Axier Iriondo
Urtebete egin nuen, Arrasaten, ingeniaritza teknikoa ikasten. Sei ikasgai genituen lehenengo urtean: kalkulua, aljebra, fisika, kimika, marrazkigintza teknikoa eta ekonomia. Bigarren mailara igarotzeko baldintzak zein ziren ez dut gogoratzen, baina, lehenengo mailan mantendu ahal izateko, ikasgai zail bat eta ikasgai erraz bat gainditu behar ziren, gutxienez. Kalkulua, fisika eta aljebra, uste dut, zirela zailak. Gainerakoak errazak. Bi erraz soilik gainditzeak ez zuen balio ikasketa horiek egiten jarraitu ahal izateko. Hala ere, ez zen hori baldintza bakarra, gainera, ikasgai guztien noten baturak, bergutxienez, 18koa izan behar zuen. Ikasturtearen bukaeran, kalkulu handirik egin beharrik ez nuen izan.
Wikipedian uste dut irakurri nuela zientzialariak «zergatik?» galdetzen duela eta ingeniariak «zergatik ez?». Polita iruditzen zait. Berriro ahalegintzeko gogoa ere pizten dit.
Ez dakit zuen seme-alaben adina zein den eta etorkizuneko ikasketen inguruan pentsatzen aritu diren edo, dagoeneko, etorkizuneko ikasketetan dabiltzan. Ez dakit Goierri Eskola, EHU edo beste zentroren batzuetako ate irekietara joan beharrik egokitu zaizun. Zer ikasketa daude bogan? Niretzat aholkurik bai? Adinari dagokionez, gaur egun, zahartxoagoak ere badabiltza, ala? Erretiroa hartu eta, edozein motatako ikasketetan, izena gero eta gehiagok ematen omen du. Zergatik ez?
Aitor Calvillo
Bada ni ere ez naiz ingeniaria izateko jaio. Eta egia esan, behin Informazio zientzietan lizentziatu ondoren, burutik ere ez zait pasatu beste ikasketa bati heltzea. Eta zuk egindako deskribapena aintzat hartuta, are gutxiago oraindik. Ingeniaritza? Zergatik ez? Bada esate baterako CAF lantegiko tailerrak ingeniariz beteta omen daudelako. Bai, bai! Zuk gainditu ez zenuen lehen ikasturte horretako galbahea pasatu, hainbat urte eman ikasi eta ikasi, titulua eskuratu eta lantokiak ingeniariz beteta daudela esateko.
EHUn lizentziatu nintzen bai, baina lanbidea ikasi hortik kanpo egin nuen. Entzerronak, giza-kateak, irakaslerik gabeko eskolak, irakaslea ezagutu gabeko ikasgaiak, fakultateetako jaiak, zinpeko zaindarien ukituak…, bizitza berari buruzko lezio ederrak ikasi genituen bai 5 urte horietan. Baina azken batean merkatuak jarri gaitu bakoitza gauden tokian, nire kasuan euskara eskolak ematen, alegia!
Eta semeari zer? Ez da erraza. Berak gustukoa duena egiteko esango diogu ziur aski. Baina gizarteko baloreak ahaztu gabe. Grebak zergatik eta zertarako egiten diren azalduz, transmisio hori ziurtatuz, formazioa garrantzitsua dela baina horrek ez dizula hilabete amaierako soldata ziurtatzen esanez…
Eta amaitzeko, erretiroa hartu diozu? Martxa honetan sekula jubilatuko ez garenaren sentsazioa badut nik behintzat! Are gehiago pasa den asteko greba dela eta kalean langile askok «zergatik?» galdera behin eta berriz egin ostean. Ez omen da momentua! Greba egiteko beharrik ez da sumatzen! Arrazoi politikoak dira eta ez sozialak! Eta hamaika halako entzunda, a zer etorkizuna utziko diegun gure seme-alabei!