Urretxu eta Zumarragako Gainzuri ikastetxeak zortzi kaleri beste horrenbeste emakumeren izenak ematea proposatu die bi herrietako udalei. Zortzi emakume horietako bat Maria Lourdes Aranburu (Beizama, 1931) emagina. Ehunka ume mundura ekartzen lagundu zuen 1950eko hamarkadatik ospitalea ireki zen arte.
Zergatik erabaki zenuen emagin ikastea?
Nire aita medikua zen. Beizaman, Urrestillan eta Azpeitian lan egin zuen. Gipuzkoan emaginak behar ziren eta aitak emagin ikastea aholkatu zidan. Proba egin nuen eta gustatu egin zitzaidan. Baina erditze bat lehenengoz ikusi nuenean, zorabiatu egin nintzen. Ez itzultzea erabaki nuen. Zuzendariari esan nion, eta hori guztiei gertatzen zitzaiela esan zidan. «Zu bihar ere etorri egingo zara» esan zidan, eta itzuli egin nintzen. Pixkanaka gustatu egin zitzaidan.
Non hasi zinen lanean?
Donostiako Ospitalean. Zumarragan nire aurretik zegoen emagina (Pilartxo Esnaola) ezkondu zenean, beste emagin bat eskatu zuten. Ospitaleko zuzendariak Zumarragara etortzeko eskatu zidan. Ezer egin aurretik aitari aholku eskatzen nion eta proba egiteko esan zidan. «Askatasun handiagoz lan egingo duzu», esan zidan. Hala, etorri egin nintzen. Jostun baten etxean jarri nintzen. Sukaldea erabiltzeko eskubidea nuen. Osinaldetarren gainean bizi nintzen. Osinaldetarren ama Landetakoa zen eta ezaguna nuen.
Nolakoa zen zure lana?
Haurdunaldiak eta erditzeak artatzen nituen. Zerbait arraroa nabaritzen banuen, medikuari esaten nion, eta honek Donostiako ginekologoarengana joateko txartela egiten zuen. Erditzeetan medikuak nirekin egon behar ziren, baina zertarako? Larrialdi bat zegoenean deitzen nien. Forzepsa edo bestelako laguntzaren bat behar zenean, erditzear zen emakumea Donostiara eramaten nuen taxian. Jesus Irure zen nire taxilaria. Oso gizon ona zen. Asko maite genuen elkar. Bestalde, Zumarragan Osasun Laguntzaile Tekniko (OLT) ikasketak egin nituen, Juantxo Ormazabalekin. Azterketa Valladoliden egin nuen. Izan ere, txertoak jartzeko OLT ikasketak behar ziren.
Zer egiten zenuen haurra jaio ondoren?
Haurra jaio ondorengo egunean amaren etxera itzultzen nintzen ama garbitu eta txukuntzera, umetxoa bainatzera, zilborreko sendaketa egitera, titia ematen laguntzera… Haurra jaio ondorengo lehen zortzi egunetan, egunero joaten nintzen beraien etxera. Horretaz gain, OLT titula atera nuenetik, txertoak jartzen nituen.
Erditze guztiak koadernoetan apuntatzen zenituen eta koaderno horiek ondo gordeta dituzu.
Lehen erditzea Zumarragako Kalebarrenen izan zen. Dunabeitia familiaren etxean. 1952an etorri nintzen Zumarragara eta erretiroa hartu arte hemen lan egin nuen. Duela 22 urte jubilatu nintzen. Azken urteak Zumarragako Ospitalean eman nituen.
Nolatan hasi zinen ospitalean lanean?
Anton Arbulu alkate ohiari esker hasi nintzen ospitalean lanean. Emakumeek ospitalean erditu behar zutenez, ezingo nuela etxez-etxe lan egin esan zidan. Ospitalean haurdunaldiez eta erditzeen prestaketaz arduratzen nintzen. Ez nuen erditzeetan parte hartzen. Haurra izan ondoren emakumeek sendaketaren bat egitea edo puntuak kentzea behar bazuten, beraien etxeetara joaten nintzen. Erretiroa hartu ondoren, omenaldia egin zidaten.
Zenbat haur mundura ekartzen lagundu zenuen?
Asko. Urte haietan Urretxun eta Zumarragan jaio ziren ia haur guztiak nirekin jaio ziren. 1964an 122 erditzetan lagundu nuen. Egun batzuetan hiru erditze izan nituen. Ezin nuen hiru tokitan batera egon eta medikuei laguntza eskatzen nien. Ni emakume batekin banengoen, medikuak besteengana joatera behartuta zeuden.
Erditzeak egungoak baino arriskutsuagoak al ziren?
Ez ziren arriskutsuak, baina laguntza behar nuen. Emakumearen amak, amaginarrebak, izebak, bizilagunak… laguntzen zidaten. Ospitalean gure lana lasaiagoa da. Baliabide asko ditugu eta, arazoren bat badugu, ginekologoa bertan dugu. Ospitalean ardura ginekologoena da. Nik, ordea, ardura handia nuen. Oso zuzena nintzen. Garbitasuna oso garrantzitsua da eta amei aholkuak oso argi ematen nizkien. Bestalde, ez zitzaidan haur bakar bat hil bataiatu gabe. Haurra hiltzera zihoala uste banuen, nik neuk bataiatzen nuen. Hiltzen bazen, amari hil aurretik bataiatua izan zela esaten nion. Ondoren, ama parrokiara joaten zen eta parrokoari haurra nik bataiatu nuela esaten zion. Haur haiek guztiak nik bataiatuak bezala ageri dira agirietan. Hezkuntza hori jaso genuen…
Zumarragar eta urretxuar ezagunak mundura ekartzen lagundu zenuen.
Denen artean ospetsuena Iñaki Urdangarin, Espainiako erregearen koinatua. Bere gurasoak Zumarragara etorri ziren, senitartekoen etxera, eta 1968ko urtarrilaren 15ean jaio zen. Haurra espero baino lehenago etorri zen eta horregatik jaio zen Zumarragan. 1.000 pezeta kobratu nizkiela jartzen du garai hartako nire koadernoan. Nik lagundu nion mundura etortzen eta maitasuna diot gaixoari… Omenaldia egin zidatenean, bere aitak zorion mezua bidali zidan Etxeberri jatetxera. Josu Jon Imazen amari ere nik lagundu nion umea mundura ekartzen. Baita Musti Mujika futbolariaren amari ere. Garai hartan emakume guztiak etxean erditzen ziren.
«Forzepsa edo bestelako laguntzaren bat behar zenean, erditzear zen emakumea Donostiara eramaten nuen taxian»
«Erditzeetan laguntza behar nuen: amak, amaginarrebak, izebak, bizilagunak… laguntzen zidaten»
«Jaio berri zen haurra hiltzera zihoala iruditzen bazitzaidan, jaioberri hori nik neuk bataiatzen nuen»
Inork eskatu al zizun inoiz abortu bat egiteko?
Askotan eskatu zidaten. Dirua eskaintzen zidaten, baina abortatzea nire printzipioen aurka zegoen eta ez nuen aborturik egin.
Familia askorentzat oso garrantzitsua izan zara, baina zuk ere baduzu zure familia noski. Non ezagutu zenuen zure senarra izan zena?
Azpeitikoa zen eta umetatik ezagutzen nuen. Ezkondu ginenean, Zumarragako Urola kalean jarri ginen bizitzen. Senarrak Inazio Odriozola zuen izena. Administrari ikasketak egin zituen Lekarotzen eta saltzaile lanak egin zituen.
Emakume askori beraien seme-alabak mundura ekartzen lagundu zenien. Zuk zenbat ekarri zenituen?
Hiru. Lehenengoak, Jose Manuelek, Downen sindromea zuen. Jaio zenean negar egin nuen, baina ondoren oso pozik bizi izan ginen. Behin baino gehiagotan esan dut Downen sindromea duen seme edo alaba bat gehiago edukiko banu, ez nukeela negar egingo. Downen sindromea dutenek zoriona oparitzen diete inguruko guztiei. Inguruko guztiek Jose Manuel asko maite zuten. Izan ere, Down sindromea dutenak oso maitagarriak dira. 2010. urtean hil zen. Senarra, berriz, duela 22 urte hil zen. Nola pasatzen den denbora… Egongelan utzi nuen telebista ikusten, sukaldera etorri nintzen esnea berotzera eta egongelara itzuli nintzenerako hilda zegoen. Egun zoriontsua pasa zuen eta gauean bihotzekoak eman zion. Heriotza gozoa izan zuen. Bizitza halakoa da eta onartu beharra dugu.
Jose Manuel asko maite zuten zumarragar guztiek.
Aitarekin Batzokira joaten zen eta han bere kuadrilla zuen. Urretxuko frontoira ere joaten zen aitarekin, pilotan jokatzera. Senarrak, jubilatu zenean, eguneko ordu guztiak Jose Manueli eskaini zizkion. Horrek bete egin zuen.
Garai batean Down sindromea zutenak etxean ezkutatua edukitzen zituzten. Egun, zorionez, bizitza arrunta dute. Hori oso pozgarria izango da zuretzat.
Noski. Kalean ikusten ditudan guztiak agurtzen ditut. Denei musu bana ematen diet. Beraien amek ondo ezagutzen naute. Jose Manuel jaio zenean, oso argi eduki nuen ez zela etxean geldituko. Emakume batek baino gehiagok zorte txarra izan nuela esan zidan. Nik Down sindromea duen haur bat edukitzea ez dela inongo zoritxarrik esaten nien. Ez nuen umea ezkutatu. Azpeitin erditu nintzen, nire aitaren laguntzarekin, eta haurra bertan bataiatu genuen. Ondoren, Zumarragara etorri nintzen. Lanik ez nuenean, haurra kalera ateratzen nuen.
Egun, zertan ematen duzu eguna?
Erosketak egin, bazkaria prestatu, etxeko lanak egin, bazkalostean lo kuluxka egin, lagunekin kafea hartu, mezatara joan… Ondo konpontzen naiz. Alaba eta bere senarra nirekin bizi dira, eta suhiak prestatzen du afaria. Oso afari goxoak prestatzen ditu: barazki asko, entsaladak… Lau biloba ditut eta zaharrena mutil-lagunarekin bizitzera joan da. Gauza horiek ez zaizkit asko gustatzen, baina tira…
Zer diozu zorioneko koronabirusaz?
Orain arte ez dut halakorik bizi. Nik gerra ezagutu nuen. Umea nintzen, baina ikusitakoak eta etxean entzundakoak ondo gogoratzen ditut: aita zenak-eta koltxoiak jartzen zituzten leihoetan balak pasa ez zitezen, aita eta Beizamako idazkaria gauetan ezkutatu egiten ziren, Azpeitiako plazan emakumeak ilea moztuta paseatzen zituzten… Baina, esan bezala, oraingo hau bezalakorik ez dut ezagutu.
Nola ari zara bizitzen egun hauek?
Etxean egon behar dela esan dute eta etxean egoten naiz. Lasai nago. Kalera irtetea gustatzen zait, baina etxean gelditzea garrantzitsua bada, etxean egon beharko gara.
Eguna ez al zaizu luzea egiten?
Egunotan ohi baino beranduago jaikitzen naiz: 09:00etan. Ordurako egunkaria etxeko atean edukitzen dut. Zortea dut, egunkari banatzailea nire bizilaguna baita. Hala, egunkariarekin gosaltzen dut. Gainontzekoan, orain arte egiten nituen gauza berberak egiten ditut, gutxi gorabehera. Hori bai, suhiarentzat eta bilobarentzat bazkaria prestatzen dut. Izan ere, orain arte lantegiko jangelan bazkaltzen zuten, baina jangela itxi egin dute. Lasai nago. Izan ere, janari-denda etxetik oso gertu dago eta behar dudan guztietan joan naiteke. Etxekoei ez zaie gustatzen ateratzea, baina tira…
Beizamako medikuaren alaba
Maria Lourdes Aranburu Mendizabal Beizaman jaio zen. Izan ere, bere aita hango sendagilea zen. Aranburu-Mendizabal familiako bost anaia-arreba han jaio ziren eta beste hiru Azpeitian. Hiru bizi dira.
Aitak Jose Kruz Aranburu zuen izena. Gabiriako Kosturtzu baserrikoa zen. Hamahiru anaia-arreba ziren, eta Jose Kruz guztietan zaharrena zen. Haren aitak Donostiako ospitalera bidali zuen medikuntza ikastera. Bere anaia bat ere, Pedro izenekoa, medikua izan zen.
Maria Lourdesen amari dagokionez, Mikaela Mendizabal zuen izena. Ordiziakoa zen: Mendizabal-Eneakoa. Gaztetan Ordiziako Villa Eugenia etxeko Egoskozabal familiako umeak zaintzen lan egin zuen.
Familia hau Donostiara joan zen eta Aranbururen gurasoek han ezagutu elkar. Mezetan, hain zuzen ere. Jose Kruzek eta Mikaelak seme-alabei ikasteko aukera eman zieten.
Jose Mari praktikantea izan zen Orbegozo enpresan, Pedro Mari delineatzailea Irimo enpresan, Itziarrek, Kontabilitatea eta Merkataritza ikasi zuen, Jesus irakaslea izan zen… «Gurasoek ez ziguten dirurik ukatu, beti ere ikasteko bazen. Oso zuzenak eta fededunak ziren. Gauero arrosario santua errezatzen genuen etxeko sukaldean. Batzuetan Jose Marik beste anaien bat zirikatzen zuen arrosarioa errezatzen ari ginen bitartean eta batere errurik ez zuenak kaskarrekoa jasotzen zuen», oroitzen du Maria Lourdes Aranburuk.