Hartu atsedenaldi bat zuen apokalipsi gauzetan eta irakurri hau mesedez. Nola ez, etxetik idazten ari naiz GoiBerri berri eta distiratsu honetan nire debuta suposatuko duen zutabea. Koronabirus madarikatu horrek etxean erbeseteratzera derrigortu ez bagintu ere, etxean idatziko nuke ziurrenik, baina aizu! Ez didazue zentzugabeko protestarako eskubidea kenduko egun luze zein aspergarri hauetan, ezta?
Gu ondo gaude, gaur trastez goraino dugun gelara etorri gara egun pasa eta ederki joan da, egia esan. Aldaketa gauza handia da, burua freskatzen dizu eta gainontzeko etxeko geletatik deskonektatzea ahalbideratzen dizu. Esan beharrik ez dago sekula egon dena baino garbiago utzi dugula, noski. Bitxia da, baina asperdurak garbiketara eramaten zaitu, ikertzekoa. Ez dut etxea hain garbi izan unibertsitate urteetako azterketa garaietatik.
Zuek ere ongi egotea espero dut. Pentsatu nahi dut nahikoa komuneko paper izango duzuela etxean, eta ez duzuela kalera atera beharrik izango komun publikoak samalda zoro baten moduan biribilkiz garbitzera. Onartuko dizuet, komuneko paperarekiko obsesio hori ez dudala oso ondo ulertzen. Dendako apalategietan betetzen duten lekuaren eraginez sortzen omen da ikertzaile ezberdinen aburuz, baina ez dakit ba, niretzat badela kontatu nahi ez diguzuen zerbait.
Ulertzen ez dudan beste gauza bat da denda, super, hiper eta mega-merkatuetako haragi eta barazki guztiak etxera eramateko duzuen bulkada saihestezin hori. Zuek, ez duzue Apokalispsi filma asko ikusi, ezta? Apokalipsiko lehen mailako kontua da halako egoera batean, etxera eraman behar dena, kontserbak direla! Kontserbak! Artaburuak! Erosketak egiten ari zareten moduan, badirudi mundua lau egunetan amaitu behar dela, eta horrela balitz, sentitzen dut, baina, ganbaran duzuen izozkailu erraldoi hori elektrizitaterik gabe geratuko da bi astetan. Orain bai, jarraitu dezakezue zuen apokalipsi kontuekin. Baina gogoratu, kontserbak, artaburuak! Kontserbak!