko Carrion Gazte Sozialisten Topaguneaz eta igandeko aurkezpenaz aritu dira.
Nolatan aukeratu duzue Legazpi aurkezpena egiteko?
Eneko Carrion: Euskal Herri mailan antolatzen garen bi antolakunde sozialista gara, eta hortaz, Goierrin ere antolatuta gaude. Legazpiko herria aukeratzea ez da ausazko aukeraketa izan. Alde batetik, azpiegitura egokia du guk nahi genuen aurkezpena egiteko: hitzaldia egiteko leku aproposa, kontzerturako pilotaleku egokia, eta bitarteko militantea ere bai. Gainera, Benito Lertxundik ondo ezagutzen duen espazioa da, eta begi onez ikusi dugu bi aldeok Legazpin egitea. Gainera, Goierrik euskal musikarekiko duen harremanak zein dituen konexio egokiak (trena, errepide nagusiak…), erraztu egiten du maila nazionaleko ekimena bertan izatea.
Gazte asko biltzea espero al duzue?
Nahikari Mateo: Euskal Herriko txoko ezberdinetako gazte zein ikasle ugari espero ditugu, Benito Lertxundiren kontzertura bertaratzeaz ez ezik, Topagunearen aurkezpenera etortzea espero ditugunak.
Aurreratu al ditzakezue hitzaldiaren gako nagusiak?
E.C.: Bi bloke garrantzitsu jorratuko ditugu: alde batetik, Gazte Sozialiston Topaguneak prozesu sozialistaren barruan betetzen duen funtzioaren inguruan arituko gara. Guk Topagunea kontsumo artikulu moduan ulertu beharrean, lan prozesu bat garatzeko bateragune gisa ulertzen dugu. Topaguneak soilik ez du bilatzen Legutioko beharrei ekarpen bat egitea, baizik eta Ildo sozialistaren barruan eskualdeen behar zein lanei erantzun eta ekarpena egitea.
N.M.: Bestetik, aurtengo ekimenaren gainean arituko gara. Iaz Azpeitiako Esklaben inguruan egin genuen Topagunea, eta aurten Legution, berriki okupatutako Desjabetuon Hotelaren baitan. Lekua ildo sozialistaren beharretara egokitzeaz gain, dimentsio nazionala duen lan prozesua garatzeko aprobetxatuko dugu, obra zein tailer ezberdinen bitartez. Formakuntza saioak izango dira, hainbat hitzaldi ere bai, eta baita aisialdi eskaintza zabala ere. Legazpin informazio eta sorpresa gehiago ere emango ditugu.
Ez da ohikoena gazte antolakundeen ekitaldi bat musikari beterano baten kontzertuarekin borobiltzea. Zer hausnarketa dago erabaki horren atzean?
E.C.: Benito Lertxundi guretzat Euskal Herriko erreferentzia musikal handienetariko bat da, hamarkada luzetan mantendu dena, eta Euskal Herriko belaunaldi ezberdinekin konektatzen duena. Ildo sozialistaren barruan, kulturaren inguruko lanketa ezberdinak zein hausnarketak egiten ari gara, eta aukera hau agertu zenean, aurrera egitea erabaki genuen. Guretzat oso egun berezia izango da, belaunaldi askoren arteko konfluentzia puntua izango baita kontzertua, eta aberasgarria izan daitekeelakoan gaude.
Zer moduz doa sarrera salmentan? Noiz arte eros daitezke aurrez?
N.M.: Sarreren salmenta erritmo onean doala esan dezakegu. Duela 2-3 aste jarri genituen salgai, Internet bidez entradium.com helbidean, eta fisikoan Legazpin (Katilu, Gurrutxaga eta Karibe Zaharra tabernetan) eta Urretxuko Berit tabernan. Printzipioz, aurre salmenta larunbata arte egongo da (25 euro), eta egunean bertan Urbeltzeko leihatilan egongo dira (27), baldin eta lehenago agortzen ez badira.
Deialdiren bat egin nahi al duzue jendea anima dadin?
E.C.: Benito Lertxundiren kontzertu bat ez da maiztasun handiz ematen den ekimen bat, eta Goierrin egiteak garrantzi handia du guretzat. Ildo sozialistaren ingurutik haratago, pertsona oro, gaztetxoenetatik helduetaraino, gonbidatu nahi dugu. Alde batetik, Topagunearen nondik norakoak partekatzeko, eta bestetik, generazio ezberdinen elkargune izango den kontzertu berezi horretarako. Ildo Sozialistaren praktikara hurbiltzeko eta Euskal Herrian dugun erreferente musikal handienetariko batez disfrutatzeko aukera izango dugu. Ez da plan hoberik igande baterako!
Topagunera joateko bono orokorrak ere salgai dituzue.
N.M.: Urtarrilaren bigarren astetik daude salgai Legutiora bertaratzeko bono orokorrak. Goierriri dagokionez, bono orokorrak Arrese tabernan (Zaldibia), Haka tabernan (Ordizia), Karibe Zaharrean (Legazpi), Osaban (Urretxu) eta Xaloan (Idiazabal) daude eskuragarri.