Idiazabal, Lazkao, Olaberria eta Ataun udalerrien arteko muga-mendia Irumugaeta da. Hainbat tontor eta gaintxo dauzka, horietako bat lazkaotarren artean azken hamarkadetan Esparru gisa zabaldu eta ezagutzen den gaina (727m). Antonio Berasategi ikertzaile idiazabaldarrak, ordea, Andraelorriaga izen zaharragoa aurkitu du, eta hala izendatu dute martxoaren 15ean egingo den Eskolarteko 33. Mendi ibilaldi neurtuko mapan.
Forma hedatuena, ordea, Irumugaeta (kontrakzioz, Irumugata) da. «Punta izendatzeko ez da egon inoiz aparteko indarrik hartu duen izenik. Mendietan, jeneralean, hala izan da: mendizaleek eta kaleko jendeak izan du joera punta izendatzeko, mapetan-eta begiratuta; eta, askotan, izen okerrak zabaldu dira. Txindoki bera, adibidea. Baina hango jendearentzat halako garrantzirik ez du eduki punta izendatzeak», dio Antonio Berasategik.
‘Andra Elorriaco gaña’, 1702an
Halakorik gertatu izango zen Esparru izenarekin. Lur sail baten izena izan behar zuen garai batean, eta iraileko festa egiten hasi zirenean, gazteen artean Esparru izendatzen hasi ziren tontorra ere. Edadetuen artean, Irumugaeta da.
Berasategik funts dokumentaletan eta ahozko testigantzetan egin du tontor horren izen zaharraren peskiza. 1992 inguruan jasotako formak, mendi puntaz zehazki galdetuta, Andaulorrioko gañe, Andaloorriokogañe edo Andelorrio dira. Agirietan, berriz, 1702ko Idiazabalgo udal mugarrien ikuskapenean, Andra Elorriaco gaña aurkitu du, «donde se acaba la mojonera con Olaberria» (Idiazabalgo udal artxiboan, Esteban Lardizabalek 1707an eginiko kopian).
Ia bi mende geroago, 1892ko Idiazabalgo mugaketa agirian, Andraelorriagako gainaren izena leundua edo aho-belarrizko erabileragatik eraldatua ageri da jada: Andadorioco gaña, Idiazabal-Olaberria-Lazkao arteko muga; «aurreko mugarritik 76,5 metrora; beraz, gutxi gora-behera, tontor handiena», berri eman du Berasategik. Kordal berean, Urbarandiko punta eta Irumugetako gaina (Idiazabal-Lazkao-Ataun muga) dira beste bi toponimo.
Irumugaeta, ‘hiru’ ala ‘irun’-dik
Irumugaeta toponimoaren izenak, gaurko euskararen ezagutzatik, hiru zenbatzailea ikusarazten du. Baina eduki dezake beste funtsik, azpian ‘irun’ osagaia egotea litekeena delako, ‘hiri’ adieran (Iruña, Iruin…). «Katilluitturrita toponimoa ere bada hor, eta batzuek diote katilu izena fortifikazioei lotuta dagoela. Beste aztarnarik gabe, ausartegia da, baina Iru- hortik eratorria izan liteke, agian». Alegia-Ikaztegieta arteko Intxurre jarri du adibide (Iruntxurre). Kastroa aurkitu zuten han.