Imanol Mercero – Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Literatura zer den eta gure gizartean zein funtzio betetzen duen hausnartzeko, interesgarria da artearen eta artisautzaren artean dauden desberdintasunetan erreparatzea: antza denez artisautza sorkuntza jardun tradizionala da, eskuz egina, eta garai zein kultura jakin bati errotik sustraitua dagoena. Artisauak bere aparteko trebeziak erosgai erakargarriak sortzen nabarmentzen denez, artisauak bere produktua jendearen nahi eta beharren arabera sortzen du. Badakigu zertaz ari garen, artisau ferietan buelta bat ematea besterik ez dago.
Beste muturrean, arte sortzailearen kezka nagusia objektu berezitu bat egitea omen da, kopiatzea helburu ez duen sorkuntza, eskuarki bakarra izango dena. Hala bada, artistaren zeregina sorkuntzaren ikerketari lotzen zaio, edo gutxienez sorkuntzaren alderdi baten ikerketari, izan prozesua, izan emaitza, izan gizartean sortzen duen harrera.
Eta idazlea non gelditzen da?
Idazletza sormen ariketa bada, sorkuntzaren alderdi baten edo prozesu osoaren hausnarketa ariketa bada, idaztea artea da, eta beraz sortzaileak eskubidea du bere artea den bezala onar dezagun, muga edo baldintzarik gabe. Ikerketaren emaitza da, beste edozein artistarena bezainbeste. Idazleak, ordea, bestela joka lezake. Bere marka sortzeko gogoa izan dezake, bere produktuak, zernahi direlarik ere ahalik eta kopuru handienean saltzeko irrika eduki lezake. Hala bada, idazlea artisaua da. Oro har, idaztea artea ala artisautza den erabakitzeke, aukera guztiak ontzat eman behar direla pentsa genezake. Eta baieztapen bat erantsi: idazletza ofizio bat da, beste edozein ofizio bezala, bere ezaugarriak dituena.