Edurne Iziar • Auzoki Finka-Administrazioa (Ordizia)
Koronabirusaren aurrean denok egokitu behar izan dugu gure egunerokoa. Finka administratzaileoi ere, lana egiteko modua aldatu egin zaigu, baina gure kasuan behintzat, garbi genuen zerbitzua ematen jarraitu beharra genuela. Denok etxean gaudenez, ezinbestekoa da komunitateetako zerbitzu guztiak martxan mantentzea: igogailuak, elementu komunitarioen garbiketa sakona, ikus-entzunezko instalazioak, galdara komunitarioak… inoiz baino beharrezkoagoak dira egun hauetan. Iritzi berdinekoa izan da Estatuko gobernua eta gure lana ezinbestekotzat hartu du. Komunitateen martxa egokia bermatzeko helburuarekin, finka administrariok lana egiteko aukera izan dugu alarma egoera berezi honetan ere.
Auzokiren kasuan, Gipuzkoa eta Arabako Finka Administratzaileen Lurralde Elkargotik eman dizkiguten gomendioak jarraitzen ari gara. Lana telefonoz eta posta elektronikoz egiten ari gara, gure betiko ordutegian. Langileok bi txanda egin ditugu, bulegoan batera ahalik eta jende gutxien egoteko helburuarekin eta telelana ere egiten ari gara. Bilerak ezin ditugu egin, baina presidenteekin harremanetan gaude eta kontuen laburpenak ere etxera bidaltzen ari gara gure lana egunean eramateko ahaleginean.
Kuoten ordainketa
Egun hauetan, hileko ohiko kuotak beti bezala kobratzen jarraitu behar ote dugun galdetzen ari zaizkigu hainbatetan. Baietz erantzuten diegu. Kuotak kobratzen jarraitzea ezinbestekoa da lehen aipaturiko zerbitzu guztiak martxan jarraitzeko. Igogailuen mantenuak, argi eta gas hornidurak, garbiketak eta abar bermatzeko fakturak ordaindu egin behar direlako.
Komunitateetan sortzen diren matxura, ezusteko eta arazoei aurre egiteko ahalmena izaten ari gara, gremioek lanean jarraitu ahal izan duten neurrian. Iturgin, sarrailagile, elektrikari eta beste teknikari askok, ezinbestekoak diren zerbitzuak martxan mantentzeko egiten ari diren ahalegina eskertzekoa da. Gure kasuan ere, bezeroei eskerrak eman nahi dizkiegu, egoera honetan gure lana egiteko zenbait kasutan zailtasunak izan ditzakegula ulertzen ari direlako.
Bizilagunen kexak
Bizilagunen jardueren inguruko kexak ere jasotzen ari gara: ariketa fisikoa egiten dutelako eremu komunetan, musika altuegi, haurren jolas zaratatsuak… Ordu asko pasatu behar ditugu etxean eta ez da egoera erraza. Guk bizilagunen arteko bizikidetza eta laguntasuna bultzatu nahi dugu. Egun hauetan, pazientzia eta ondoan bizi direnekiko enpatia inoiz baino beharrezkoagoa da.
Guztiei animoak bidali nahi dizkiegu, egoera honetatik guztion elkar laguntzaz aterako gara!