Koronabirusagatik etxean konfinatuta egon den bitartean, natura nabarmen gutxiago kutsatu du gizakiak. Airearen kalitatea hobetu egin da, batez ere errepideko garraio ezagatik.
Inoiz baino begibistakoago geratu da: gizakia da natura kaltetzen duen birus ankerrena. Covid-19 birusak pertsonei gogor erasan dien bitartean, nabarmen geratu da gizakiaren eragina ankerragoa dela izadian, eta, ondorioz, bere buruaren kaltetan. Izurritearen geldialdian gas kaltegarrien isuriak %50 eta %90 artean gutxitu dira hirietan, eremuaren arabera. Airearen kalitateak ikusgarri hobera egin du, eta benetako arnasaldia hartu du naturak gizakiaren jarduera gutxienekora mugatuta egon den garaian.
Aldaketaren argazki garbiena Eusko Jaurlaritzak eskualdeetan han-hemenka kokatuta dauzkan airearen kalitatea neurtzeko estazioek atera dute. Goierrin bi daude, Beasainen (Gipuzkoa plazan, Lanbideren eraikinaren atzean) eta Zumarragan (Argixao futbol zelaiaren beste aldeko plazatxoan, Izazpi auzunean). Datuak, egunero jasotzen dituzte estazioek, ordu oroko tartearekin. Aire kalitate «oso ona» eman dute azkeneko 30 egunetan; izurritearen aurretik, «erregularra» edo gehienez «ona» eman ohi zuen.
Substantzia askoren presentzia eta balioak neurtzen dira: bentzenoa, karbono monoxidoa (CO), etilbentzenoa, hidrogenoa, nitrogeno monoxidoa (NO), nitrogeno dioxidoa (NO2) eta beste oxido nitrosoak (NOx), sufre dioxidoa (SO2), ozonoa, toluenoa edota airean esekita egoten diren mikro partikulak (PM10 eta PM2,5, mikratan neurriaren arabera). «Irakurketa oso erraza da ulertzen: dena gelditu denean, industira eta batik bat garraioa, aireak nabaritu du, erabat. Datuak oso garbiak dira», azaldu du Beasaingo Laia ingurumen zerbitzuetako Leire Garmendiak. Hori da laburbilduma, argia bezain garbia.
Garraioak eragiten du Goierrin aire kutsadura handiena, eta irtenbidea behar duen arazo politiko bihurtu da
Kutsatzaile handiena, garraioa
Bi kutsadura-iturri nagusi daude Goierrin: industria eta errepideko garraioa. Gehienetan txakurra industriari jare egiten bazaio ere, konbustio-motordun ibilgailuen hozkada handiagoa da airearen kalitatean. Eta horretan ia herritar guztiek daukate uhala eskutik, errepide bidezko nazioarteko garraio-fluxu handiena bailaratik pasatzen dela ahaztu gabe, noski. N-1en 34.000 ibilgailu ibiltzen dira atzera-aurrera, egunero-egunero, beren ke-tutuekin.
«Arazorik handiena garraioa da. Klima aldaketa eragiten duten gasak aztertzean ere ikusten da: garraioa da Gipuzkoan lehen faktorea. Gas emisio gehienak garraiotik datoz. Arazo handiena ere, politikoki erabakiak hartzeko dagoena, hori da», dio Garmendiak.
Klima aldaketan negutegi efektuko gasen ondorioa ia inork ez du zalantzan jartzen. Eguneroko eguraldian, aldiz, ez da lotura horren zuzena. «Kliman badu erlazioa, baina eguneroko eguraldian printzipioz ez. Epe luzera, kliman eragina izan dezake. Noski, azkenean dena dago erlazionatuta, baina eguneroko eguraldian printzipioz ez du eraginik kutsadurak», azaldu du Euskalmeteko meteorologo Eguzkiñe Iturriotz legorretarrak.
Aire bidezko garraioak ere bere partea eransten dio kutsadurari. Goierriren gainetik igarotzen da aireko hegazkin bide nagusietako bat. Ia-ia hegaldiak hutsera murriztu dira koronabirusaren geldialdi estuenean.
Industriaren kutsatze-eraginari dagokionez, kontrolatuago ikusten dute ingurumen teknikariek. «Industrian hainbat neurri hartzen ari dira, beraien poltsikoan ukitzen duelako batez ere, ez ingurumena babesteko aparteko interesik dutelako. Enpresa pribatuek poltsikoari begiratzen diote, eta energian ahalik eta kontsumo gutxien izan dezaten neurriak hartzen dituzte. Horrek zuzenean eragiten du sektore horietatik airera isurtzen diren gasetan, energia kontsumotik datozen emisioetatik behintzat. Tximinietatik botatzen dituzten emisioak ere oso kontrolatuta dauzkate», dio Leire Garmendiak.
Jarduera hastearekin, atzera
Aireko gas eta partikula kaltegarri guztien artetik, bereziki bi multzori erreparatzen zaie. Multzo batean nitrogeno dioxidoa, sufre dioxidoa eta karbonoak daude –klima aldaketaren eragile nagusietakoak NO2 eta CO2 dira–. Beste multzo batean, PM10 eta PM2,5 partikula arinen kontzentrazioari behatzen zaio; giza osasunean gehien erasaten dutenak dira, ibilgailu motordunen konbustiotik edo industriatik sortuak. «Airean ikusezinak dira, baina guk arnasten ditugu. PMak ez dira gasak, partikula arinak baizik. Neurriagatik bereizten dira 10 eta 2,5. Horren arabera erregistratzen du kalitatea, aplikazioak berak».
Bost mailatan erregistratzen da EAEn airearen kalitate-indizea: oso ona, ona, ertaina, txarra edo txarra. Martxoaren 30etik apirilaren 9ra, egunetan «oso ona» markatu ondoren –jarduera industrial ez ezinbestekoa debekatuta egon zenean–, apirilaren 14an jada «onera» jaitsi zen airearen kalitatearen indizea, Beasainen –lantegiak ireki zituzten lehenengo eguna, eta berekin dakarren langileen errepideko mugimendua handitu zena–. SO2, NO2, ozono eta PM10 eta PM2,5 parametroen balioak aintzatesten dituzte.
Zenbait arlotan geldialdia oasi bat izan da; airearen kalitatearen hobekuntzarako, esate baterako. Kontua da, atzera ‘normaltasunera’ itzulitakoan gizakia prest dagoen berriro aire kutsatua arnasten jarraitzeko. Zeren, lehengo lepotik segiz gero, garbi dago igoko dela. Ohiturak aldatzea ez da samurra, eta ekoizpen nahiz garraio beharrak izango dira gero ere. Baina, ingurumen teknikarien iritziz, iparrorratza aldarazteko une egokia izan daiteke. Besteak beste, lana egiteko, erosketetarako edo eguneroko bizimoduaren aurrean jokatzeko beste modu batzuk badaudela erakusten ari da azken krisialdia: lana etxetik egitea, bileretarako bulegotik telematikoki konekatzea bidaiatu beharrean, norbere autoa hartu beharrean garraio publikoa erabiltzea, oinez edo bizikletan ibiltzea…
Baina arreta, beste behin, garraioari eta desplazatzeko moduengan jarri du Laia ingurumen zerbitzuko Leire Garmendiak: «Lanerako behar guztiak garraio publikoak ez ditu asetzen. Beraz, zerbitzu hori egokitzen joan beharko ginateke. Bertako garraio publikoaz ari naiz, ez abiadura handiko trenaz eta halako azpiegitura handiez: autobus zerbitzua hobetu da, baina pauso gehiago eskatzen ditu, agian. Bestetik, oinezko desplazamendua areagotu beharra dago herri barruan mugitzeko. Hori da gure buruari eta agintariei eskatu beharko geniekeena».
Lautik hiru, aire txarra hartzen
Ekologistak Martxan taldeak iaz egindako ikerketa baten arabera, Hego Euskal Herriko biztanleen %72k aire kutsatua arnasten dute. OME Osasunaren Munduko Erakundeak gomendatutako gehienezko kutsadura urtearen egun askotan gainditu zen; 2019an Zumarragan, adibidez, 36 egunetan. Eguraldi beroak larritu egiten du kutsaduraren maila eta eragina.
Urrutira joan gabe, Covid-19 birusak jotakoengan, hilgarritasun tasa handitu egiten da airea kutsatuta dagoen lekuetan, Harvardeko Unibertsitateak egin duen ikerketa baten arabera. Aireko partikulen proportzioa unitate bat igotzeak, koronbirusaren ondoriozko hilkortasuna %15 igotzea suposatu du.
Beasaingo ingurumen estazioaren neurketetan, PM10 partikulen aireko kontzentrazioa (2,5 eta 10 mikrometro arteko diametrodunak) otsailaren 3an 76 mikrogramo/m3 iritsi zen, eta 28an ere 70 harrapatu zuen. Aldiz, martxoaren 30ean 8koa zen, baina 21era igoa zegoen apirilaren 24rako. OMEk gomendatutako gehienezko muga 50 mikrogramo da, 24 orduan jarraian eta urtean 35 aldiz errepikatua.
Nitrogeno dioxidoaren kasuan (NO2), aurtengo sabaia urtarrilaren 29an neurtu zen Beasainen: 42 mikrogramo/m3. Minimoa, apirilaren 5ean eta 12an, 5 mikrogramo. Lehengo astean 26raino igota zegoen berriro. OMEren gomendioa urteko 40 mikrogramokoa da (orduko muga, 200ekoa).
- 34.087 Ibilgailu igarotzen dira egunero N1en, Legorreta parean (Olaberrian 27.000, Etzegaraten 16.900). Beasain-Deskarga autobidea (A-636) da bigarren emaritsuena, 17.800 pasorekin.
- %25 jaitsi da erregaien kontsumoa martxoan. Gasolinaren erabilerak egin du gehien behera, %35 gutxiago (1973ko energia krisian soilik izan zen halako jaitsiera). Keroseno kontsumoa (hegazkinen erregaia) %43 murriztu da.
- %15 gutxitu zen energia kontsumoa apirileko lehen astean, industria geratu zenean. Eguneko 48 GWh eskaritik 29ra. Industriak %30 kontsumitzen du. Etxeetako kontsumoa %28 hazi da.
- %10 egin du gora hondakinen bilketak Goierrin. Martxoan 1.933.317 kilo bildu zituen Sasietak, 2019ko martxoan baino 175.000 gehiago. Bereizte tasak mantendu dira. Ontzi arinek izan dute gorakada handiena, %15ekoa (300.000 kg)