Irantzu Amundarain • Zuzenki aholkularitza (Lazkao)
Martxoaren 17ko, 8/2020 Errege dekretu araua argitaratu, eta horren ondorioz, beraien aktibitatea eten edo ia erabat eten behar izan duten autonomoei bideratutako laguntzak dira. Ezohiko laguntza bat da. Martxoaren 14tik hasi eta hilabeteko iraupena izango du, edo alarma bukatzen den hilabeteko azken egunera artekoa.
Nork eska dezake?
Aipatu arauaren ondorioz, bere aktibitateko fakturazioa aurreko sei hilabeteekiko %75 baino gehiago jaitsi duen edo aktibitatea eten beharra izan duen edozein autonomok eska dezake. Autonomo bakar, enpresa merkantil bateko bazkide edo administratzaile, kooperatibako bazkide edo ondasun elkarteko bazkide izatea berdin da.
Aktibitatea eten dutenek martxoaren 19tik egin dezakete eskaera, eta fakturazio jaitsiera izan dutenek apirilaren 1etik aurrera egin ahal izango dute.
Eskaerak apirilaren 14erako
Laguntza autonomo bakoitzaren oinarri erregulatzailearen %70 izango da, eta autonomo bakoitzaren Mutuak emango ditu laguntza horiek. 2020rako gutxieneko oinarria 944,40 euro da.
Eskaerak 2020ko apirilaren 14aren aurretik egin behar dira. Eskaerak martxoan egin arren (aktibitatea eten duten autonomoen eskaerak soilik), posible izango da ordainketak maiatzera arte bideratu ezin izatea. Kontutan izan milaka eskaera egin direla eta lehenik Mutuek eskaerak onartu behar dituztela.
Momentuz, fakturazio jaitsieragatik laguntza eskatzen duten autonomoek egoera honen berri ematen duen zinpeko ziurtagiri bat aurkeztea nahiko izango dute, ez dute beraz, liburu kontablerik aurkeztu beharrik izango; baina behin laguntza eman ondoren, aitortu dituen datuak egiaztatzea eskatu ahal izango dio bere Mutuak. Eskaera faltsuak zigortu ahal izango dira.
Kuota ordaindu beharrik ez
Bestalde, laguntza onartzen den epean autonomoek ez dute kuota ordaindu beharrik izango. Beraz, martxoaren 31n gizarte segurantzatik kargua iristen bazaie, gizarte segurantza berak ofizioz egingo die kuota horren itzulpena, oso posible izango baita kargu horiek bideratuta egotea oraindik Mutuek laguntzak onartu gabe izateagatik.
Kuota etenda dagoen denboraldia kotizatutzat emango da eta ez du autonomoentzat kontrako eraginik izango.
Baldintzak
Laguntzak jasotzeko bete beharrekoak ondorengoak dira.
- Autonomoetan alta. Alarma egoera ebatzi zenean autonomotan alta emanda egotea.
- Gizarte segurantza. Gizarte segurantzako betebeharrak eguneratuak izatea. Hala ez izanez gero, epe bat utziko zaio zorra ordaindu ahal izateko.
- Aktibitatea %75era jaistea. Aktibitatea eten behar izatea edo martxoko fakturazioa %75 jaistea aurreko sei hileko batez bestekoarekin konparatuz.
- Plusa. Ez da beharrezkoa izango aktibitatea eteteagatik ordaintzen dan plusa ordainduta izatea.
- Ogasunean. Ez da Ogasunean aktibitatearen etetea tramitatu beharrik izango (036 eredua).
- Bajarik ez. Gizarte segurantzan ere ez du baja eman beharrik izango.
- Lan erregulaziorik ez. Langileak izanez gero, ez da beharrezkoa izango hauentzat lan erregulazio espedienterik tramitatu behar izatea.
- Kotizazioa. Ez da kotizazio karentziarik eskatuko, hau da, ez da gutxieneko egun kopuru bat kotizatuta izatea eskatuko.