Atagoiti izeneko mendatea ezaguna da Goierrin eta Gipuzkoan aspaldidanik. Gabiria eta Legazpiko udalerrien artean kokatuta dagoen igarobide hau, azken urteetan ere, gazteen eta ez hain gazteen artean arrakasta handia duten kirol-proba batzuei esker ezaguna egin da.
Baina lehendik ere herritarrek ondo ezagutzen zuten, bidaiari eta garraiolariek batez ere. Izan ere, XIX. mendearen amaiera arte bertatik erregebide garrantzitsua igarotzen zen, Legazpi eta Ormaiztegi lotzen zituena. Oñatiarrek, esaterako, bide hau hobesten zuten Tolosaldetik herrira itzultzeko, motzena zelako.
Hain zuzen ere, erregebide horri esker sortu zen mendatearen izena, eta ez bertan dagoen baserriari esker. Baserria XIX. mendean eraiki zuten eta mendatearen izena hartu zuen. Erregebide hori –gaur egun, legazpiarrek ‘Kamiñu erreala’ izenez ezagutzen dute, gabiriarrek ‘Kamiño zaharra’– mendate txiki batetik igarotzen zen. Igarobide horri antzina ‘ate gutia’ esaten zioten, mendate txikia zelako berez. Hortik izena.
Denborarekin, ordea, ‘gutia’-ren esanahia eskualdean galdu zenean, Atagoiti izena erabiltzen hasi zen. Mutiloako Arangoiti baserriaren izenarekin berdin gertatu zen; Arangutia zen jatorrian. Horrek ez du esan nahi, dena den, ‘goiti’ guztiak ‘guti’ izan direnik Goierrin. Gaur egun, eguneroko hizketan ‘goiti’ erabiltzen ez badugu ere, garai batean erabiltzen zen; horren adibide ditugu Mutiloako Gerrikogoiti eta Zegamako Arakamagoiti baserri-izenak.
XVIII. mendera arte Ategutia
Aurretik esandakoa ez da asmatua. Dokumentu zaharrek salatzen dute. 1401, 1547 eta 1608ko agiri zaharretan Ategutia irakurriko dugu: «dende a Tegutia», «Mojón de Ategutia». Handik aurrera, ordea, Ategoiti nagusitzen da («prado de Ategoitia», «paraje de Ategoiti», «cruz de Ategoiti»). Pentsa liteke Legazpik, Segurarekiko mendekotasunetik askatu zenean, gurutzeak eraikiko zituela herriaren irteera guztietan (hortik, «cruz de Ategoiti»). Legazpiko beste hiru irteeretan ere gurutzeak zeudela badakigu: Udanako gurutzea, Zatuiko gurutzea eta Galdosko gurutzea (gaur egun zutik dagoena).
‘Ate’-tik ‘Ata’-rako jauzia XVIII. mendearen amaieran gertatu zen. 1780. urteko agiri batean dagoeneko «Atagoiti» jasotzen da, eta handik aurrera, gaur arte, berdin, beti Atagoiti.
Hortaz, garbi dago Atagoitiren atzean ez dagoela «ate garairik», ate edo mendate txiki bat baizik, inguruak ondo erakusten duen bezala.
Beste baterako utziko ditugu igarobidea adierazteko leku-izenetan gorde diren bestelako forma zaharrak: harrate, hesate, harresate, igaranate eta abar.