Julen Arakama, Butak21 zinekluba
Etxean serieak eta zinema eduki nagusi bezala eskaintzen dituzten plataformak albistegai dira azkenaldian. Mundu osoan arrakastatsu zabaltzen da kultura eta artearen kontsumoa edozein pantailatik gure bizitzara dakarren eredu hau. Zinema eta ikus-entzunezkoak kultura eta artea direla argi dago, baina kontsumo kontzeptua indartsuago datorkit burura Netflix, HBO, Amazon Prime eta halakoengan pentsatzean. Ikuslea, edo zuzenago esanda, kontsumitzaileari dagozkion hainbatek arreta pizten didate. Deigarriena zinema aretoarekiko mespretxua eta erabateko ahanztura nabarmena kontsumitzaile askoren aldetik. Zinema areto bat aspaldian zapaldu ez, eta zinema oro har erabat baztertuta izan duten asko, bapatean ikus-entzunezkoen kontsumitzaile porrokatu bilakatu dira.
Norbere etxea bezain leku erosoagorik ez dago, baina irudien bitartez kontatzen diren istorioez gozatzera zinemara joatea okurritu ere egiten ez zaion jendeak harritzen nau. Plataforma horietako eduki asko –serieak adibide garbiena–, zinema aretoetan ezin dira ikusi, baina haietan ikusteko sortu eta diseinatutako edukiak aretoan ikusteko aukera izanik, zinemakoa ez den pantaila bat aukeratzea, hura eskura izanda, tamalgarria iruditzen zait. Zer esanik ez film bat mugikor edo tablet batean ikusteaz; aretoa hor egonda, etxean musika ekipo ona eduki eta disko hunkigarri bat mugikorreko bozgorailu kaskarretik entzutea aukeratzea bezala da.
Herriko kultur etxean Velazquezen koadro bat ikusgai egonda norbaitek esango baligu: «Gustatzen zait pintura, baina Velazquezen koadro horren irudi bat badaukat etxeko aldizkari batean eta hantxe ikustea nahiago dut». Zer pentsatuko genuke?