Irati Apalategi • Neu albaitaritza (Beasain)
Konfinamendua hasi zenetik iabi aste pasa diren honetan, koronabirusaz hitz egitera nator. Egia da konfinamenduarena, txakurra daukagunontzat, pixka bat arinagoa egiten ari zaigula, gure maskotaren bizitza gehiegi ez aldatzearren, kalera paseotxo bat ematera atera behar ditugulako, eta bide batez gu ere kalera irteten garelako. Baina, ba al daukagu beste betebeharrik gure maskotarekin?
Bai. Betiko neurri orokorrez gain –animalia ukitu ondoren eskuak garbitu eta abar–, etxera igotzean hankak eta isatsa garbitu behar dizkiogu gel desinfektatzailearekin; txakurrek ez dute koronabirusa transmititzen, baina birusa bertan gera daiteke, eta guk bera ukitzean, gure gorputzean sar dezakegu; kutsatutako mahai edo beste objetu bat ukituko bagenu bezala.
Gure Txispi-ri oso laburrak iruditzen zaizkio paseo txiki horiek. Ez du ezer ulertzen. Alde batetik, denok etxean gaude denbora guztian; bestetik, ez da nirekin klinikara etortzen –klinikan oso ondo pasatzen du, bati zaunka egin, besteari mimoak eskatu…–, orain arte egiten zuen bezala eta gainera ez dugu mendira eramaten. Gaur egungo egoera behin eta berriz azaltzen saiatu naizen arren, ez du ulertzen, ez zer den koronabirusa, ezta zer den konfinamendua ere.
Txakurrarekin egiteko ariketak
Etxean, txakurrarekin egin ditzakegun entretenimenduak ugariak dira: usaimen-jolasak egin ditzakegu, etxe barruan, gela ezberdinetan sariak ezkutatu eta gero berak aurki ditzala. Oinarrizko heziketa ere praktika dezakegu: eseri, hankatxoa eman, etzan eta abar. Jan-sariak prestatu ditzakegu, labean eginak. Ezkutaketan ere jolas gaitezke txakurrarekin. Aitzakiarik ez daukagu gure etxeko animaliekin denbora gehixeago pasatu, eta era berean, ondo pasatzeko ere.
Katuekin ere neurriak hartu
Katuekin ere neurriak hartu behar ditugu. Gogoratu oso garrantzitsua dela bere bandejatxoa txukundu aurretik eta txukundu ondoren, gure eskuak xaboiarekin ondo-ondo garbitzea, katuek ere txakurrek bezala ez baitute transmititzen birusa, baina lehen txakurrei buruz esan bezala, gainean eraman dezakete birusa, beste edozein objektuk bezalaxe.
Gure Xugar eta Dotty katuek, beste edozein etxeko katuk bezala pairatzen dute gure konfinamendua, ohituta baitaude etxean lasai-lasai egoten. Badakizue beraiek direla etxeko jaun eta jabe, hainbeste jende etxean egon gabe. «Hau sufrimendua!», pentsatzen du Dotty-k. Xugar oso lasaia da eta nahiko ondo ulertu du, baina Dotty-k ez, estres maila igotzen ari zaiola susmatzen dut nik.