Enpresek eta autonomoek dituzten beharrak eta arazoak kudeatzen laguntzeko lantalde bat du martxan Goiekik. Krisiaren lehen ondorioak pairatzen hasia da bailara.
Etorkizunari aurre egiteko elkarlanean jarraitu beharko dugu orain arte bezala, eta ziur nago guztion laguntzarekin eta ahaleginarekin aurrera irtengo garela». Latza da egoera, inor gutxik espero gabea, baina baikortasun mezu hori zabaldu nahi du Iker Galparsoro Goieki garapen agentziako zuzendariak. 1980ko hamarraldian industria krisi bortitza sufritutako eskualdea da Goierri behea, eta egungoak bestelako osagai oso ezberdinak baditu ere, ordukoan bezalaxe, lankidetzak arindu eta erakuts dezake zein den urratu beharreko bidea.
Herrialdeko garapen agentzia eta hainbat eragile sozioekonomikorekin batera, Covid-19 birusak eragin dituen eta eragingo dituen kalte ekonomikoei aurre egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu duen mahai teknikoan lanean dihardu Goiekik. Bertan, Goierri beheko enpresek eta autonomoek dituzten arazoak eta beharrak azaltzeko aukera izango du garapen agentziak, eta hori guztia kudeatzen laguntzeko lau arloz osatutako koordinazio talde jarri du martxan apirilean.
Egoera berrira egokitu beharra
Goiekiko Industria, Turismoa, Zerbitzuak eta Ekintzailetza arloek osatzen duten lantalde hori astean bitan elkartzen da, eta sektore bakoitzaren analisia gauzatu eta esku artera iristen zaizkien kasu konkretuei jarraipena egiten diete. «Kasu bakoitzari diagnosi pertsonalizatu bat egin eta laguntza egokiena ematen saiatuko gara. Gure asmoa da datozen asteetan ahalik eta enpresa eta autonomo gehienekin harremanetan jartzea», aurreratu du Galparsorok.
Birusaren bat-batekotasunak «jokoz kanpo» harrapatu ditu munduko eragile sozioekonomikoak, eta inor ez da gai esateko denboran zenbat luzatuko den eta zer nolako egoera arrastoa utziko duen. Jakina dena da etorkizuna «zerbait berria» izango dela, eta egoera berri horretara egokitu egin beharko duela gizarteak. «Datozen hilabeteak gogorrak izango dira, eta enpresetan nahiz enpleguan eragin zuzena izango du honek guztiak. Enpresa, autonomo eta ekintzaileen zerbitzura gaude Goiekiko lantalde osoa».
Bizimoldean ez ezik, birusak ekonomian eragin dituen ondorioak ere berehalakoak izan dira. Martxoaren 14an jarri zuen indarrean alarma egoera Espainiako Gobernuak, eta hilabetea osatzeko falta ziren hamabost egun horiek utzi dute aipatzekorik. Goierri beheko langabezia tasak %8ko langa gainditu du berriz, eta otsail-martxoko kontratrazio kopurua azken urteetako txikiena izan da: 604. «Datu horiek aurreratzen digute joera aldaketa datorrela, eta ziurrenik, apirilekoek eta maiatzekoek berretsi egingo digute egoera hori».
Industria eta Ekintzailetza
Industria da Goierriko ekonomiaren motorra, eta Xabier Perez arlo horretako Goiekiko teknikariak dioenez, «kezka handia» dago sektorean etorkizunari begira. «Orokorrean, epe motzean, lan bolumena pandemia hasi aurretikoa baino txikiagoa da, baina lana badute enpresek. Epe ertainak sortzen ditu zalantza gehien». Perezek nabarmendu du «enpresen beharrei erantzutea» izan dela Industria arloaren egiteko nagusia azken asteetan, batez ere hiru lerrotan: Espainiako Gobernuaren komunikazioak helaraztea izan da lehena; bigarrena, diru laguntzen informazioa ematea eta tramitatzen laguntzea; eta azkena, enpresen arteko informazioa elkarbanatzea –segurtasun protokoloak, NBE Norbera Babesteko Ekipamenduen erosketa bateratuak, lan baimenerako ziurtagiriak…–.
Industria arloak bezalaxe, Ekintzailetza arloak ere hamaika dei egin eta jaso ditu azken asteetan. Batez ere enpresa txiki eta autonomoekin mantendu du tratua Maialen Sanchezek. «Enpresa txiki hauen egoerak antzekoak dira. Negozioak itxita dituzte, eta etxetik lan egiteko aukerarik ez dutenez, diru sarrerarik ere ez dute. Beste kasu bat akademiena da. Ari dira zerbitzua online ematen, baina fakturazioa asko jaitsi zaie». Sarrerak urritu eta ezeztatu bai, baina dituzten gastuei aurre egiten jarraitu beharra daukate guztiek.
Turismoa, sektorerik kaltetuena
Bazkideei kuotarik ez ordainaraztea da Goiturrek egoera honetan hartu duen erabakietako bat. «Ez litzateke etikoa izango», esan du Niko Osinaldek. Hasieratik da kontziente turismoa –ostalaritza eta alojamenduak– izango dela krisi honetako sektorerik kaltetuena, eta turismorako diru laguntza lerrorik ez egotea gaitzetsi du. Bitartean, sektoreko eragileei baliagarria zaien informazioa helarazten jarraituko du.