Tere Irastortza Garmendia – Zaldibia
Zaldibian jaio nintzen. Jaio eta mundura etorri ere bai. Kaletarra naiz eta umetan iruditzen zitzaidan kalearen erdian ezezik munduaren erdian bizi nintzela, batez ere, ohetik, leihoa irekita, esnatzean eta lo hartzen nuenean.
Bertatik aditzen nuen haizearen firinda zuhaitz artean; bertatik, erreka-hotsa, igelen krokatekoa, uretara botatako zakarren batzuen txaplata, uso urrumak eta txorien txioak; eta eulien hegaldia edo eltxoen ziztu sarkorrak burko-azpian burua gordeta. Eskolara joan beharrik ez genuenean, gainera, etxe aurreko perra-tokiko mailu hotsa, kalean gora-behera enkarguetara pasatzen ziren herritarren elkarrizketak; eta, tarteka, motorrak, moto-konpontzailearenak, okindegikoen autoenak, Fangioren edota Etxebetarren autobusen motor-zurrungak; eta adi-adi jarrita eta lurra bustia zegoenean, fabrikazaleen bizikleten gurpilak zoru busti gainean eragiten zuten txistua, zorroztarria sega-pototik atera eta segalariek zorrozte lanean hasten zirenekoaren hain antzekoa…
Ez nuke esango ohean egotea ohikoa zenik gaixo izan ezean. Etxeak ondo hegoastea zen orduko erremedioetako bat, gelak mendafin-erratzekin garbitzeaz gain. Eta susperraldiko ederrena kantuan egiten zuten emakumezkoen ahots ederrak entzutea zen, etxeko-lanetan edo jostundegian ari zirela.
Aldea zegoen aste ala jai izan, eta zer esanik ez festa-egun izan ala ez. San Juan eta San Pedrotan Txamarratxe aurreko alamartso txikiak, gainetik salto egiteko gauza ez ginenontzat eta Martinagotzenean soinuarekin hango dantza eta kantua. Eta Santa Fe goizetako alaitasuna, batzuetan Segurako ttunttunek, eta besteetan, herriko txistulariek alaitua, Manuel Etxeberriak, Nekane Arruabarrenak, Xalbador Etxeberriak eta Xalbador Garmendiak osatutako taldeen eskutik.
Txistulari bihurtzea eskola handia izan zen niretzat, eta esango nuke, gutako askorentzat. Eta ez dut sekula ahaztuko bigarren kantua ikasteaz bat, amak Batista Bazterretxe kantatu eta nik doinua behin eta berriz errepikatuaz nola ikasi nuen, konturatu gabe, txistua jotzen eta nola jabetu nintzen bazela mundu bat, euskalduna, eskola barruan ukatzen zena.
Eta egunotako balkoi-festak adierazten du orain ere badela, zalaparta artean, adi-adi jartzeko ordua, adi egoteak sortzen baitu kultura: hezur-haragizkoa, herritarra, naturari eta ekonomiari erreparatzen diona. Arretak bihurtzen du-eta edozein soinu euskal doinu. Adi, beraz, datorrenari, adi egiten dugunari.