Bostak (Ordizia)
Beatles taldeak sekulako eragina izan zuen 60ko hamarkadan. Batean eta bestean sortu ziren tankera eta musika estilo bereko taldeak, eta Goierri ez zen salbuespena izan. Ordiziako 18 eta 19 urte arteko bost gaztek, testuinguru horretan sortutako taldea izan zen Bostak. Fernando San Jose, Patxi Sarasola, Antxon Garmendia, Antonio Jorge Toño eta Agustin Domaika izan ziren sortzaileak. Denak ere, Ordiziako Errondailako kideak ziren. Soldadutza egiteko garaia iritsi zitzaienean, kide berriak sartu ziren, tartean Ander Garmendia, Jose Inazio Iturrioz eta Julian Goenaga. Iñaki Arenas teklista azpeitiarra ere fitxatu zuten.
Garmendiatarren familiak Gazteluzarren –Ibarbia etxea– zuen lokal batean entseatzen zuten, eta garai hartan entzuten ziren kantu ezagunen bertsioak jotzen zituzten. Etxezarreta antzokian –egun Herri Antzokia izenez ezaguna– egin zuten estreinaldia, eta pixkanaka, Goierrin eta Gipuzkoa osoan ezagun egiten hasi ziren; batez ere, Donostiako Arte Ederren saria bi aldiz irabazi eta gero. Sari horri esker, TVEko Salto a la fama telebista saioan ere agertu ziren. Los Bravos, Los Angeles edo Los Pasos bezalako taldeen telonero ere izan ziren ordiziarrak.