Saioa Garin musikari legorretarrak ‘Ateak’ izenburupean argitaratu du azken sorkuntza lana. Laugarren honetan ere, barren-barrenetik egin du oihu, eta beste behin, entzulearen aurrean biluztu da. Esentziari eutsiz, askori entzutea kostatzen zaizkion gaiak darabiltza bueltaka.
Gogoratzen duzu idatzi zenuen lehen abestia?
Denbora asko pasa da, baina bai, gogoan dut. Letrak nahiko autobiografikoak eta intimistak izan dira beti, eta nire mundu emozionala erakusten dute, metafora indartsuak erabiliz. Lehen abestietan gaztetasuna antzematen zen, ondoren galdu den inozentzia puntu bat zegoen.
Oso gaztetan hasi baitzinen.
Txikitatik entzun dut musika, Nirvana, Dover eta antzekoak, talde angloxajoiak batez ere. Haiek entzuten, amets egiten nuen. Nik ere jendaurrean abestu nahi nituen nire abestiak. 14-15 urterekin gitarra klaseetara joaten hasi nintzen, Tolosara. Gustuko nituen abestiak eramaten nizkion irakasleari, eta pixkana-pixkana konturatu nintzen, gai nintzela haiek jotzeko, eta ilusio handia egiten zidan. Hortik, musika sortzera pasa nintzen, ez zen erabaki kontziente bat izan, nahiko naturala izan zen.
Zure musikarekin zer nahi zenuen kontatu?
Nire buruari galdera asko egiten dizkiot, erantzunak bilatu nahian edo. Nahiko garaiz konturatu nintzen, askotan, ezin direla erantzun, eta galderekin bizitzen ikasi behar dela. Hori da abestien gai fundamentala. Hori, eta pertsonen arteko inkomunikazioa. Komunikatzeko, adostasun batera iristeko zailtasuna. Zuk pentsatzen duzu era batean, nik beste batean, eta kontraste horrek, konflikto pertsonal horrek, erdibidera iristea zailtzen du. Hori erreala da, niri pasatu zait, eta beste jende askori ere bai. Ideia horiek disko guztietan mantentzen dira.
Entzulegoak onartu du zure izateko era, zure egiteko modu hori?
Sufrimendua duten letrak dira eta euskaraz idazten hasten naizenean gainera, nabarmenago geratzen da sufrimendu hori. Zer gertatzen da? Batzuk ez daudela horrelako gaiak entzuteko prest. Gertuko norbait egoera txar bat ari da bizitzen, eta ez nago nire momentu onenean, eta ez dut gerturatu nahi bere sufrimendura, ezta? Hori, pertsona gehienoi gertatzen zaigu.
Badakit nire letra nahiko zailak direla digeritzeko, badakit zeinek egingo dion kasu, eta zeinek ez. Prest egon behar da nire letrak entzuteko. Beraz, badakit zein den nire entzulegoa.
«Lehen abestietan gaztetasuna antzematen zen, ondoren, galdu den inozentzia puntu bat zegoen»
«Nahiko garaiz konturatu nintzen, askotan, galderak ezin direla erantzun, eta galderekin bizitzen ikasi behar dela»
Sei urte isiltasunean egon eta gero, iragan urrian, zure azken diskoa kaleratu zenuen. Nolakoa izan zen prozesua?
Hirugarren diskoa, Natura (Moonpalace Records, 2013) atera eta gero, logikoa den bezala, zuzenekoak egiteko eskaintzak jaso nituen. Zuzeneko bat baino ez nuen eman disko harekin, eta erabaki nuen uztea. Beste bi talderekin izan zen, Pony Bravo eta Los Separatistas, eta ikusi nuen, nola haiek oso ondo pasatzen zuten egun osoan zehar, eta ni, berriz, disfrutatu ezinean. Asko desanimatu ninduen horrek.
Momentu horretan zaila izan zen ezezkoak ematea, baina konturatu nintzen ez nintzela gai, eta hala onartu nuen. Eskertzen nuen nirekin akordatzea, gainera gauza oso politak eskaini zizkidaten, lokal oso berezietan jotzeko aukera bat baino gehiago tartean, baina esaten nien arazoa nirea zela. Beldur eszenikoa zen.
Dena den aurrera jarraitu duzu. Nola?
Une hartan, sortzeko ere agortuta nengoen, ez nuen gogorik, eta gutxitan jartzen nintzen horretara. Gainera, letrak ez ziren hasieran bezain azkar etortzen. Nire gogo horri kasu egin nion eta eten bat egin nuen.
Bitarte horretan, Anarik deitu zidan, Feministaldia prestatzen ari zirela Donostian, eta amaiera kontzertuan ea joko ote nuen. Anarik bazekien zuzenekoekin gertatzen zitzaidana, baina proposamena entzun eta baietz esan nion. Eta ondo joan zen.
Kontzertuaren ondoren, Birkit bakarlariarekin hizketan, abestiak sortzen jarraitzera animatu ninduen. Esandakoak idazteko gogoa sortu zidan. 2018ko abenduan izan zen hori eta urtarrilean abestiak konposatzen hasi nintzen. Erraz ateratzen joan ziren. Maiatzerako 11 abesti nituen, nire ahots eta gitarrarekin eginak. Kantuak banituen bai, eta Joseba Irazoki eta Felix Buff ezagunak ditudanez, nire abestietan kolore pixka bat sartzeko gonbita luzatu nien eta haiek baiezkoa eman zidaten.
Nolako esperientzia izan zen haiekin lan egitea. Emaitzarekin gustura gelditu zinen?
Luxu bat izan zen! Hirugarren diskoa atera aurretik ezagutu nuen Joseba Irazoki. Disketxe berean diskoak aterata zegoen, eta gogoratzen naiz nola biok batera kontzertu bat egiteko tentatu gintuzten. Haren disko batean abesteko ere eskatu zidan.
Berak aurretik proposamen bat egin zidan bezala, nik ere egin nion bueltan. Abesti sorta bat neukala, eta diskoa –Natura (Moonpalace Records, 2013)–, talde moduan grabatu nahi nuela esplikatuz. Berak ere ikusi zuen, eta banda bezala grabatu genuen, hark ezagutzen zituen hainbat musikarirekin.
Oso gustura gelditu nintzen emaitzarekin. Batez ere, musikariek egindako ekarpenengatik. Abestiak nora eraman zituzten ikustea oso polita izan zen. Ordura arte, oihartzun gehien izan zuen diskoa izan zen.
Azkena ‘Ateak’. Zergatik?
Aurreko bi diskoak, Matrioska eta Natura, nahiko kontzeptualak dira. Batak, nire barruan dauden ni desberdinetaz hitz egiten du, besteak, sentimenduak naturako elementuekin lotzen ditu.
Ateak, ez da kontzeptuala, kontzienteki ez behintzat, ez nuen intentzio horrekin egin. Baina abesti guztiak bildutakoan konturatu nintzen atearekin zerikusia duten elementuak asko errepikatzen direla, eta izan ditzakeen esanahi desberdinen erreferentziak abesti ia guztietan agertzen direla.
Adibidez, lehenengo kantak, Oihukatzen du izenburua duenak, «Atea itxita, ta giltzaren faltan begiak zerrailean iltzatuta…Maite dut!» esaten du. Edo, Galbaheak. Abesti horrek kontatzen du nola bi pertsonen arteko harremanean, bakoitzak bere ikuspegitik begiratzen duela errealitatea, bere filtroak jarriz, bere galbahetik, alegia. Hori bera, mamu bihurtzen da, besteengana iristeko pareta batean, ate batean. Askotan gertatzen da hori.
«Momentu horretan zaila izan zen ezezkoak ematea, baina konturatu nintzen ez nintzela gai zuzenekoak egiteko»
«Benetako borroka da niretzat letrak idaztea, eta egindakoarekin gustura gelditzea ez da erraza»
«Arantza Iturbe kazetari eta idazleak arrazoi zuen esaten zuenean kultura notiziak amaitzeko lazo arrosa dela»
Ateak, batzuk itxi, beste batzuk irekitzeko. Orain zertan ari zara ?
Oraintxe, gitarrarekin nago, akorde berriak probatzen ari naiz, doinu berriak bilatzen. Letrak osatzeko denbora asko behar izaten dut. Benetako borroka da niretzat eta ez da erraza egindakoarekin gustura gelditzea. Letra batekin hasi, bi esaldi idatzi eta bueltak eman ondoren ez duela balio pentsatzen badut, frustrazio hori nahiko gaizki daramat. Prozesu motelekoa naiz, koaderno batean ideiak idazten ditut eta ideia potenteak badira, abesti baterako eman dezaketenak, forma ematen joaten naiz. Baina metafora berriak bilatzeko eta pentsatzeko nire denbora behar dut.
Hala ere, baditut abesti pare bat, ez daude guztiz bukatuta, baina badut zerbait. Euskaraz dira, gustua hartu diot, askeago sentitzen naizelako. Benetako interesa daukat orain euskararekin. Horregatik, azken aldian, euskaraz asko irakurtzen ari naiz, badakidalako, irakurketan inbertitzen ari naizen denborak fruituak emango dituela. Atzera buelta egitea, beraz, oso zaila da.
Bestalde, frantsesa ikasteko ere ari naiz baliatzen denbora.
Etxealdia beraz, ederki ari zara aprobetxatzen. Horri lotuta, azken asteetan, kulturaren arloan lan egiten dutenek ahotsa altxatu dute, kulturari dagokion tokia eman behar zaiola aldarrikatu dute.
Bizi dugun egoera berezi honetan, kulturak ere hitz egin du. Batez ere, publikoarekin lotura estua duten profesionalak, musikariak, dantzariak, antzerki munduan lan egiten dutenak… Lehen ere haien egoera ez zen ona, baina orain, gainezka egin dute.
Ni nahiko pesimista naiz gai horri dagokionean, eta hala izanda ere, aukera bat bezala ikusi nahi dut. Uste dut erreflexio bat behar-beharrezkoa dela, batez ere gobernuaren aldetik, administrazioaren aldetik. Benetan kontsideratu beharko lukete zertan inbertitzen den dirua eta zeri ematen zaion lehentasuna.
Onar dezaket, gizarte batek aurrera egiteko, ekonomia mugitzen duten enpresa handiak, beharrezkoak direla. Hortan, ados! Ez naiz hippy bat, baina hala ere uste dut Arantza Iturbe kazetari eta idazleak arrazoi osoa zuela esaten zuenean kultura notiziak amaitzeko lazo arrosa dela.
Kultura kontsumitzen duen ororentzat ere, erreflexio unea beharko luke honek. Kontsumo ohituren inguruan pentsatzeko asko dugu guztiok. Norberak bere buruari zertan ari garen galdetu eta gauzak ondo pentsatzeko momentua da orain. Konfinamenduan, kulturaren arloan daudenek eskuzabaltasuna erakutsi dute, beste behin, haien lan asko, doan, guztion eskura jarriz. Aurrera begira, doan kontsumitzera ohituta dagoen gizarte honetan, musikari batek, musikatik bizi ahal izatea bermatu nahi badugu behintzat, dirua nola eta zertan inbertitzen dugun, horren inguruan pentsatzeko asko dugu.
Lau diskotan islatutako bizitza bat
Saioa Garin 1978. urtean jaio zen, Legorretan. Oso gaztetan hasi zuen ibilbidea musikan, eta gitarra izan du bidelagun urte hauetan. Osabak oparitutako gitarra elektrikoarekin jo zituen lehen akordeak, eta kantak sortzen ere laster hasi zen.
DonostiaHiriko pop-rock lehiaketara aurkeztu zen 2004an, eta hirugarren postuan geratu zen. 2007an, Particular land izeneko sei abestiko Ep bat argitaratu zuen, Moonplace Records zigilupean. 2008an, Matrioska heart grabatu zuen, 11 kantuko disko dotore eta mimosoa, Gorka Hermosaren (akordeoia) eta Joseba Baleztenaren (gitarra) laguntzarekin. Aipamen berezia merezi du CDaren aurkezpenak. Kartoizko errusiar matrioska batean zetorren. Diskoaren ideia nagusia primeran irudikatzen du kutxa hark, izan ere, Garinek, barneko ni desberdinak atera zituen.
Sormen geldialdi luze baten ondoren, 2013an, hirugarren diskoa besapean zuela itzuli zen, Natura. Moonpalace Records zigilupean argitaratu zen berriro, eta euskaraz grabatu zuen osorik. Ordura arte, ingelesez aritu zen gehiago. Hainbat folk pieza daude, hala nola, Unean Uneko edo Dar-Dar, Bor-Bor, baina pop ukituak dituen diskoa ere bada. Musikalki, jantzia, banda soinuarekin lagunduta egin baitzuen. Joseba Irazoki handia, Felix Buff, Jaime Nieto, Txus Aranburu, Igor Telletxea, Mikel Xedh, edo Iñigo Irazoki bezalako musikarien lankidetza izan zuen.
Egindako lanarekin gustura geratu zen, baina ezin izan zuen jendaurrera nahi beste eraman, beldur eszenikoa dela eta. Pentsa ziteken, hortxe amaituko zela artista legorretarraren ibilbidea, baina ez zen horrela izan. Oraindik, oihukatzeko asko zuen barruan.
Hala iritsi zen iazko urrian pop-a eta folka nahasten dituen Ateak. Autoekoitzitako lan honetan soinu-poesiarekin dator, eta ate mordoska dituen laberintu baten barrena eramaten du entzulea.
Orain, «gustura» dago, eta ari da etorkizuneko kanta berrietan lanean.