Kaldereroen festa egingo dute bihar Ordizian. XIX. mende bukaeratik dator, eta galduta egon bazen ere, azken urteetan indarra hartzen ari da.
Ijito jantziak, lapiko eta mailuen hotsa, gurdiak eta jai giroa. Gipuzkoako hainbat herritan mantentzen den inauteri aurreko tradizioa da kaldereroena. Donostian, Tolosan edo Ordizian eutsi diote, besteak beste. Ehun urtetik gorako ohitura horrek, gorabehera ugari izan ditu, ordea. Mende hasieran festa handia izatetik, diktadura garaian galtzear izan zen hainbat tokitan. Ordizian, 80ko hamarkadan hasi ziren berreskuratzen, eta azken urteetan, indar handiagoa hartzen ari da.
Festa horren jatorria geroztikoa bada ere, ijitoak aspalditik izan dira gure artean. XVI. mendean, esaterako, Urretxuko nahiz Ordiziako udal agirietan egiten zaie aipamena. 1541. urteko ekainean, alkatearen aginduz, bi erreal eman zizkioten Ordizian kokalekua hartu zuen ijito talde bati, herritik alde egitearen truke. 1865ean, Ataungo udalaren eskariz, Gipuzkoako Batzar Nagusiek lurraldean bizi ziren ijitoen zentsoa egin zuten.
Berez nomadak ziren ijito haiek, hainbat herritan finkatu egin ziren, eta baita euskaraz ikasi ere. Euskara eta haien jatorrizko hizkuntzaren nahasketatik sortutako erromintxela da horren adibide.
Festaren jatorria
Inauteri aurreko kaldereroen festak, berriz, XIX. mende bukaeran izan dezake jatorria. Donostiako kronikek jasotzen dutenez, 1884. urtean, Kandelario egunez, ijitoz eta zingaroz osatutako lehen konpartsa atera zen, Union Artesana elkartearen ekimenez. Ordiziara ere laster zabaldu zen ohitura, eta badaude XX. mende hasieran kaldereroen festa ospatzen zenaren lekukotasun grafikoak.
Itsasondo izan zen ijitoek bizitzeko aukeratutako beste herrietako bat, eta hortik datorkie itsasondoarrei ijito ezizena. Gertaera haren omenez, kalderero festaren baliokide den Ijito Eguna ospatzen dute.