Musika aldetik emari handiko herria izan da Legazpi. 80ko hamarkadako mugimenduak ere, utzi zuen arrastoa herrian, eta horren adierazle nagusietako bat da Ziper taldea. 1979an sortu zuten herriko bost gaztek, eta hiru urtez aritu ziren kontzertuak ematen. Boskote hartan zen, artean inor gutxik ezagutzen zuen Iñaki Garitaonaindia Gari abeslaria ere. Harekin batera, Jon Azpiazu, Roberto Lleregi Peli, Ignacio eta Ramon Lasa, Mikel Gurrutxaga eta Koletas izan ziren talde hartako kideak.
Rock&Rollaren eta Punkaren garaiak ziren, baina artean talderik gehienek gazteleraz abesten zuten. Ziper izan zen, estilo hori euskaraz jorratu zuen lehen taldeetako bat. Garai hartan egindako elkarrizketa batean, «igandero diskoteka berera joateaz nazkatuta» zeudela zioen Garik, eta banda sortu eta entseatzeko baserri bat alokatu zutela. «Euskaraz kantatzen dugu denok hitz egiten dugulako, eta lantzen ditugun gaiak eguneroko gauzen ingurukoak direlako». Ez ziren astakeriak botatzekoak. «Behin kantatzen hasita, zer edo zer esan behar da». Itziarko musika lehiaketan 2. saria lortu zuten, eta aukera izan bazuten ere, ez zuten diskorik grabatu. 1982an, Garik beste ibilbide bat hasiko zuen, ezagun egin zuen Hertzainak taldearekin.