Aitor Artza Agirre – Musikazalea
Duela hamar egun Goiberri-n hitzok idazteko aukera eman zidatenetik zeharo aldatu da egoera, kultura bigarren plano batera pasatu da eta osasun berriak dira nagusi.
Nire lehen lerro hauetan ez natzaizue hain gogoko dudan musika gomendioez jardungo, aukerak, sormena eta bitartekoei buruz baizik. Hala ere, zeharka bada ere, gogoko ditudan erreferentzia pare bat izendatu gabe ez dut pasako tarte hau.
Euskal musika estereotipo jakin batzuetan mugitu izan da urteetan, baina gaur egun eta zorionez, hautsiak izan dira urteen poderioan. Azken urteotan are eta gehiago, lotsak galduak dira eta aurreiritziek sortutako mugak gaindituak dituzue, baina hala ere, segi bakoitzak bereari bozgorailua jartzen, berdin dio punk, trap, pop, reaggetoi, metal, triki, folk, rock… edozein dela ere erritmoen hizkuntza. Zuen sormenak banatzeko bitartekoak ere zabalak dira oso, Internetak ate asko ireki ditu eta aro digital honetan ez duzue ia inor behar.
Espazioak ere hor daude, erabili egin behar. Duela urte batzuk gaztetxe, kiroldegi, zine eta txosnetan ez bazen ez zen musika aukera zabalik izaten, gaur egun ordea, lehen aipatuez gain, gero eta gehiago dira aukerak. Batzuk aipatze aldera hor dira Legorreta eta Zaldibiako antzokiak, Ordiziako gaztetxea (Idiazabal eta Beasainen bezalaxe), Sugaar, D´elikatuz, Ataungo Troska, Artadi, Oargi, Barandiaran museoa, Igartza ere ezin ahaztu… baita on-line ere. Zerrendarekin jarraitu dezakedan arren, azken egunetan Beasaingo Xuber ta Irizar Etxean izandako ekitaldi pare bat adibide gisa. Abereh kantari bakarlaria izan genuen Rodeo taldearekin batera. Estricalla taldeko baxulariak, gitarra hartu eta pop doinu sentikorrak eskaini zizkigun. Bestea berriz, Soma Cult talde beasaindarraren ondoren, Arrotzak taldearen melodia ilunez osaturiko punk emanaldi aparta. Bonberenea ekintzak eta Beasaingo XcementerioX-ek argitaratuak dira hauen lanak urrenez urren.
Beraz Goierrin ere, ez dago katea eteteko aitzakiarik. Bakoitzak berean, sortu, ekin eta zabaldu!