Aski ospetsua da txistularien artean Segurako Alborada pieza. Festak hasteko jo ohi da. Baina jatorri andaluziarra dauka, Goierriko Seguratik urrutikoa. Tolosako Musika Banda zuzentzeko asmoz Jaendik etorritako musikari batek ekarri zuen jatorrizko partitura. Martxa militar bat da jatorriz, Alborada del Rio Segura izenekoa, eta gaur jotzen den Segurako Alboradaren oso antzekoa.
Tolosako bandan ez zen sartu jaendarra, baina bertako txistulariek berentzat hartu eta moldatu zuten pieza, Jaengo Segura ibaiari omen egiten dion martxa. Segurako txistulari Joxemari Telleriaren arabera, kutsu militarraren aztarnak baditu hemengo Alboradak:. «Aurreko txistulari zaharrei entzunda nago, mi-mi-sol-mi-mi, solfa-mi sol-fa-mi, re-re jo beharrean, pieza militarren hasierako deia bezala jotzen: mi-mi-sol-mi-mi, sol-mi, sol-mi, do-do tankerako beste ritmo batekin». Kornetarekin egiten den melodia.
Segurako Alboradak berez hiru parte ditu: «Kalejira da hori, hasierakoa. Bestea, otoitza esaten dena. Ez dakit berea ote den. HiruErabatgarren parte bat dauka, Andantino esaten dioguna».
«Guk betidanik ezagutu dugu Seguran. Zaharrei galdetu izan diet, baina haiek ere ez zekiten jatorria zein zuen. Alborada del Rio Segura izenekoa izan behar du, eta hona ekarri zutenean, hemengotzat hartu genuen, Segura bada eta».
Gisa bereko pieza gehiago ere badira, Seguran Korpus egunean jotzen zutena, adibidez (Antzuolan ere jotzen dute, Mairuaren Alardean). Ustekabean jakin zuen Telleriak konposizio hura ez zela Marcha de la fusileria baizik, aita zenaren organoko partiturak bereganatu eta pianorako Marchas reales españolas partituren artean aurkitu zuenean. «Jotzeari utzi genion, hori jakindakoan».
Kontrako intrusismoak badira. Segurako Aste Santuan, funtzioa hasi aurretik udaletxetik elizara jotzen dutena, kasu. «Euskal kantutegikoa da, festatik etxera bidean kantatzen zen bat, tonu tristekoa, parranda bukatu zelako».