Goierrin sei kalek eta plazak dute emakume izena, hiru herritan banatuta. Joera orokortua da, emakumeen gutxiespenaren ondorio bat.
Goierriko kaleen gutxiengoak darama emakume izena. 23 herrietatik soilik lauk dute emakumeren bati jarritako espazio bat. Denera sei dira: Maria Arana Gaiztarro plaza, Martina Maiz kalea, Dulce Maria Loinaz plaza eta Ixabel Olano plaza Beasainen, Cari de la Cruz kalea Olaberrian eta Clara Larrañaga plaza Zumarragan. «Ez da kasualitatea», dio Jone Arrazola Emagin elkarteko adituak. «Kale izendegia memoria egitekoan erabiltzen da, pertsona bati balioa emateko. Goierriko gizarteak aitortza nori egin nahi izan dion esaten digute izen horiek. Kale guztien artean soilik sei emakumezko egotea oso esanguratsua eta injustua da». Emagin formakuntza, dokumentazio, ekoizpen eta ikerkuntza feministaren bidez pentsamendu kritikoa sustatzeko Euskal Herriko Bilgune Feministaren taldea da.
«Bitxia da nabarmendu diren emakume gutxi horiek boterearekin lotura duten emakumeak direla», osatu du Arrazolak. Emakume izen ohikoenak erlijio kutsukoak dira: esaterako, Ezkion Santa Lutzi auzoa dago eta Legazpin Arantzazu kalea. Botere ekonomikoek ere presentzia handia dute, Dulce Maria Loinaz eta Ixabel Olano izan ezik, beste laurak familia aberatsetako kideak izan baitziren. «Horrek ere ez du emakumeekiko justizia egiten. Goierriko gizartearen gehiengo oso zabala, gizon nahiz emakume, langile klasekoak dira. Horiek ez dute inolako aitortzarik», gaineratu du adituak. «Langileek ez dute kale izenik, ez eta emakumeei egotzi zaizkien gremioek. Badirudi horiek ez direla existitu, eta belaunaldi berrien iruditerian ez dira agertzen transmisio eten bat gertatzen delako».
Nabarmentzen diren emakume apurrek botere ekonomiko eta erlijiosoekin harreman zuzena izan ohi dute
Gabeziaren inguruko kontzientzia geroz eta handiagoa da. Halere, emakumeak epaitu egiten dira plaza hartzen badute
Maria Arana Gaiztarrok eta Martina Maizek badute Arrazolak aipatutako botere ekonomikoekin lotura: Arana Gaiztarro Jose Martin Aranaren alaba zen, eta Arana eraikinaren jardin pribatua udalaren esku utzi zuen. Oraindik ere Kale Nagusiko 1 zenbakia duen etxebizitzari Arana eraikina deitzen zaio, eta Maria Arana Gaiztarro plaza haren atzealdean dago; Martina Maizek, berriz, dirua eman zuen 1882. urtean inauguratutako behartsuentzako ospitalea eta kapera egiteko, eta 1892an elizari bueltako kanpai handia oparitu zion. Esker honez, Maria Arana Gaiztarro plazatik gora elizara doan kaleak bere izena darama 1939az geroztik.
Cari de la Cruz Jose Maria Aristrainen emaztea izan zen. Aristrainek egungo Arcelor fundizio fabrika eraikiarazi zuen Olaberriko Ihurre auzoan 1955. urtean. Fabrikara lanera etorritako familientzako etxebizitzak eraikiarazi zituen 1960ko hamarkadan fabrika parean, eta etxe horiek dauden kaleek daramate Aristrainen eta De la Cruzen izena.
Clara Larrañaga Zumarragako familia ahaltsuenetako batean jaio zen. Berea zen egungo udaletxea eta Batzokia dauden eraikina, eta herriari eman zizkion dohaintzan. Hala, udaletxe atzeko lorategiak bere izena darama.
Dulce Maria Loinazen eta Ixabel Olanoren kasuak desberdinak dira: Loinaz Beasaingo jatorriko idazle kubatarra izan zen. Poesia idatzi zuen nagusiki, eta sari potoloak lortu zituen bidean. Tartean, Kubako Literatur Sari Nazionala eta Cervantes Saria. Zapatari kaleak eta Igartza Oleta kaleak bat egiten duten bidegurutzeko plazak darama bere izena; Ixabel Olano, berriz, ikastolen aldeko ekintzailea izan zen. Egindako lan eskergaren omenez darama Igartza Oleta kaleko etxe orratzaren atzealdeko plazak bere izena.
Espazio publikoa ez da neutrala
Arrazolak dio emakumeei kalera irtetea eragotzi egin zaiela urteetan eta hori ere ikusten dela izendegian. «Gaur egun oraindik nabarmena da neskek zer nolako zailtasunak ditugun gauetan kalean lasai eta seguru ibiltzeko. Etxekoak nahi izan gaituzte, eta zailtasun handiak izan ditugu espazio publikoa hartzeko», azaldu du. «Are gehiago, kalera irten diren emakumeak epaituak izan dira. Emakume txartzat hartu dira tabernazaleak zirelako, plazandreak, bertsolariak, artistak… Jaiak, dibertsioa, aldarrikapena… ukatu egin digute kalera irtetea galarazi egin digutelako».
Arrazolaren esanetan, jaiak eta kirol ekitaldiak dira «plaza hartzeko» une esanguratsu batzuk. «Oraindik ere kosta egiten zaigu epaituak sentitzen garelako, eta deseroso egoten gara. Hortaz, badago zer hobetua». Halare, onartzen du egoera hobetzen ari dela kontzientzia feminista zabaltzen ari delako. Hori dela eta, ekimen ugari ari dira sortzen han-hemenka kale izendegia aztertu eta hausnarketa bat egiteko. Seguran, esaterako, herriko emakumeen lan isila aitortzeko eta ezagutarazteko ibilbide pedagogiko bat jarri dute martxan urte hasieran. Donostiako Emakumeen Etxeak ere kale izendegiaren gabeziak azalarazteko mapa interaktiboa atera zuen orain urtebete, eta Zumaian emakumeen presentzia areagotzeko neurriak onartu zituen udalbatzak.
Nor da Nor?
Sei emakumek dituzte soilik kaleren edo plazaren bat Goierrin. Lau familia aberatsetako kideak dira, Loinaz idazlea eta Olano ikastolaren aldeko ekintzailea.
- Maria Arana Gaiztarro. Beasainen jaio zen 1888. urtean. Jose Martin Aranaren alaba zen, eta ia bizi osoa Arana jauregian igaro zuen. Eraikinaren lorategia udalari eman zion dohaintzan, eta bere izena darama orain plaza horrek.
- Cari de la Cruz. Jose Maria Aristrain enpresaburu nafarraren emaztea zen. Aristrainek fundizio enpresa jarri zuen martxan Olaberrian, eta Ihurre auzoan eraiki zituen bertako langileen etxeak. Cari de la Cruz kalean daude etxe horiek egun.
- Clara Larrañaga. Zumarragako Udaletxea eta Batzokia dagoen eraikinaren jabea zen. Dohaintzan Zumarragako herriari eman zion eraikina, eta esker onez udaletxe atzeko lorategiak bere izena darama.
- Dulce Maria Loinaz. Beasaindar jatorriko idazle kubatarra. Poesia idatzi zuen nagusiki, nahiz eta eleberriak eta entseguak ere idatzi zituen. Denera, 25 lan argitaratu zituen. Igartza Oleta eta Zapatari kaleak elkartzen diren bidegurutzean du plaza.
- Martina Maiz. Bagazgoitia Beasainen jaio zen 1820. urtean. Familia aberats bateko alaba gazteena zen, eta gazte gelditu zen alargun ondorengorik gabe. Herriko gaixo behartsuentzako ospitalea eta kapera eraikitzeko dirua eman zuen, eta elizari hegoaldera begira dagoen kanpai birakaria oparitu zion.
- Ixabel Olano. Beasaingo Aranezarra baserrian jaio zen 1925. urtean. Irakasle izateko ikasi zuen, eta Beasaingo ikastolaren sortzaileetako eta bultzatzaileetako bat izan zen. 2017. urtean hil zen, eta handik gutxira jarri zioten Igartza Oleta kaleko etxe-orratzaren atzeko plazari bere izena.