Eresti Oiarbide – Hizkuntza aholkularia
Garrantzitsuena helduenak ez kutsatzea da»; horixe esan ziguten mozorroa gure etxean sartu zenean. Guraso askorentzako lehenengo buruhaustea eskoletatik kanpo geratutako haurren zaintza aitona-amonen esku utzi ezina izan zen; eta bigarrena, haurrekin hainbeste orduan zer egin ez jakitea. Izan ere, langileen segurtasunak hartu zuen garrantzia ondoren, eta gutxieneko neurriak bete ezean, ezin, ba, inola ere lanean hasi.
Orduan hasi ziren aita-ama asko okin profesionalen lanetan: ore ama goizero elikatzen, beti irin zuriarekin, ur gehiegi bota gabe, txoko epelean gordez, trapu heze batekin estalita, mimo handiz zainduz. Eta, batez ere, ogirik politenaren argazkirik onena argitaratzeko lanean, buru-belarri. Baina beno, hori ez du mozorro batek aldatuko.
Egun gutxiren ondoren, ekonomia ez izoztea bihurtu zen lehentasun. Segurtasun neurriak nola bete azaltzen duten protokolo zehatzak zabaldu, eta denok lanera. Berehala, langileen arteko txutxu-mutxuak hasi ziren: «Nola liteke ospitaleetan maskararik ez izatea eta guri egunean bat ematea?», «Nola gordeko dut metro eta erdiko tartea nire kateko lankideekin?», «Eskularruak kenduta edo kendu gabe jan behar dut hamaiketakoa?». A ze nahastea…
Bat-batean, enpresetako arduradunen lehentasuna langileekiko komunikaziora pasatu zen. Jakinarazpen zehatzak, argiak, erabakiak hartu bezain pronto zabaldu beharrekoak, hurbilekoak. Berdin da zein hizkuntzatan; ez da garaia arreta txikikerietan jartzeko. Kontua informazioa kide guztiei helaraztea da, azkar, ulertzeko moduan eta gertutasuna transmitituz. Oraingoan ere ez dira ohartu hizkuntza dela ore ama, eta ore-ama ondo zaindu ezean, ez dagoela fundamentuzko ogirik.