Aitor Calvillo
Bat eta Bat, honela eman ditugu Axier jada 5 urte. Goierri garaikoa bata eta behealdekoa bestea. Bat bertso eskola batekoa eta bestekoa bestea, bat euskara aholkularia eta gauza bera bestea, bat euskara eskolak emanez eta beste bat gauza bera eginez. GoiBerri-k batu gintuen eta bat-batean baita banandu ere. GoiBerri berria aurrera eta gureak akabo! Makina Bat eta Bat-eko idatzi ditugu eta azkenak ere zerbaiterako balioko ote do! Honatx Euskadi Gaztean etenik ez duen saio batean Maialen Arzallusek bat eta bat bertsoz esandakoa: «Ateak nahi ditugu dotore eta apain, kale denak garbi-garbi eta lore usain, eta ohiturak aldarazteko ez garelako gai, besteek zikintzen badute bada nik ere bai, bete zabortegiak eta egun batean ai! Zertan ari gara agintarien zain, erantzukizunik ez badute hartzen euren gain, txosten zaharren zikin izpiak zertara datoz orain. Zabortegiko zabarkeriak nola garbitu orain! Langile soila da baina ez da edonor, horrela hondoratuta ezin da utzi inor, ahotik ere bota daiteke nahikoa zabor! Nik ez dut nahi errudunik, izen eta abizen, nahi dut lan egitea gorpuak aurkitzen, eta ez denbora galtzea eskuak garbitzen». Ufffff! Hitz gutxitan zenbat gauza! Izan ere bertso soil batek inguruko egunkari ezagun baten 10 orrialde bezainbeste eman baitezake. Baina hauteskundeak ate joka ditugu berriro ere, eta herritarron osasun kontuak bi Teleberri besterik ez du iraungo. Eta eskerrak tartean Eibar eta Realaren arteko partida bertan behera geratu denik. A ze hondamendia! Kiniela, porra, kirol apustu makinak… aire neurketa hutsal batzuen erruz eguneroko errutinak bertan behera utzi behar. Akabo mundua! Norberak aterako ditu kontuak baina garbi dudan gauza bakarra da norbanakoak gauzak ongi egin arren, beste makina baten zikinkeriak eta zabarkeriak arnastu eta irentsi beharrean gaudela, hemendik eta bizi garen artean. Nire aldetik osasunik onena opa diot eraberrituta jaioko den GoiBerri-ri eta zuri Asier zer esan, bada plazer bat izan dela Bat eta Bat-ekoa elkarrekin partekatzea, eta aurrera begira elkarri ere zer esana izango dugulakoan…
Axier Iriondo
Oskorrik Hauxe da despedidea izenburupeko kontzertuekin eta diskoarekin bukatu zuen bere ibilbidea. Maurizia Aldeiturriaga zeberioztarraren ahots sudurkarian ezagun egin zen leloa, ordea, txokokeria iruditu zitzaion Ibon Sarasolari, Oskorriren oihartzun nazionala aintzat hartuta. Agurrean dena eta denentzakoa asmatzea ez da erraz izaten.
Trikitixa baina, txokotik txokora, nazional bihurtu da. Euskal Herriko txapelketan azken urtea zuela eta, Tuterako osabak, ilobaren artea ezagutu nahi, eta, bi ordutik gorako bidaia egin zuen autoan. Zaldibarrera joan beharrean, ordea, Zaldibiara etorri zen, eta akatsaz ohartu zenerako, txapelketa bukatuta zegoen. Ilobak ere ez zuen nahi bezalako despedida izan, lehenengo aldiz bere osaba maiteenaren aurrean joko zuelakoan baitzegoen.
Ez dakit nork hartuko zuen arnasa estuago, osabak Zaldibian edo ilobak Zaldibarren, joan den abenduan gertatu baitzen, eta orduko dioxinen neurririk ez dakigu. Eskerrak GoiBerri-k bere bidea garbi duen, eta martxoan arnasberrituta iritsiko den. Bitartean, Instagramen egongo gara, Aitor.