Gipuzkoako herri txikietako bi mila baserri inguruk Internetarako konexio ultra-azkarra dute egun. Goierriko 16 udalerritakoak dira horietatik 759.
Orain bi hamarkada Internetaren iritsierak mundualdi honetako bizi-martxa irauliko zuela ziotenean, inor gutxi izango zen kapaz aldaketa horren neurria irudikatzeko. Zenbaitzuk bai ordea, eta espero ez zena beharrezko bilakarazi dute, izan hirigune handietan nahiz landa eremuko paraje galduenean ere. Gizartearen beharren etengabeko aldaketaren akuilu izan da Interneta, konexio azkar bat izatea ia hil ala biziko auzi bihurtuz. Erronka digital horri argia emateko helburuz lanean ari dira azken urteetan Goimen eta Foru Aldundia LandaGipuzkoa programaren barruan. Proiektu horren onuradunak 2.500 biztanletik beherako udalerriak dira.
Diputazioak 2018. urtean egin zuen Interneterako banda zabal ultra-azkarra landa eremura eramateko bi milioi eurotik gorako diru laguntza deialdia. Bi urteren buruan, herri txikietako 2.013 baserrik dute puntako Interneteko konexioa. Goierriko 16 udalerritako baserriak dira horietatik 759, guztiaren %37. Herrigunetik bi kilometro baino gutxiagora dauden baserri, etxebizitza eta nekazal-instalazioak izan dira konexio horretaz baliatu direnak.
Goierriko egoera «nabarra» dela nabarmendu du Aldundiak. Badaude erabat amaituta dauden udalerriak (Altzaga, Arama, Gaintza…), lanak aurreratuta edo bukatzear daude udalerri eta auzoak (Anduaga-Santa Lutzi, Arrieta, Aztiria, Barrenaldea, Ezkio, Gabiria, Idiazabal, Itsasondo, Itsaso-Alegia, Legorreta, Mutiloa, Ataun San Martin, Segura, Zaldibia, Zerain…) eta aurten hornitzen hasiko direnak (Ataun Aia, Ataun San Gregorio, Ergoiena, Arin, Arrondo, Astigarraga, Aratz-Matxinbenta, Olaberria, Urtsuaran, Zegama, Olaran…).
Oraindik asko dago egiteko
Zaldibia eta Gabiria izan dira, oraingoz, onuradun nagusienak kopuruari dagokionez. Foru Aldundiko iturriek diotenez, telefonia operatzailearen eskaintzari erantzunez egin da sailkapena. «Hedatze prozesu guztiek adarkatze sistema bat izaten dute, eta sailkapen bat egitea ezinbestekoa izaten da. Lehenengo adar guztiak finkatu behar izaten dira, ondoren herri guztietara zabaldu ahal izateko. Bi herri horiei lehenetakoak izatea egokitu zaie. Horrez gain, muga ekonomikoa ere izan da».
Banda zabal ultra-azkarra landa inagurune osora zabaltzeko, ordea, lan handia dago egiteko oraindik. Herri txikietan 1.200 bizileku konektatzeke daude, eta herri haziagoetako landa ingurunean 4.000-5.000 inguru. Aldundiak «anbizioz» jokatuko duela iragarri du, eta aurten bertan bi diru-laguntza deialdi egingo ditu. Testuinguru horretan kokatu behar da foru agintariek urtarrilaren 29an Tolosako udaletxean 85 alkate eta udal ordezkarirekin egindako lan-saioa –Goierrikoak 17, Beasain, Lazkao, Legazpi eta Zumarragako udaletako ordezkariak tartean–.
Aurtengo deialdiek arrakasta izan dezaten, administrazioen arteko lankidetza «ezinbestekoa» dela iritzio dio Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak, bai kudeaketan bai finantzaketan. «Konplexutasun tekniko, administratibo eta ekonomiko handiko proiektua da». Prozesuan sor daitezkeen zalantzak argitzeko Etorlur elkartera jo dezakete herritarrek (943 33 75 56 edo etorlur@gipuzkoa.eus). Goierrin, Goimen landa garapen elkartea (943 16 12 44) arduratuko da udalen eta Aldundiaren arteko zubi lana egiteaz. Gaur-gaurkoz, banda zabal ultra-azkarra iritsi ez den baserri horiek zerrendatzen eta geolokalizatzen ari da Goimen.
Eneko Azurmendi, Lazkao-Etxe nekazalturismoa (Zaldibia): «Guretzat lasaitasuna ekarri du. Bezeroek Interneterako konexio onak eskatzen dituzte gaur egun»
Maite Aranburu, Aizkorrondo baserria (Ataun): «Jauzi kualitatiboa izan da, sekulakoa. Ordura arte telefono finkorik gabe, kobertura gutxi… Ia inkomunituta geunden»
Goierriko onuradunak, gustura
Zaldibiako Lazkao-Etxea nekazalturismora iazko neguan iritsi zen banda ultra-azkarra. «Horrelako zerbaiten beharra sentitzen genuen, erregulartasun bat. Lehen kable bidezko konexioa genuen, baina ez zigun batere bermerik ematen. Gero satelite bidezko paketeak ere kontratatzen genituen, baina beti kontsumoa kontrolatzen ibili behar», adierazi du Eneko Azurmendi arduradunak. «Guretzat lasaitasuna ekarri du. Bezeroek Interneterako konexio onak eskatzen dituzte gaur egun. Entzun nahi ez ditugun gauzak entzutea ere tokatu zaigu behin baino gehiagotan».
Bestelakoa da Ataungo Aizkorrondo baserriko Maite Aranbururen kasua. Iazko irailean jarri zioten konexio azkarrra, eta ezin sinisturik dabil. «Ordura arte telefono finkorik gabe, kobertura gutxi, ia inkomunikatuta geunden. Guretzako izan da sekulako jauzi kualitatiboa. Semeak ere batzuetan etxetik lan egiten du, eta tele-lanerako beharrezko da Internetarako konexio ona».
Datu aipagarriak
LandaGipuzkoa programako banda zabal ultra-azkarraren hainbat datu jakingarri.
- Zer da banda ultra-azkarra? Interneterako konektibitate ultra-azkarra, 300 mega/segundoko konexioa duena datuak igo eta jasteko.
- Non instalatu da? Gipuzkoako 2.500 biztanle baino gutxiago duten udalerrien herriguneetatik bi kilometro baino gertuago dauden eraikinetan. Batez ere baserriak eta nekazaritza-instalazioak izan dira, baita etxebizitzak eta jatetxeak ere.
- Lortutako hobekuntzak. Interneterako sarbidea eta telebista, baita bideozaintza ere (bakarrik bizi eta arreta berezia duten pertsonak zaintzeko; azienda urrutitik zaindu ahal izateko; urrutitik lan egin ahal izateko; eta urrutitik gune ezberdinak zaindu ahal izateko).
- Egindako inbertsioa. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2.356.000 euro bideratu zituen 2018ko deialdian.