Diseinuzale amorratutzat du bere burua Eneko Maiz Azpirozek (Legazpi, 1978). Diseinu editorialean espezializatua, gaur zortzitik aurrera argitaratuko den GoiBerri aldizkari berrituaren diseinua egiteaz arduratu da. Izan duen ibilbide profesionalaz eta aldizkari honen itxura berritzeak suposatu dion erronkaz hitz egin du elkarrizketa honetan. Ezkioko Adaki Agentziako Arte Zuzendaria da gaur egun.
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasia zara. Nolatan diseinatzaile grafiko?
Unibertsitatea amaitu ondoren lan eskaintza askorik ez zegoen nire alorrean. Garai haietarako diseinu grafikoarekiko interesa banuen, Photoshoparekin lardaskan ere hasita nengoen, eta masterra egiten ari nintzela konturatu nintzen ikasten ari nintzen guztiaren artetik diseinuari lotutakoa zela gehien gustatzen zitzaidana.
Masterreko praktikak Goierri Eskolan egin nituen, web diseinatzaile bezala, eta liburuak irakurtzen, blog-ak bisitatzen, turorialak jarraitzen hasi nintzen. Orduan egindako zenbait kartel eta lan tarteko, editorial txiki batean hasi nintzen lanean. Editorial hartan hartutako esperientziak eta bizitzako esperientzia horiei jarraituz iritsi naiz honaino.
Eta diseinu editorialean espezializatzea erabaki zenuen.
Hamar urte egin nituen editorial batean lanean, baina krisi ekonomikoak astindu gintuen eta beste bide bat hartzera behartuta ikusi nintzen. Langabezian nengoela Elkar Argitaletxeak beraiekin lan egiteko aukera eskaini zidan –benetan estimatzen diet– eta freelance bezala aritu nintzen bost urte inguru. Hasiera batean era guztietako lanei erantzuten nien. Berdin zioen irudi korporatibo baten garapena ala ibilgailuen errotulazio lanak izan. Baina esperientziak erakutsi zidan ezin dela denean ona izan, eta diseinu editorialean espezializatu nintzen, batik bat hezkuntza eta korporazio munduan oinarrituta.
Zergatik?
Beraien beharrak ongi ezagutzen ditudalako eta orain arteko esperientziaren funtsa izan delako. Hortaz, diseinu lan hutsaz gain beste ekarpen batzuk gehitu nitzakeen, eta sor zitezkeen beharrei erantzuteko orduan bidaide izan.
Nola azalduko zenuke zer den diseinu editoriala?
Diseinu editoriala argitaratzen diren publikazioen diseinu eta maketazioaz arduratzen den diziplina da: egunkariak, aldizkariak, liburuak… Edukiaren eta formaren arteko oreka bilatzea da egiteko nagusia, hau da, edukia irakurgarri egitea ahalik eta modu erakargarrienean. Diseinu funtzionala eta egokia sortu behar da. Askotan, erabat erakargarriak diren diseinu piezak ikusten dira, apurtzaileak, baina ez dira irakurterrezak izaten; letra tamainagatik, aukeratutako letra familiagatik, konposizio arauak errespetazen ez dituztelako, tarteak ez direlako egokiak…
Kontran, erraz irakurri daitezken konposizioak ere badaude, baina begietara erakargarriak ez direnak. Edukia zein euskarritan argitaratu behar den ere hartu behar da kontuan, zein publikotara dagoen bideratuta, edukiaren bolumena…
«Edukiaren eta formaren arteko oreka bilatzea da diseinatzaileon egiteko nagusia»
«Diseinu lana eta markaren posizionamendua landu ditugu proiektu honetan»
Zein izaten da halakoetan lan prozesua?
Lan prozesua beti bilera batekin hasten da, bezeroak zer nahi duen ahalik eta modurik zehatzenean ezagutzeko. Ondoren briefing deritzon galdetegi bat bidaltzen zaio bezeroari, bileran zehaztu gabe geratu ahal izan diren xehetasunak ezagutzeko. Behin beharrak ondo identifikatuta (argitalpenaren izaera, target-a, formatua, tirada…), edukia ondo aztertzea ezinbestekoa da diseinu prozesuan gauzak ahalik eta garbien eta automatizatuen egin daitezen. Lana ondo egituratzea ezinbestekoa da gerora akatsak ekiditeko.
Orain urtebete jaso zenuen lantalde honen eskaintza diseinu berria lantzeko. Erronka zalea al zara?
Iazkoa urte interesgarria izan zen zentzu askotan. Freelance aritzetik Adaki bezalako agentzia batera salto egitea aldaketa nabarmena izan da. Eskaintza hau nire kabuz nebilela iritsi zitzaidan, eta oso proiektu interesgarria iruditu zitzaidalako heldu nion. Adakin ere interesa piztu zuen proiektuak, GoiBerri-k eskualde mailan duen presentziagatik eta duen posizionamendu errekonozituagatik. Adakiren ezaugarrietako bat da marken inguruan egiten duen lana, horiek aztertu eta indartzeko lantaldea dagoelako. Maketazioa eta diseinu lana, eta markaren posizionamendua landu ahal izan ditugu proiektu honetan, eta oso aberasgarria izan da.
Zure ohiko lan egiteko moduaren aldean ezberdina izan da ordea. Zer moduzko esperientzia izan da?
Orain arte egindako lanekin alderatuz funtsezko ezberdintasun bat izan du honek: ez nuela testu errealik. Lanaren gakoa kazetariek bete beharreko diseinu plantillak eratzea izan da, diseinu eraberritu batean. Eta zailtasun nagusia, berriz, kazetariek behar zituzten testuen bolumen eta baliabideen interpretazio egokia egitea izan da.
Emaitzarekin gustura?
Prozesua gogorra eta interesgarria izan da, aldi berean. Baina erronkak gustuko ditut. Taldean lan egin dugu, eta aberasgarria izan da berrikuntza honen lan prozesuan aritzea. Gu oso gustura gaude egin dugun lanarekin, eta GoiBerri-ko zein Adakiko lantaldeen elkarlanak fruitu ona eman duela uste dugu. Polita izango da datorren astean emaitza ikustea.
Mantxeta eta diseinu berriari buruz zer aurreratu dezakezu?
Mantxeta GoiBerri-ren irudi korporatibo berria izango da, eta aldizkariak Goierrirekin, Goierrirentzat eta goierritarrekin egiten duen lana azpimarratu nahi izan dugu. Diseinu aldetik, berriz, orain arteko estetikarekin apurtu nahi izan dugu, eta oro har, diseinuari izaera garbiagoa eta gaurkotuagoa eman diogu. Irakurleek aldaketa nabarituko dute, ez koloreetan, ez letra motan, ez itxuran, ez baitu oraingoaren antzik.
Marketin kanpaina ere Adakiren esku
GoiBerri aldizkariaren aro berria iragartzeko, zein lehen zenbaki berritua zabaltzeko marketin kanpaina garatzeaz ere Adaki agentzia arduratu da. «Behin irudi korporatibo berria eta aldizkariaren diseinua zehaztuta, aldaketa hori goierritarrei nola adierazi ere zehaztu dugu, lan prozesu guztia borobilduz».
Adakiko kideak adierazi duenez, garrantzitsua izaten da aldaketak ondo adieraztea, hartzaileek, irakurleek kasu honetan, aldaketa etorriko dela jakin dezaten. «Adakik lantzamendu kanpaina eta estrategia diseinatu du, webgunera zein papereko euskarrietara bideratuta». Kanpaina horretan garatu da, besteak beste, gaurko aldizkariaren azalaren diseinua.