Jose Mari Telleriaren (Ataun, 1953) bi pasioak izan dira ehiza eta arrantza. 40 urte baino gehiago daramatza Aitz-Zorrotz elkarteko bazkide izaten, eta lan eskerga egin du gazteen artean ehizarako eta arrantzarako zaletasuna sustatzen eta ingurumenaren mantentze eta biziberritze lanak kudeatzen. Aitz-Zorrotz elkarteko ohorezko kide izendatu berri dute egindako lana eskertzeko.
Ohorezko kide izendatu zintuztenean, zer sentitu zenuen?
Eskerrak eman ere ezin izan nuen egin, egoerak gainditu egin baininduen. Niretzat oso handia da Aitz-Zorrotzeko ohorezko kide izatea, eta benetan hunkitu nintzen. Gainera, ez nekien ezer, eta sekulako ezustekoa izan zen: administrazio batzarretik une batean kanpora irteteko eskatu zidaten, eta itzuli nintzenean esan zidaten aho batez onartu zutela ohorezko kide izendatzea.
Nolatan bihurtu zinen Aitz-Zorrotz elkarteko bazkide?
Lagunak nituen elkartean, eta haiek animatuta sartu nintzen, duela 44 urte. Hasieran federatu gisa, eta geroago egin nintzen elkarteko bazkide. Halere, hasiera-hasieratik ibili naiz zuzendaritzakoei laguntzen. Asko gustatzen zait antolaketa lanetan ibiltzea, eta zuzendaritza aldatu arren, ni beti egon naiz laguntzeko prest.
Goierriko ibaiak eta errekak birpopulatzen urte askoan ibili zara. Nola egiten zenuten?
Garai batean Gipuzkoako Foru Aldundiak amuarrainen arrautzak banatzen zizkigun kutxa batzuetan, eta geuk jartzen genituen errekatxoetan; urte hasieran jartzen genituen gutxi gorabehera, baina neguko euriteen erruz ibaiak hazita jaisten zirenean arrautza guztiak eramaten zituen. Alebinekin gerora hasi ginen. Hauek ez dira arrautzak, hilabeteko arraintxoak dira. Ataungo baserrian hazten genituen, dolare txiki batean. Momentuan bazirudien emaitza hobeak lortuko genituela, baina ez da hala izan.
Hobekuntza handirik ez dakit lortu dugun, baina ahalegina handia izan zen. Denborarekin ikusi dugu kanpoko amuarrainak ez direla ongi egokitzen beratako uretara, eta bertako amuarrainak izan behar duela.
Gaur egun debekatuta dago kanpoko amuarrainak sartzea, ezta?
Arrantza elkarteei ez digute uzten, erabat debekatuta dugu. Foru aldundiaren ardura da.
Ondoriorik badu horrek?
Gipuzkoako ibai guztietan heriotzarik gabeko arrantza egiten da ea amuarrainak aurrera ateratzen diren. Baina nik uste dut horretarako jana falta zaiela, ibaiak ez baitu lehen bezala jatekorik ematen.
Zer jaten dute?
Eltxoak eta zomorro txikiak. Adibidez, lehen erreka ertzetan har asko ikusten zen harri tarteetan, eta orain bat bera ere ez. Berdin izkirekin: harri bat jaso eta asko topatzen zenituen, baina orain… Horrek zerbait esan nahi du, errekak bizia galtzen ari direla.
«Oso handia da Aitz-Zorrotzeko ohorezko kide izatea, eta benetan hunkitu nintzen»
«Amuarrainei dagokienez ezin gara kexatu. Beste bat da arrantzaleen egoera»
«Ehizarako afizio handiagoa dago arrantzarako baino, baina egoera zail ari da jartzen»
Goierriko ibaien egoera nolakoa dela esango zenuke?
Lehen oso gaizki zeunden ibaiak hobetu egin dira, baina ongi zeudenak txartu. Berdindu egin dira guztiak baina, zoritxarrez, beheraka.
Etorkizunari begira ezkorra zara?
Oria ibaia duela 30 urte aparrez beteta jaisten zen, erabat kutsatuta. Esan nuenean Igartza parean txapelketa bat egingo nuela noizbait, inork ez zidan sinetsi eta barre ere egin zidaten. Orain, badaude puntuak poliki daudenak. Hemen, amuarrainei dagokienez, ez gaude kexatzeko moduan. Goierri garaiko ibaietan ere dezente daudela diote.
Beste bat da arrantzaleen egoera: hil gabeko arrantza dagoenez jendea uzten ari da. Bereziki, jende heldua. Teknika bereziak jakin behar dira heriotzarik gabeko arrantza praktikatzeko, eta zailagoa da.
Asko aldatu da arrantza? Teknikak asko garatu dira?
Ni hasi nintzenean amuarrain gehiago zegoen. Gogoan dut bakoitzak hogei amuarrain harrapa zitzakeela, eta egun hiru. Eta erreka txikiak debekatuta daude arrantza egiteko.
Ohiturak eta sistemak ere asko aldatu dira. Lehen nekezago egiten zen arrantza, eta ibaiaren arabera posible zen ezinezkoa izatea. Orain, latigoarekin askoz ere arrantza gehiago egiten da, arrainak errazago engainatzen direlako. Halere, gehiengoa bertan uzten da, lehen ez bezala.
Goierriko zein puntu da egokia arrantzarako?
Oria asko hobetu da, baina lehen Agauntzan, Ataunen, asko egiten genuen. Zaldibia ere toki aproposa da.
Kanpora joaten garenean Ozetara, Arabara, joaten gara. Arrantzale asko joaten da bertara, urtegia gertu du eta arrain asko egoten baita. Izaba aldera ere joaten ginen.
Gazteak ibiltzen dira arrantzan?
Arrantzarako afizioa asko galdu da. Beasaingo festetan Igartza inguruan antolatzen dugu txapelketa bat beraiek ere har hori sartzeko, baina asko azkar aspertzen dira. Hamar minutuan ez badiete ezerk heltzen, kexaka hasten dira. Pazientzia behar da arrantza egiteko. Gutxienez, jarraitzen dutenek heriotzarik gabeko arrantza oso barneratuta dute, eta hori positiboa da.
Arrantzak zer dauka zu horrenbeste erakartzen zaituela?
Oso lasaigarria da. Egunerokoak eragiten dizkigun estres eta tentsio guztiak mozteko balio dit. Zentzumen guztiak bideratzen ditut: ea zerbait entzuten duzun, zerbaitek ukitzen zaituen… susto ederrak hartu ditut erabat sartuta egoteagatik.
Arrantza bakarrik ez, ehizan ere jarduten duzu.
Mendira joateko aitzakia bezala hasi nintzen ehizan. Askotan itzuli naiz etxera tirorik egin gabe, baina gozatu egiten dut mendiarekin, hegaztiekin…
Ehizarako afizioari eusten zaio?
Arrantzarako afizioa baino gehiago dago, baina zail ari da jartzen. Ehizarako hiru aukera daude hemen: uso edo birigarro pasea, oilagorra, eta basurdea eta orkatza. Ez dago besterik; Goierrin eskopeta asko dago baina toki eta aukera gutxi, eta zozketak horregatik egiten dira.
Basurdea eta orkatza ugari dago, ezta?
Garai batean orkatzak birpopulatzen ibili ginen, eta orain gehiegi daude. Ia-ia izurritea direla esan daiteke, artzainei kalteak eragiten baitizkie.
Arrainez gain, orkatzak ere birpopulatzen ibilitakoa zara?
Mendian itxitura batean izaten genituen kumeak aklimatatzeko eta prest zeudenean aske uzten genituen. Artzain gutxi dagoenez, mendiak ez daude zainduta eta sastraka asko dute: hori jaten dute orkatzek, eta harrapakaririk ez dutenez, asko ari dira ugaritzen.
Ehiztariek eta arrantzaleek biodibertsitatea hauspotzen lan asko egin duzue.
Arrantzalea eta ehiztaria izan arren, ekologista naizela esaten dut beti. Gu izaten gara debekuak proposatzen dituztenak, populazioa gutxitzen doala guk ikusten dugulako. Sagar ustelak bezala, beti egongo neurriei jaramonik egiten ez dien arrantzale edo ehiztari bat, baina gehiengoak ingurumena errespetatzen du.