Ahobizarrik gabe hitz egiten du Joxe Bikuña Agirrek (Ataun, 1935). Herriaz, historiaz, politikaz. Elizaren dena bereganatu nahiak sinistun den neurrian eragiten dion higuinaz. 85 urtek damaioten talaiatik —hil honen 27an beteko ditu—, bizi esperientzia aditua eta aritua du. Herdoilik gabe mintzatu ere, euskara garbi, jori eta landua lagun. Auzalana, Ataungo hizkeran ebakia, du dotrina. Horrenbeste lan eginaren aitortza egingo diote herriak eta herritarrek, otsailaren 29ko omenaldian. «Buelta» emango diola aurreratu du, ordea: ‘ni’ singularra ez du entzun ere egin nahi. Auzolana, nahi adina.
85 urte, bada zerbait.
Ez da iruditzen asko denik. Nola ez den jakiten aurretik zenbat izango diren… Ni Ataunen jaio nintzen, San Martingo Okarizti baserrian. Zortzi senide izan gara, hiru neska eta bost mutil. Ni zaharrena. Arreba bat hilda dugu, eta zazpi bizi gara.
Zer eskolatze izan zenuen?
Eskola Nazionaletan ibili ginen, habla en cristiano eta euren historiekin. 9 urterekin Beasaingo Salesianoetara joan ginen, Lasallera. Orain bezalako erraztasunik ez, eta gure aitak 18 urterekin erosi zuen Alcyon bizikletan joaten ginen. Atzeko parrillan hartu saski txikia bazkariarekin, eta han berotzen ziguten. Hiru urtean ibili nintzen.
Ataunen umeak fraide eta moja bidali zaleak ziren. Zu ez?
Baita ere. Herrian izan zen mugimendu bat seminariora joatekoa, eta hor ere sartu ginen. Elkarrekin bederatzi lagun joan ginen gu, 12 urterekin, Saturraranera. 16rekin atera nintzen. Ez daukat batere penarik han ikasitakoarenik. Bestela, Ataunen eta inguruan ikasteko bideak mugatuak ziren; gu bezalako batek unibertsitatera joateko ez zeukan ametsik egiterik.
Zer moduzko haurtzaroa izan zenuen?
Haurtzaroko oroitzapen txarrik ez daukat. Bakar-bakarrik, Eskola Nazionalera joan beharra zegoela. Goizean, lehenengo lana izaten genuen formatuta jarri, Viva España kantatu eta Espainiako bandera balkoira ateratzea. Bi alditan piper egin genuen. Arabar bat genuen maisu; 30 urte edo gehiago bizi izango zen Ataunen, eta ez zuen euskaraz ikasi. Baina nire gustukoa zen, esperimentuak egitea gustatzen zitzaion eta.
Eskola hura Ataungo haur batentzat beste mundu batekoa izango zen, ala?
Bai, erabat desberdina. Komunera joateko baimena nola eskatzen genuen akordatzen naiz oraindik: Has ustes fabor de mi erretrete?. Ez genekien zer esaten genuen ere. Gure ikasketa mehea izan zen.
Gerra ondorena, gainera.
Ni gerrarekin ez naiz oroitzen, baina ondorenarekin bai. Osaba bat genuen, preso 8 edo 9 urte pasatu zituztenetakoa. Osaba ea etortzen ote zen nola egoten ginen oroitzen naiz, Estellesa autobusaren zain beheko izkinara aterata. Gure aita ez zuten bere garaian eraman, ama alargunaren semea zelako; geroago eraman zuten.
Seminarioan zer ikasi zenuen?
Profesoreak behintzat oso onak eduki genituen, jatorrak. Dantzan erakutsi ziguten, kainaberarekin arrantzan, neguko gau garbietan firmamentua erakusten ziguten, konstelazioak eta izarrak… Jan aldetik urte gogorrak izan ziren. Morokila ematen ziguten gosaltzeko; kurtsoko 90 mutikoak prakak eskuetan genituela ibili ginen, egundoko beherakoarekin. Inguruko baserrietako ogi-labeetan artoa erre eta uresnearekin nahastuta ematen hasi zirenean, asmakuntza ona egin zuten. Ondarroa gertu zegoen, eta arraina ez zen falta izaten. Oliorik ez zegoen ordea, eta egosita jan behar, grazirik gabe.
Olioa, ‘urre likidoa’ omen dena.
Orduan ere hala zen. 9 urte neuzkala, etxean Kaxetara bidali ninduten litro bat olioren bila. Kontrabando garaia zen, eta ez zen nonahi egoten. 80 pezeta kostatu zen, kristoren dirutza. 1950 ingurua zen.
«Gu bezalakoak unibertsitatera joateko ez zeukan amesterik. Bideak mugatuak ziren»
«Jaiak baliatzen ziren hartu-emanak egiteko. Orduan, garrantzi handia ematen genien»
«Kontsumoak, askatu baino gehiago, lotu egiten gaituela uste dut»
Elizgizon segitzeko bokaziorik ez al zitzaizun piztu?
Desilusio batzuk izan nituen. Behin, esnea ekartzen zuen Ondarroako kamioneta bidean pasatu zen, eta zera esan nion aldamenekoari: ‘Bazetorrek gure letxeroa, etxando letxes’. Irakasle batek aditu —gehienak jatorrak, baina txintxeak ere baziren tartean—, eta Urbanidadean zero jarri zidan. Hura hala baldin bazen, beste gauza bat probatzea erabaki nuen.
Jakin-mina eta ikasteko gogoa beti izan dituzu?
Bai. Teknika aldetik gehiago, beste edozertan baino.
Euskal kontzientziarik bazen? Gehiegirik, ez. Gu ez baikara gure historiaren jabe izan, eman digutena Espainiako historia da. Bertakoa ez dugu gerotxoagora arte ezer jakin.
Noiz hartu zenuten herri kontzientzia?
17 edo 18 urte genituela, Herri Gaztedi sortu zen, Elizaren inguruko mugimendua. Gure sinismena herriminarekin lotzea zen haren helburua. Lan handia egin zuten Jose Zamora batek, haren anaia Balentin Zamorak… Balentinek esan zigun: «Nire egitekoa zuei harra sartzea da». Egia da, sartu zigun.
Zeren harra?
Gure eginkizuna, sinismenarena, ez zela elizan egotea, baizik hori kanpoan demostratzea: bizi ginen lekuan, herrian, hango beharrei erantzuten eta. Hori zen teoria. Garai hartakoak dira Arantzazura gaueko ibilaldiak ere; hamar mila lagun elkartutako urteak baziren.
Harremanak egiteko bidea jartzetik hasi beharra zegoen?
Bai. Jaiak eta horrelakoak aprobetxatzen ziren lagunekin hartu-emana izateko eta gora-behera horietarako. Orduan, garrantzi handia ematen genien festa-egunei eta horiek antolatzeari. Oso xeheak ziren, San Luis egunean igel karrerak eta…
Igel karrerak?
Karretillan hartu igel mordo bat, eta ea zein ailegatzen zen bukaerara, jarritako guztiekin. Aurreragotik Intxusti iturriko siratsera joan ginen, igel bila. Mordo bat hartu, eta goroldio artean eduki genituen hurrengo asteko karrerara arte. Eguna ailegatu zenean, salto egiteko ez baina, egoteko hobeak zeuden! Salto egiten ez zutenez, jendeari botatzen genizkion.
Bizikleta-karrera ere izaten zen. Praka motzak jantzitakoan, hanka koloredunik ez zen ikusten orduan, txuri-txuriak. Kafearekin eta txikoriarekin belzten genituen, itxurak egiteko. Izerditutakoan, goitik behera joaten zen arte. Dena barre eragiteko bidea izaten zen.
Helduaroan jada, Euskal Herriko gatazka garaietan eta, zuk beti jarrera humanista hartu izan duzu.
Horrek ez dauka niregan meriturik, ikuspegi eta helburu horiek niregan sartu zituztenek baizik. Gainontzean, beste edozein herritar bezalaxe ibili naiz. Egin ditudan gauzak egin ditut, nik ikusten nuelako egin behar nituela. Zeren, beste printzipio bat bada hor: ikusten dituenak egiten ez baditu, ikusten ez dituenak ez ditu egingo. Hemen, azken urteetan, mugimendu klase asko izan dira: Elkarri, gero Lokarri, Gure Esku Dago ere bai… Zerbait egiteko asmotan ibili naiz ni beti.
Ikastolen mugimenduan ere ibili zinen.
Ataunen, garai batean, nola-halako eskolak piloa zeuden: San Martinen bi, Arrondon bat, San Gregorion beste bi, Ergoienean, Aian… Era horretara ez zegoen behar bezalako irakaskuntzarik eta heziketarik ematerik. Ikastolen mugimendua Lazkaotik etorri zen, Jaxinto Fernandezekin –Fernandorena aldatu zuen gero–. Lehen arazoa zen gurasoak konbentzitzea, eta gero toki egokia bilatzea. Borroka izan genuen hemen; alkatesa bat egon zen, maistra zena, eta hark ahalegin guztia Eskola Nazional berria eraikitzeko egiten zuen. Azkenean, hamaika buelta egin eta gero, mojekin eta Patronatuarekin tartean, lortu zen herri eskola.
Gaur egungo herri eskola ikusitakoan, zer sentitzen duzu?
Asko kostatako pausoa izan zen. Baina orduan ikastolekin egin zen borrokak ez dut uste gaur jarraitzen duenik. Dirua bildu behar izaten genuen, irakasle tituludunak eta euskaraz zekitenak aurkitu eta ekarri, eta izugarrizko lana zegoen. Orain ez daukagu halako ezer egin beharrik, eta gauza bat gertatzen da: borrokaria aurrean jartzen zaigunean borroka egiten dugu, baina borrokari hori ikusten ez dugunean, asko galdu egiten da.
Baina amets asko lortu direlako ere bai, ezta?
Bai, baina gauzak errazteak betiko alde onak eta txarrak ditu. Erraztasuna, alde batetik; baina, beste aldetik, erlaxatzea.
Gizartea edo herria bareegi, mantsoegi dagoela iruditzen zaizu?
Niri baietz iruditzen zait. Garai hartako eta oraingo zirkunstantziak eta ikuspegiak desberdinak dira. Ataunen, orain, hogei-bat irakasle daude eskolan. Lehenago, herrikoak ziren franko. Baina orain herrikorik ez dut uste bakar bat dagoenik. Hori bai, baten batek badauzka poxpoloak piztuta; ur putzuarekin egiten ari direna, edo Santa Ageda bezperan kantuan San Gregoriora ere joatea, norbaiten inspirazioa izan dira.
Gaur egun, ataundarrak eta goierritarrak jakitun ote gara nondik gatozen?
Ez, gehiegi ez. ‘Iragana aztertu, etorkizuna antolatzeko’, esan ohi da. Ez dakit gehiegi begiratzen ote zaion, baina hori egitea beharrezkoa da. Denok daukagu buruan zerbait gehiago nahi dugula, daukaguna baino gehiago. Eta gehiago hori, gaur egun, kontsumoa da, gehien bat. Horrek askatu baino gehiago lotu egiten gaituela uste dut.
Omenaldia egingo dizute otsailaren 29an Ataunen. Zer moduz hartu duzu?
Horri buelta ematea pentsatzen dut. Gure lehenagokoek singularra gutxi erabiltzen zuten. ‘Ni, ni, ni’, hori oraingo gizarte honetan sartu digutena da. Baina gaur egun ere auzalana izugarri egiten da. Lehen errekak garbitzea, bideak txukuntzea, baserritar batzuek besteei laguntzea… izaten zen. Orain, hasi erakunde, zinegotzi, komisio, elkarte, soziedade, lagun talde eta horiek denek egiten dutena ere niretzat auzalana da. Herritarrek herritarrentzat doan egiten duten edozein ekintza baita auzalanaren esanahia.
Auzolana egiten da, beraz?
Uste baino gehiago. Gure herrian auzolanean zenbat ekintza egiten diren azaltzea pentsatzen dut omenaldian. Asko dira. Horrek adierazten du gure herria bizirik dagoela; eta, gainera, gure herrian bizitzea merezi duela. Eskerrak ematearenari buruz, bati ematea injustua da. Horiei denei eman behar zaie, hori da planteamendua.
Bizitzan zauden talaia horretatik, baikorra zara?
Bai. Nahi hainbeste ez da izaten. Baina pentsatzen dugu oraingo gazteak direla biharko etorkizuna, eta ahalegintzen gara horiek herrian integratzen, mugimenduetan sartzen. Badakigu gaur etsai asko dagoela kontra: erosokeria, indibidualismoa, egoismoa… Baina ari dira gazteak lanean. Itxaropenerako ere badaude motiboak.
Batzuk aipatzeko?
Hemen Irakurle Taldea dugu. Hamabi-bat lagun elkartzen gara, baina garrantzitsuena da kolore desberdinetako jendea elkartzen garela. Beste gauza bat izugarrizko arrakasta jotzen dudana, korua da. 30 lagun gaude, astero ordu eta erdi elkartzen garenak, eta hor ere ideia eta pentsamendu desberdinetakoak gaude.
Ataunen egon da, eta badago oraindik, asko mugatzen duen barrera bat: batek egiten badu gauza bat, besteak ez dira joango. Elkarri lagundu beharrean, oztopatu. Hala ere, eta hau ere esan behar dut, hemen azken aldi honetan pauso bat garrantzitsua eman dute bi alderdi politikoek, Ataunen arazoei elkarrekin erantzuteko hitzarmena eginda.