Antton Fernandez Lasa, Dantzaria
Apirileko dantza agendara ere iritsi zaigu ezusteko mundiala, eta, koronabirusaren eraginez edo, aurreko bizitza batekoak dirudite orain hilabete inguru jende aurrean egin genituen azken emankizunek. Harrezkero, bertan behera geratu zaizkigu ohiko ikastaroak, eta hurrengo ikuskizunen datak atzeratzeko eskariak jasotzen ari gara.
Gure konfinatutako gorputzen adierazpen beharrak bere horretan darrai, ordea, eta martxan jarri dira dantza garaikide dei geniezaiekeen hainbat alternatiba: Parisko operako balleta eta Bolshoi bera online jokatzen hasi zaizkigu, emotikono bidez adierazitako munduko dantzen izenak asmatzeko mezuak jaso ditugu whatsappean, eta lehen entseguak egin ditugu bideokonferentziaz.
Teknologia berrien bidezko dantzan puntan gabiltza Goierrin. Zumarragako Irrintzi dantza taldeak apirilaren 4an zeukan urteroko jaialdi eguna. Egin gabe geratu zaie, noski, baina helduen taldeko kide guztiek Huntza taldearen arin-arin bat prestatu dute, eta sare sozialetan eskegi, beraien afizioarekin gozatuz, gainerakooi animo eta besarkadak bidaltzeko.
Beasaingo Aurtzakako musikari eta dantzariek, bestetik, Igartzako ezpata dantzari ekin diote balkoiez balkoi, banderaren faltan etxez etxeko tresnak baliatuz. Ikusgai daukazue Interneteko dantzan.eus atarian, etxetik atera beharrik gabe, heldu eta umeek elkarrekin edo aparte egiteko. Dantzan.eus-eko lagunek Aurtzakakoarekin batera osatu duten bideo sailari izenburu dotorea jarri diote, eta bertan dioten bezala, Eutsi dantzan!