Landareen printzipio aktiboak erauzi eta ekintza farmakologiko bihurtzeko hainbat modu daude.
Ukenduak
Sendabelarren erabilera ohikoenetakoa da ukendua, mina edo gaitza dagoen tokian aplikatzeko oso aproposa delako. Zauriak, erlakiztenak, granoak eta antzekoak kentzeko, edo eragindako mina edota azukrea gutxitzeko erabiltzen ziren.
Belar bakoitzaren propietatea gorabehera, ukenduak egiteko modua oso antzekoa da kasu gehienetan. Egokiena da egun batean biltzea, eta hurrengoan egitea ukendua, belarrak garbitu eta lehortzen utzi behar direlako. Hori eginda, belarrak txikitu eta beste osagaiekin batera egosten dira kazuela edo zartagin batean. Indar gutxiko suarekin egosi behar dira, sendatzeko propietateek indarrik gal ez dezaten, eta ordubete inguruan belarren kolore berdea hartzen du olioak. Iragazi egiten da ondoren, eta argizaria gehitzen zaio, hoztutakoan, solidotzeko.
Esan bezala, ia edozein sendabelar erabil liteke ukenduak egiteko. Sarritan, bildutako belar mota guztiekin egiten zen ukendua, erabilera askotarako ukenduak egiteko. Hala, ukendu berean aurki daitezke: intsusa, erromeroa, zaingorria, pasmo-belarra, berbena, iodo-belarra, plantain edo llanten luzea eta borobila, kardabera horzduna eta lisoa, uztao-belarra, suge-belarra, malba, mantzanila, tipula erdia… Oro har, pasmo-belarra, berbena eta zaingorria oso ohikoak dira ukenduetan. Sukaldaritzatik gertuagoa dauden hainbat ere erabiltzen dira, esaterako: baratxuria, tipula eta intxaur azalak.