Ibon Etxabe Ibon Magoa (Zaldibia, 1995) txiki-txikitatik magiarekin lotura estu bat izandako gaztea da, eta gaur egun ere arlo horrekiko liruraturik sentitzen da.
Noiztik datorkizu magiarekiko zaletasuna?
Betidanik izan dut zaletasun hau. Txikia nintzenetik ikusi izan dut Txirri Mirri eta Txiribitonen telebista saioa Txan Magoaz eta Marsel Magoaz lagundurik. 13 urte nituela kartekin egiteko pare bat trikimailu ikasi nituen jolas moduan. Urte bete beranduago, Ordiziako Altamira auzoan izan nuen lehen aldiz magia ikuskizun bat eskaintzeko aukera eta geroztik urtero ibili naiz bertan. Urte batzuk beranduago Xixkaran, Gipuzkoako Magia Elkartean sartu nintzen eta han beste mago asko ezagutu ditut; Iruñako magia elkarteko adiskide asko ditut eta Magialdian, Gasteizko Magia Jaialdian ere parte hartu izan dut.
Zein da zure erreferente edo maisua?
Nire erreferenteak Marc Marquez edo Kerman Lejarraga dira, besteak beste, esfortzuaren erakusle garbiak direlako. Baina magiaren munduan ere baditut. Adibidez, Juan Tamariz magia munduan oso maitatua da, magiari buruz asko ikertu duelako, teknika eta ideia ezberdinak elkarbanatuz. Urrutira joan gabe, Donostiako Magia Elkartera joaten den Marsel Magoa ere oso ona da, asko dakielako eta beti laguntzeko prest dagoelako.
Eta bestetik, Takolo pailazoa izan dut herriko lagun eta esango nuke bera izan dela oholtzara igotzen irakatsi didana.
Zorteduna sentitzen naiz horrelako profesionalak ezagutzeko aukera izan dudalako eta eskerrak eman nahi nieke haien ezagutza nirekin partekatzeagatik.
Maisurik ez dut izan, jakintza pilatzen joan naiz liburuak irakurriz, bideoak ikusiz… Ez da ofizio erraz bat. Lankide bezala edo talde gisa nire familia-kideak izan ditut beti ondoan. Aitak eszenatokia eraiki zidan, amak berriz, ipuinak eta magia lotzeko formula paregabea sortu du, gidoiak lantzen lagunduz. Arrebak ere parte hartu izan du nire ikuskizunetan, ipuin bateko pertsonai gisa.
Zaila al da Goierri bezalako eskualde batean artista moduan aritzea?
Bai eta ez. Hau da, beti iruditu zait artistaren lana ez dela behar bezain beste baloratzen. Ez magiarengatik bakarrik, bestelako alorretan ere bada ezagutza maila altua duen jendea eta ez dute merezitako errekonozimendurik jasotzen. Hau esanda, ez zait iruditzen Goierrin oholtzara igotzea beste inon baino zailagoa edo errazagoa denik. Egia da, hemen bereziki jendea ez dagoela magia ikustera ohituta eta horrenbestez, magia egin izan dudan bakoitzean jendearen harrera oso ona izan da beti.
Itxialdiari aurre egiteko ekimenen batean ere parte hartu izan duzu.
Bai, Zaldibiako hainbat herritarrek Zaldibia.org webgunean hainbat bideo eskegi dituzte jendeari errutinatik ihes egiten laguntzeko. Batzuk gitarra jotzen grabatzen dira, besteak ginasia klaseak egiten. Nik magia bideo batzuk igo ditut eta ea jendea liruratzen dudan.
Zein beste proiektutan zaude murgilduta?
Galdera ona. Nwina proiektuaren inguruan hitz egitea gustatuko litzaidake. Bertan, Goierri bailarako lau medikuk hartzen dute parte: sendagile bat, bi pediatra eta emagin bat. Laukotea Mozambikera joango da eta bertako ospitale batean amaetxe bat sortu nahi da, haurdun dauden emakumeak artatzeko, hemengo teknologia erabiliz. Horretarako, pailazoen esketxak eta magia uztartzen dituen lau ikuskizunen bitartez (Ordizia, Zaldibia, Beasain eta Lazkao) diru bilketa bat egingo dugu. Zoritxarrez, Covid-19a dela eta, Zaldibiako, Beasaingo eta Lazkaoko ikuskizunak atzeratu egingo dira eta ez dakigu noiz arte. Martxoan ziren joatekoak proiektuko lau medikuak baina hemengo egoera larria izanik, hemen gelditzea erabaki dute. Agian, urrian abiatuko dira Mozambikerantz.
Zurea da hitza.
Takolo, Pololo, Lili eta Elena Madalenaren partez, animo asko berrogeialdiarekin! Zuekin gaude!