Ehun urte betetzeko bidean da Ordiziako Plaza Nagusiko estalkia. 1924tik 25era bitartean eraiki zuten. Jose Gurrutxaga arkitektoak (Donostia, 1873–1941) diseinatu zuen, planoak 1924ko otsailean aurkeztuta. Bi funtzio zituen: asteroko azoka egiteko leku egokia sortzea, eta herritarrak aterpean ibiltzeko izatea. Ordiziaren eta asteazkeneroko azokaren ikur bihurtu da harrezkero.
Hamabi metroko garaieran dauka teilatua. Hormigoi armatuz, estilo klasikokoa diseinatu zuten, izaera monumentalistarekin: zutabe kanaledunak, kapitel korintoarrak, akanto hostoen erremstea, eta frontoia udaletxe alderantz, herriko armarri eta harrizko lorontziekin. Inguruan jauregi barrokoak dituen arren, estilo neoklasikoak bereganatu zuen Plaza Nagusiaren bihotza.
Ordiziak 1512an jaso zuen astero azoka bat egiteko eskumena, Gaztelako Juana II.aren partetik. Bolada batean egin gabe egon izango ziren, feriaren pribilegioa galdu baitzuen hiribilduak. 1797an lortu zuten asteroko azoka berrezartzea, 10 urteko gestioen ondoren. Hutsik ez du izan geroz, ia beti plazan.
Urdaneta lekuz aldatu behar
Merkatua haziz joan zen, eta leku gehiagoren beharrean suertatu ziren. Udalak XIX. mendearen azken herenean plaza inguruko zenbait orube erosi zituen, hango etxeak bota eta azokarentzat plaza handiagoa irabazteko.
Ildo horretatik, Ordiziako ‘erdiko plazak’ –izen horrekin eta ‘Sujetoenea plaza’ ere deitzen zitzaion–, Zumarragako gaur egungoaren antza handiagoa zeukan lehen, estalpea eraiki aurretik. Udaletxea parean, arkupedun eraikinak inguruan, eta konkistatzaile baten eskultura erdian.
Izan ere, Andres Urdanetaren irudia, gaur egun Gudarien Etorbidearen kaleburuan dagoena, Plaza Nagusian kokatu eta inauguratu zuten, 1904ko irailaren 20an. Proiektua 1891ean sortu zen, Zumarragan Miguel Lopez Legazpiri eskultura bat eraikitzeko harpidea zabaldu, eta Ordizian ere konkistetako armadakideari berdin egin nahi izan ziotenean. Isidoro Uribesalgo eskultoreari agindu zion Gipuzkoako Diputazioak Urdanetaren eskultura (Aniceto Marinasek Legazpirena).
Feria-plaza handitzeko proiektua, estalkia jartzearekin osatu zuen udalak. 1924an proiektua ahobatez onartu, eta lanak 1925eko maiatzerako bukatu zituzten, espero baino beranduago. Eraiki bitartean, baserritarrek pilotalekuan jarri behar izan zituzten postuak, orain koronabirusaren izurritearekin gertatzen den bezala. 1925eko ekainaren 11n inauguratu zuten Plaza estalia. 1958an –teilatuko argi-begia kentzeko– eta 1996an berritu zuten. 1999tik kultura ondare gisa katalogatuta dago.