Bizitzan zehar herritarren % 80k baino gehiagok izan du edo izango du bizkar edo lepoko minen bat. Okerrena da, kasu askotan min horiek edukitzea egoera normal bat bezala ikusten dugula eta karga horrekin bizitzen ohitzen garela. Baina min txikiei denbora luzean eutsiz gero, kasu askotan lesio serio batean bihurtzen dira; lunbagoa, protusioa edo hernia, adibidez.
Gaur egungo gizartean, lesio asko sedentarismoaren eraginez sortzen dira. Jendeak ordu asko pasatzen ditu lanean, telebistaren edo sakelako telefonoaren aurrean postura geldi batean. Gorputzak postura estatikoa orduetan modu egokian mantentzeko, ezinbestekoa da gorputzeko gihar edo muskulu egonkortzaileak indartsu edukitzea. Eta hori lortzea, kirolik egin gabe, ia ezinezkoa bilakatzen da.
Gorputzeko giharrak luzatzea eta entrenatzea, etorkizunean lesioak saihesteko modurik egokiena da, beti ere postura zuzen eta orekatu batekin landuta. Gorputzeko giharren 2/3ek postura funtzioa dute, eta horiek luzatzea eta lantzea ezinbestekoa da bizi kalitatea hobetu nahi badugu. Postura txarren eraginez, gihar batzuk besteak baino gehiago lantzen ditugu, eta horietan gainkarga sortzen zaigu, kontrakturak eta tentsioak sortuz.
Gure muskuluek ez dute bakarrik lan egiten, taldeetan elkartzen dira giharren arteko kateak sortuz. Artikulazioetan edo giharretan desorekaren bat badago, egitura osoari eragiten dio horrek modu negatiboan. Ondorioz, nire ustez oso garrantzitsua da, giharren arteko konexio kateetan zentratzea entrenamendu bat egiteko garaian.
Horretarako hiru kirol ekintza mota egoki daude:
- Pancafit: Postura txarrak zuzentzeko eta giharrak modu orokorrean luzatzeko.
- Pilates: Barne muskulatura indartzeko eta gorputzeko oreka hobetzeko.
- Trx: Denbora gutxian kaloria asko erretzeko eta muskulatura tonifikatzeko.