Aitzol Asurmendi – Zegama
Segundo Asurmendi Zabala 1901ean, Langileen egunean jaio zen Zegamako Musasoro baserrian–duela hogei bat urte jakin dudanez, herriko hirugarren baserririk zaharrenean, ehunka urte lehenago abade baten etxe izandakoan–. Mutil koskorra zelarik, baserri inguruan zebilela, begian arantza sartu eta begibakar geratu zen. Istripu hark, zeharka bada ere, izugarrizko eragina izango zuen nik berarekin bizi izandako hainbat pasadizotan…
Hasteko, soldadutza egin beharrik ez izateak ez dakit Marokon espainiarrek izandako gerran parte hartzetik libratuko zuen, baina garbi dut berak gaztelania inoiz ikasi ez izanak hainbat une gozo eskaini zizkidala, bizi naizen bitartean ahaztuko ez zaizkidanak eta gaur Goiberri berrituan zuekin elkarbanatu nahi ditudanak. Nazionalista eta errepublikarra zen attona, egia esan behar badut, ez dakit zein ordenatan. Ez zegoen kristaurik Zegamatik mugituko zuenik; 10 urte nituela, ordea, sortu zen etxekoek aitona Zegamatik «ateratzeko modua», nora eta Benidorrera! Aita zenak bigarren eskuko lanrroberra erosi berria zuen. Amona Anastaxi, Xegundoren emaztea, desiatzen zegoen garai hartan Espainian modan jarri zen zorioneko txoko hura ezagutzeko, baina arazo handi bat zegoen: attona nola komentzitu! Denborarekin jakin dut Darokak, Rubielos de Morak eta Mora de Rubielosek zerikusi handia izan zutela attonak bidaia luze harri amen esateko orduan; izan ere, paraje horietan borroka latzak izan ziren Gerra zibil garaian eta attonak Ebroko bataila ospetsuko lekuak ezagutu nahi zituen. Gogoan ditut oraindik «zurien eta gorrien inguruan» attonak Benidorren kontatutako gertakariak…
Barrio Sesamoko Espinete
Dozena bat urte geroago… Rubielosek adinako erakarpenik izan ez zuena Barrio Sesamo saioko Espinete izan zen, telebistako izar handia orduan, baina attonari hasieratik kontrako eztarritik sartu zitzaiona! Egia esan behar bada, arraro samarra bazen triku hura: egun osoan kalean biluzik ibili… eta oheratzeko pijama janzten zuen! Arraioa! Kontua da 80ko hamarkadan hamaika arratsalde pasatu genituela elkarrekin attonak eta biok saio hartako kontuak ikusten eta «entzuten». Attonak ez zuen erdiaren laurdenik ere ulertzen, baina bere «pelikulatxoa» egiteko abildade aparta zuen: denak zeuden Julian izeneko saioko aitonatxoaren kontra, denak malapartatuak ta zitalak! Esan beharrik ere ez dago benetako ikuskizuna sukaldean bertan nuela… eta ez telebistan!
Telediarioa ikusi zalea ere bazen Xeundo, baina ez zuen ETBkoa nahi: «horko euskerea» ez omen zen erraz «enteitzekoa», berak nahiago zuen «Madrilgo partea» (nahiz ta piperrik ez ulertu). Gau batean Irango emakume batzuk agertu ziren eta attonak berehala bota zuen bere sententzia: «Hoik frankistak die!». Denbora behar izan nuen iruzkin hark eragindako harridura uxatzeko, beharbada asteak edo hilabeteak. Noizbait Frankok bere zerbitzura izandako «Goardia mairua» etorri zitzaidan burura. Orduantxe konturatu nintzen attona ez zebilela hain urruti…
Andoni Aizpururen Bertatik Bertara saioan ere aritu zen gustura kantari (ETBn bai, kar-kar!), hain maiteak zituen Markesaren alabaren ber-tsoak kantatzen! 97 urte ondo beteak bazituen ere, ederki gozatzen ari zen euskaraz kantatzen… harik eta berarekin batera kantuan ari zen emazte Anastaxik (98 urte bete zituen egun hartan) nahastu egin zela esan eta eten egin zion arte! Ia ehun urte behar telebistan ateratzeko eta…