Txikitatik dantzatzen dugu, dantza guregan dago umetan, ez digu inork erakusten, berezkoa dugu, bakarrik ateratzen zaigu. Helduak egiten goazen heinean, lotsak, beldurrak, oztopoak, zailtasunak eta topikoak ezartzen dizkiogu dantzari. Dantzarako askatasuna galtzen dugu eta dantza, emakume, dantzari on, argal, malgu, polit, arin edota profesionalen esku uzten dugu.
Dantzako ikasle askori entzuten diot, eta nik ere esan izan dut, «dantzatzen dudanean aske sentitzen naiz», «dantzako klasea nire asteko momentua da», «terapia bezala da niretzako»… Agian, dantzarako edo aske mugitzeko joera hori galtzen dugulako lotzen dugu dantza askatasunarekin. Dantzatzen dugunean, egunerokotasunean egiten ez ditugun mugimenduak egiten ditugulako, gorputzaren bidez komunikatzen garelako, dantzako kideekin beste harreman mota batzuk eraikitzen ditugulako poteatzera irteten garen horiekin ez ditugunak, gorputz kontzientzia lantzen dugu eta gure osasun mental, emozional eta fisikoa zaintzen dugu, momentu batez bada ere.
Dantzatzea giza eskubide unibertsala izan beharko litzateke. Gure betiko rol eta egin beharretatik kanpo mugitzen garenean sentitzen ditugu lotzen gaituzten kateak, eta dantzak horren kontzientzia hartzen lagundu gaitzake. Baina dantza amaitzen denean non gelditzen da askatasuna? Dantzan ari garenean bakarrik sentitzen dugu edo askatasunez bizitzeko gai gara? Dantza gugan dago, askatasuna dagoen bezala.