Jesus Mari Alberdi – Urretxu
Orain dela 16 urte gertatu zen, otsailean. Urretxuko Aldiri kiroldegiko sabaiari gain hartu zion teilatuan pilatutako elurrak eta bertan behera erori zen.
Aurtengoa bezalaxe, bisurtea izan zen 2004. urtea. Eta urte hartako neguan elurte handia izan genuen gure herrian. Hainbat egunetan pilatutako elurraren ondorioz, Urretxuko Aldiri kiroldegiko sabaiak sekulako elur-karga hartu zuen, eta halako batean behera etorri zen; 2004ko otsailaren 29an gertatu zen ezbeharra, igandea, eguerdiko ordubata inguruan.
Lekukoek diotenez, egundoko eztanda izan zen, lehergailu baten antzera. Inguruko bizilagunek luizia izango zela pentsatu zuten; beste batzuei, berriz, lurrikara iruditu zitzaien.
Egun hartan, Donostiako Loiola B taldea zen etortzekoa Urretxuko Aldirira, saskibaloi partida jokatzeko Goierriren aurka, baina errepideetan zegoen elurra tarteko, zailtasuna zegoen Urretxura iristeko, eta partida bertan behera geratu zen. Eskerrak!
Garai hartan taberna zegoen kiroldegian; Patxi Urrestarazu eta Juani senar-emazteak zuten tabernaren ardura, eta beraiek zaintzen zuten Aldiriko sarrera igandeetan. Antza denez, Goierriko saskibaloi jokalariek entrenamendu saio labur bat egin zuten, baina harrerako zaintzaileak lehenbailehen alde egiteko agindu zien denei, eta handik gutxira dena goitik behera etorri zen. Zorionez ez zuen inor harrapatu azpian, baina eskapada galanta egin zuten!
Kiroldegiko kantxaren gainera erori zen sabaia, oso-osorik, eta alboetara zeuden geletan ez zen kalterik gertatu, nahiz eta han ematen ziren zerbitzuak etenda geratu ziren.
Ehunka erabiltzaileri eta ikastetxeetako ikasle askori eragin zien bereziki ezbehar horrek; ondorioz, eskoletako instalazioetan eta inguruko herrietako kirol instalazioetan jardun behar izan zuten kirolariek denboraldi batean, harik eta Aldiri kiroldegia berritu zen arte.
1983an izan zen kiroldegiaren inaugurazioa, eta gerora hainbat berrikuntza egin zuten barruko aldagela eta lokaletan; azkena, 2004ko ezbeharra gertatu baino lau bat urte lehenago.
2004ko martxoaren lehenengo egunean bertan hasi ziren udal agintariak gestioak egiten, kiroldegiko zerbitzuak lehenbailehen martxan jartzeko.
Egurrezko egitura modernoagoa, askoz sendoagoa eta hobea jarri zitzaion gainaldeari, eta obra berriaren kostua aseguru konpainiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru-laguntzaren bitartez ordaindu zen.
Nolanahi ere, urretxuar askok ahaztuko ez duten eguna izan zen hura.