Milaka gara urtean zehar Aizkorri mendilerroa zapaltzen dugunok, aire garbiak eta edertasunak erakarrita. Hirigune eta mendi hondatuak atzean utzi eta gogoz barneratzen gara bere baso eta larre zabaletan. Ezin esan oso mendi handia denik, baina joanaldi bakoitzean zerbait berria deskubritzen dugu. Izan ere, txoko ezkutu eta mendeetan pilatutako aztarna ugari ditu.
Izenak adierazten duen bezala, mendi narrutua gailentzen da belardi eta pagadien artean, lurrik ez duena, gorria. Haitzak, harriak, nardak eta mailak ugariak dira, harrizko multzo ikaragarria osatuz. Haitz bakar batean jarriko dugu begia, Zegama eta Legazpiko isurialdean dagoen batean: Andraitz haitz misteriotsuan. Izen polita du, ezin uka, eta horregatik eman dio izena hainbeste elkarte, enpresa, kale eta talderi. Baina ez da haitz deigarri bat, haitz txikia da, basoz inguratutako haitz-punta bat.
Jendeak uste du goiko tontorra dela, haitzetik 700 bat metrora dagoen tontorra, hango buzoiaren plakan hala jartzen duelako, baina ez da hura. Ingurua ondo ezagutzen duten artzainek beste izen bat erabiltzen dute: Burnikuruzko haitza (garai batean, Burrunkurutze), bertan burdinezko gurutze bat egon zelako Legazpi, Zegama eta Partzoneriaren mugan. Andraitz beherago dago, Zegamara jaisten den bidetik gertu, Andraizko iturritik ehun bat metrora. Gaur egun paraje bakartia bada ere, gizakien aztarnak badira: artzain txabolak egondako orubeak, eskorta zaharrak, ikazkinek txondorra pizteko gertatzen zituzten plazak, harrian zulatutako antzinako bideak… Eta testuinguru horretan, izena duen haitz bakartia.
Lehen aipamena, 1615ekoa
Haitzari buruz daukagun aipamenik zaharrena 1615ekoa da, Legazpi Seguratik askatu eta 7. urtera idatzitako agiri batekoa: «Sitio de Andraaitza». Izan ere, udalerriaren lehen mugarriketan muga naturaltzat jo zuten. Ez da Goierriko leku-izenetan ‘andre’ osagaia duen izen bakarra: Andrakorta (Zegama), Andramarinaipenabardi (Legazpi), Andraanditegi (Gabiria), Andranafarrasagasti (Idiazabal), Andraelorria (Ataun, Idiazabal, Lazkao eta Olaberriko mugan), Andramazotegi (Mutiloa)…
Andraitzek, ordea, Andreelorriak bezalatsu, badu antzinako kutsu nabarmena, ama-lurra errespetuz begiratu eta zaintzen zen garaia dakarkiguna. Tamalez, ez dugu haitzaren inguruan istoriorik jaso, egongo zirela ia segurua den arren. Behin bakarrik entzun nion aitona bati Andraizko damaz hitz egiten, lehen eta azken aldiz. Aketegiko damaz ari ote zen? Haren bizitokia ez dago hain urruti ere. Dena dela, datu horiek zer pentsatua eman beharko lioke gaurko herritar moderno eta suntsitzaileari.