Bertako informazioa, bertakoen istorioak, bertakoek idatzita. Horixe da herri aldizkarien arrakastaren sekretua. ‘Goierritarra’ eta ‘Otamotz’ aldizkariek bere egin zuten orain hiru hamarkada gaur hainbeste aipatzen den 0 Kilometroa kontzeptua.
Hamarkada emankorra izan zen 1990ekoa euskal prentsarentzat eta euskararentzat. 1988ko abenduaren 2an sortu zen, Arrasaten (Gipuzkoa). Aitzindaria izan zen, eta jarraipena izan zuen berehala hainbat herri eta eskualdetan: 1989an 11 aldizkari sortu ziren, 1990ean hamar, 1991n eta 1992an bosna, 1993an zazpi, launa 1994an eta 1995ean, eta 1996an sei.
Goierriren kasuan, 1989ko azaroan Goierritarra aldizkaria sortu zuten Jon Mikel Aranok, Josune Agirrek, Aitor Larrañagak eta Koldo Zubeldiak. Lehenengo urte haietan bi hilabetekaria izan bazen ere, pixkanaka maiztasuna handitzen joan zen hamabostekaria bihurtu arte. 1993ko maiatzean jauzi kualitatibo bat eman zuen, gainera: hamabostero argitaratzea herrietako kronikei lekua eginez.
Eta hilabete beranduago, 1993ko ekainean, Urretxun eta Zumarragan Otamotz aldizkaria sortu zuen Zintzo-Mintzo elkarteak. Kasu horretan ere, maiztasun eta orri kopuru desberdinarekin, 174 zenbaki argitaratu zituzten bi herrietako informazioa argitaratuz.
Biak ala biak, erreferente bilakatu ziren eskualdeko eta herrietako informazioan, egoera berrietara egokitzeko gaitasuna erakutsiz. 2004an Goierriko Hitza egunkaria sortzeko indarrak batu zituzten bi elkarteek Berria taldearekin elkarlanean, eta 2012ko urtarrilaren 31n lehenengo GoiBerri astekaria sortuta esan zieten agur urteetako ibilbideari. Zortzi urte pasa dira harrezkero.
Euskaraz irakurtzen
Zero kilometroko edo gertutasuneko gaiak erakarrita, herri aldizkarien boom-a izan zen 90eko hamarkadan, eta euskararen normalizazioaren bidean tresna garrantzitsuak izan dira eta dira herri aldizkariak. Batetik, inoiz ere euskaraz irakurri ez zuten herritarrak euskaraz irakurtzen jarri baitzituzten, bizilagunen istorioak eta herrietako albisteak erakarrita. Euskararik ez zekitenak ere gerturatu ziren euskarara, eta saiatzen ziren, besterik ezean, argazki oinetako informazioa ulertzen.
Komunikazio moduak ere aldatu ziren eskualdean, eta udalen, elkarteen, eragileen… prentsaurrekoak edo prentsa oharrak eguneroko ogia bihurtzen joan ziren pixkanaka. Kasu horietan ere, euskararen presentzia areagotzen lagundu zuen herri prentsak. Udalek, elkarteek, eragileek, eta azken batean gizarteak, euskarazko herri prentsa ere informaziorako tresna baliagarritzat hartu zuten. Era berean, komunikazio talde handientzaat informazio iturriak ere badira.
Publizitatea euskaraz
Bai lehen eta bai orain, udalen, aldundiaren eta jaurlaritzaren diru laguntzarekin batera, publizitatea izan da herri aldizkarien euskarri nagusia. Gaur egun normalizatuago badago ere, 90eko hamarkadan enpresek eta merkatariek ez zeukaten beraien produktua euskaraz saltzeko edo iragartzeko ohiturarik. Euskarak saltzeko ez zuela balio barneratuta zeukan gizarteak. Hala ere, herri aldizkariek erakutsi zuten euskarak ere saltzen zuela, eta herri aldizkarien arrakastak euskararen munduarekin zerikusirik ez zuten iragarleak ere erakarri zituen.
Eskualde nortasuna
Otamotz aldizkariak Urretxu eta Zumarraga herriak egituratzen lagundu bazuen ere, Goierritarra aldizkariak Goierriko behea eskualdeari nortasuna eman zion, bailara izaera garatzen lagunduz. Goierriko herrietako biztanleek ondoko herrietako albisteen eta komertzioen eskaintzaren berri izaten zuten. Horrekin batera, herririk txikienek ere lekua izan dute eta dute, herri guztiak, istorio guztiak direlako garrantzitsu. Herri aldizkarien fenomenoaren ondorioz, hainbat egunkari handik egokitzeko beharra sentitu zuten.
Euskaran eta eskualdean modu eraginkorragoan eragiten jarraitzeko helburuarekin, 2012an GoiBerri sortu zen Goierritarra eta Otamotz aldizkarien elkarlanetik. 364 urrats gehiago egin ditu bide horretan.
Datuak
- 413 GOIERRITARRA. ‘Goierritarra’ aldizkariak 413 zenbaki argitaratu zituen 1989ko azarotik 2012ko urtarrilaren bitartean. 1992ko urtarrilean bihurtu zen hilabetekari, eta hamabostean behin argitaratzen 1993ko abenduan hasi zen.
- 174 OTAMOTZ. Zumarraga eta Urretxuko ‘Otamotz’ aldizkariak 1993ko ekainetik 2012ko urtarrilera bitartean 174 zenbaki kaleratu zituen. Maiztasun desberdina izan zituen, eta 1998an hilabetekari bilakatu zen.