Erlearen etsai nagusietako bat bilakatu da asiar liztorra; udaberriarekin, habiak egiten hasita dago, eta orain da haren kontrako tranpak jartzeko garaia. Floren Gutierrezek tranpa horien garrantziaz kontzientziatu nahi du.
Aurten udaberria aurreratu egin dela eta, badira aste batzuk asiar liztorra (Vespa velutina) neguko lozorrotik atera eta habiak prestatzen hasi zela. Normalean martxoan zehar ateratzen dira lan horiek egitera, baina aurten otsailetik dabiltz. Horren aurrean, Legazpin asiar liztorraren habiak kentzeaz arduratzen den Floren Gutierrez erlezainak intsektu kaltegarri horren kontrako kanpaina martxan jartzeko garaia dela dio, azken asteetako alarma egoerak horretarako aukera gehiegirik emango ez badu ere. Gutierrezen mezua tinkoa da: «Jendea kontzientziatu egin behar da; asiar liztorra oraindik hor dago, kaltegarria da eta habiak ikusten badituzte abisatu egin behar digute, kentzera joateko». Konfinamendua amaitutakoan izan beharko du, hori bai.
Asiar liztorraren kontrako borrokan besterik ere egin dezakete herritarrek, tranpak jarri, habi gutxiago egin ditzaten. Hain justu, oraintxe da horretarako garai aproposena Gutierrezek esan duenez: «Liztor hauek ez dute hibernatzen erleek bezala. Irail-urri aldean errunaldi berezia egiten dute habi nagusian, eta etorkizuneko erreginak edo hurrengo urtean habi berriak sortuko dituztenak jaiotzen dira hortik. Ez dute habian hibernatzen, baizik eta lurrazpian, teilatu hegal batean, zirriztu batean ezartzen dira, eta han igarotzen dute negua, lozorroan. Udaberriarekin eguraldi ona hasten denean, lozorro horretatik irten eta bakoitza habi txiki bat edo habi primario bat egiten hasten da, eta hor arrautzak jarri eta poliki-poliki segizio edo kolonia bat osatzen joaten da. Kolonia hori nahiko handia denean, 50-60 liztorrekin, habi primarioa utzi eta beste leku batean instalatzen dira eta urte osorako habiak edo habi sekundarioak osatzen hasten dira. Horixe da orain tranpak jarrita saihestu nahi dena. «Orain 50 liztor eliminatzen baditugu, ar edo eme, habi gutxiago egingo dituzte».
Tranpak jartzea oso garrantzitsua eta eraginkorra dela dio Gutierrezek. «Iaz habi gutxiago kendu behar izan genituen, Legazpin adibidez, 12 bakarrik, beste batzuetan 30etik gora izan direnean». Etxean sartuta egonda ordea, zaila izango da tranpak jartzea. Baina itxialdia tranpa horiek prestatzeko baliatu daiteke, kalera irtetea baimentzen dutenean prest eduki eta jarri ahal izateko.
Floren Gutierrez, erlezaina eta asiar liztorretan aditua:
«Asiar liztorra inbaditzailea eta predatzailea da, eta erleak erasotzen ditu erlauntzetatik gertu»
«Habiak egiten hasi aurretik harrapatu behar dira, orain da horretarako garaia eta tranpak jarri behar zaizkie»
Gutierrezek zehaztu duenez, tranpak jartzeko garaia apirilaren amaierara artekoa da; hortik aurrera kendu egiten dira, «beste era bateko intsektuak erortzen dira, eta hori ez da komeni». Maiatzetik aurrera ere tranpetan liztorrek sartzen jarraituko dutela dio, baina dagoeneko osatu diren habietako liztorrak izango dira, langileak, eta horiek akabatzea ez da oso eraginkorra intsektu kaltegarri horren zabalkundea gelditzeko.
Erleak jaten dituen predatzailea
Baina zergatik da hain garrantzitsua asiar liztorraren kontrako borroka hau? Inguru hauetara Frantziatik sartutako intsektu hau geroz eta gehiago hedatzen ari da, eta Galizia eta Leon alderaino iritsi da dagoeneko. Liztor mota hori inbaditzailea da, bere eremutik kanpora irten delako, eta Gutierrezek azaldu duenez, gainerako liztorrak ere intsektuen predatzaileak eta oso jatunak badira ere, «asiarrak erleak erasotzen ditu batez ere, oso erraz harrapatzen dituzte erlauntzen ondoan, nektarrez beteta joaten direnean; burua mozten diete eta beren habietara eramaten dute, larbak elikatzeko; proteina askoko elikagaia da hori». Liztor batek erlauntza bat aurkitzen duenean, bere habiko gainerako kideei abisua pasatzen die, eta liztor gehiago joaten dira erleak harrapatzera, «erlauntza asko murriztera iritsi daitezke, erleak beldurtuta barruan geratzen direlako, eta barrura ere sartu daitezke eta erle guztiak akabatu». Izan ere, asiar liztorra hemengo erlea baino askoz ere handiagoa da: erleak 1,5 eta 2 zentimetro artekoak dira, eta asiar liztorrak 2,5 eta 3,5 zentimetro artekoak. Erlea arriskuan dago beraz.
Liztor mota hori, gainera, kaltegarria izan daiteke gizakiarentzako, bere ziztadak erle batenak baino ia zazpi aldiz indar gehiago duelako, baita pozoin gehiago ere; «alergia dutenek, ume txikiek… kontuz ibili behar dute», aholkatzen du Gutierrezek. Liztorrek berez ez dutela erasotuko dio. «Bakar batek agian bai, bere burua arriskuan sumatzen badu, baina sagarrondo batean zabiltzala, sasiak garbitzen ari zarela edo soroan parren artean lanean ari zarela habi batekin topo egiten baduzu eta nahi gabe ukitu, bakar batek ez, habiko guztiek egingo dizute eraso».
Habiak kentzeko adituak
Asiar liztorren Habiren bat ikusitakoan, kontuz jokatu behar dela azaldu du erlezain legazpiarrak, eta onena udaltzailei deitzea dela erantsi du; haiek arduratuko dira adituei abisatzeaz. Legazpin berari deitzen diote zeregin horietarako, eta batzuetan suhiltzaileen laguntza behar izaten du, Habia oso altu baldin badago.
Ilundutakoan joaten da Gutierrez habiak kentzera, erleak bezala barruan egoten direlako gauez; argirik gabe ez dute ikusten eta geldi-geldi egoten dira. Habiek, oso handiak izan arren –forma borobila dute eta 70-90 zentimetroko altuera eta 40- 70 zentimetroko zabalera eduki dezakete– sartzeko eta irteteko zulo bakarra izaten dute, eta intsektizida eraginkor bat botatzen die bertatik. Zuloa estalita, barruan hiltzen dira liztorrak. Habiak zelulosazkoak dira, egurra murtxikatuta egiten dituzte; hustutakoan, usteldu egiten da.
liztorrentzako tranpa
Konfinamentu egoera hau ez da egokiena liztorraren aurkako tranpak jartzeko, baina bai tranpa horiek prestatzeko.
- Etxean egin daiteke. Plastikozko botilekin egin daitezke asiar liztorra harrapatzeko tranpak; liztorra sartzeko moduko zuloa izan behar du, baina gero atera ezinik gelditzeko modukoa. Interneten eredu ugari daude ikusgai, baita egindakoak salgai ere.
- Zerekin osatu amua. Gutierrezek garagardoarekin betetzen ditu tranpak, eta liztorrak oraindik gehiago erakartzeko, ahabi-zuku apur bat gehitzen die. Merkatuan badira espreski horretarako sortutako produktuak.
- Non jarri tranpa. Loretan dauden zuhaitzetan jar daiteke, batez ere kolore biziko loreak badituzte, kameliak bezala, lurretik 1,5 metroko altueran, eta toki eguzkitsuan. Erlautzen inguruan ere jar daitezke.