Pote filosofikoek hausnarketa eragin nahi dute, baina lagun giroan. Lazkaon bakardadea landuko dute.
Azkar eta erraz konpontzen dute askok mundua ukondoa tabernako barran iltzatuta eta tragoa eskuan. Tabernetako filosofoak. «Gure asmoa ez da hori, baina antzeko zerbait da», dio Itsaslore Yarza (Gallarta, Bizkaia, 1982) filosofia irakasleak, barre artean. Pote filosofikoez ari da, Beñat Esnaolarekin (Orendain, 1994), Alba Garmendiarekin (Ikaztegieta, 1992) eta Mikel Urdangarinekin (Beasain, 1994) batera abiatu duten ekimenaz. «Taberna batean elkartzen gara, eremu informal batean, eta inguruko eta garrantzizko gaiak jorratzen ditugu hausnarketa eragiteko», azaldu du beasaindarrak. Lehen topaketa duela hilabete egin zuten Tolosako 3 tabernan, eta orain Lazkaon elkartuko dira: asteazkenean, otsailaren 26an, Gerriko elkartean 18:30etik 20:00etara. «Tolosaldean eta Goierrin txandaka ibiliko gara».
Lazkaoko saioan bakardadeaz hitz egingo dute. Bakardadea: aukera ala kondena? izenburua jarri diote. «Gaia beti galdera batekin mahai gaineratzen dugu, eztabaida irekitzen duelako», azaldu du Garmendiak. Ula Iruretagioena arkitektoak eta EHUko irakasleak kultura afektiboaren arkitekturaren inguruko hitzaldi bat emango du, eta jarraian, eztabaida hasiko da; Pote filosofiko guztietan errepikatzen den formula da hitzaldiarena eta ondorengo eztabaidarena.
«Eztabaida irekia eta inprobisatua da. Badaezpada, guk aurretik prestatuta eramaten dugu gidoi bat eztabaida trabatu egiten bada, baina soilik behar izanez gero erabiltzen dugu», nabarmendu du ikaztegietarrak. Saioak «irekiak» direla behin baino gehiagotan nabarmendu dute antolatzaileek, iritzi ezberdinen arteko nahasketa sustatu nahi baitute. «Oraingoz ez da inor sutu, baina gerta liteke. Halere, klima lasai batean egoten garenez, jendea lasai egoten da eta ez da eztabaida berotzen», aipatu du Yarzak.
Emozioak, halere, azalera daitezke. «Noski baietz! Azken finean, normala da amorrutik edo tristeziatik hitz egitea eta posible da norbaiti barrenak nahastea. Bizitza ere halakoa da, eta beti lasaitasunetik erantzutea ezinezkoa da» hasi da bizkaitarra. «Bilbon antolatu genuen pote filosofiko batean heriotzaren gaia atera zen, eta parte hartzaileak hunkituta atera ziren», gogoratu du.
Hizketan, ausartenak
Adituak hitzaldia amaitzen denean sortzen den isiltasunari aurre egitea ez da erraza. «Eztabaida hasten dutenak ausartenak izaten dira», aipatu du Urdangarinek. «Gogoz hartzen dute, eta beraiek zabaltzen dute eztabaida. Behin hasita, errazagoa izaten da parte hartzea».
Halere, jendaurrean hitz egitea kosta egiten zaionik ere badago. «Tolosako saioaren balorazioa egiten ari ginenean parte hartzaile batek aipatu zigun hitz egin nahi zuen arren, talde handian egitera ez zela ausartu, eta errazagoa izango zela talde txikietan banatuta egitea». Hori dela eta, Lazkaoko saioan talde txikietan banatuko dira eztabaidarako. «Gu ere hasi berriak gara, eta prozesuan ikasten ari gara». Isilik geratzea, ordea, baleko aukera dela argi utzi nahi dute. «Badakigu jendea entzule gisa etorri zela Tolosara. Parte hartzeko beste aukera bat da», esan du Urdangarinek.
Alba Garmendia: «Eztabaida irekia eta inprobisatua da. Gidoia soilik behar izanez gero erabiltzen dugu»
Mikel Urdangarin: «Eremu informal batean elkartzen gara garrantzizko gaiak jorratzera eta hausnartzera»
Itsaslore Yarza: «Normala da amurrutik edo tristeziatik hitz egitea. Bizitza ere halakoa da»
Antolatzaileek ere espero ez zuten arrakasta izan zuen Tolosako topaketak. «makro-potea izan zen», dio brometan Yarzak. «Dozena bat edo hamabost lagun espero genituen, baina azkenean taberna bete egin zen», zehaztu du Urdangarinek. «Ea datozen topaketetan zenbat elkartzen garen!», dudatan jarri du beasaindarrak.
Askotariko jendea elkartu zen urtarrileko topaketan, gazte zein heldu. «Gehiengoak filosofiarekin nolabaiteko harremana zuen. Ikaslea edo irakaslea zen edo gaiak interes berezia pizten zion. Zaila da, baina Pote filosofikoen helburuetako bat filosofia gizarteratzea da. Ea lortzen dugun jende gehiagorengana heltzea», bota dute antolatzaileek. Ahalik eta erraztasun gehien jartzeko, antolatzaileek gogorarazi dute parte hartzeko ez dela inon izenik eman behar, nahikoa dela momentuan bertaratzea, eta filosofiarekin ez dela inolako lotura berezirik izan behar. «Etxetik ez da ezer eraman behar. Jarrera irekia eta potea hartzeko txanpon batzuk besterik ez», diote txantxetan.
Filosofia, bogan
Esnaolak, Garmendiak, Urdangarinek eta Yarzak, laurek, filosofia gertutik ezagutzen dute. Garmendiak Giza Zientziak ikasi zituen, baina filosofiaren inguruko doktoretza bat egiten ari da. Esnaola eta Urdangarin Filosofian graduatuak dira, eta Itsaslore Filosofia irakaslea da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan. «Oso esanguratsua da eskoletan ikasten diren filosofo guztien profila berdina dela: gizona, zuria, europarra eta jada hilda dagoena. Erakutsi nahi dugu filosofia zabalagoa dela», azpimarratu du.
Yarzak aipatzen duenez, filosofia modan dago ikasleen artean. Bere ikasle askok hautatu dute filosofia selektibitatean egiteko, eta inork unibertsitateko gradu bezala aukeratuko duenik ziur ez dakien arren, aipatu du unibertsitateak eskaintzen dituen plazak bete egiten direla eta, ondorioz, sartzeko nota urtetik urtera gora doala. Iaz, esaterako, 9,98koa izan zen EHUren Gipuzkoako Campusean filosofiaren gradurako onarpenerako gutxieneko nota; 2017/2018 ikasturtean, aldiz, 6,05ekoa. Bai Garmendia eta baita ere Urdangarinek bat egiten dute filosofia modan dagoenaren ideiarekin, beraiek ere sumatzen dutelako gazteek interesa dutela filosofian formatu eta gaiak sakon jorratzeko eta hausnartzeko.
Filosofian graduatuen egoera, ordea, ez da horren onuragarria. Gehiengoak irakaskuntza mundura eta ikerkuntzara jo behar izaten dute. Euren lana, gutxi ikusten da, eta gizartearen filosofo erreferenteak iraganekoak dira. «Filosofia zabaldu nahi dugu. 20:00etan saioa amaitu egingo da, baina lagun artean, lanean… jarrai dezatela buruari eragiten», amaitu du Urdangarinek.
Zumarragan kafearen bueltan elkartzen dira
Pello Biain Urola Garaiko Lanbide Eskolako filosofia irakasleak hiru urte daramatza Kafa filosofikoak antolatzen. Helburua bera den arren, formatua apur bat desberdina da: hitzaldirik ez da egoten eta taberna batean beharrean, Zelai Arizti kultur etxean elkartzen dira. Hori bai, kafe bero bat eskuetan. «Inguratzen gaituzten gai politikoez, erlijio gaiez, gai etikoez… hitz egin nahi du jendeak, baina ez daukagu foro egokirik. Inoiz baino behar handiagoa dugu halako gaien inguruan hausnartzeko, baina ez dago aukera askorik. Horregatik antolatzen ditut Kafe filosofikoak», esan zuen ekainean Gipuzkoako Hitza-k egindako elkarrizketa batean.
Kafe filosofikoena Frantziatik datorren joera da. Pote filosofikoen ekimena berria den arren, Itsaslore Yarza Bilbon eta Gasteizen jada parte hartutakoa da halako ekimenetan. Horiek ere arrakastatsuak zirela onartu du.