Joxe Mari Gabiria Pikasarri, Zumarraga
Zumarragarra naizen arren, aitaren eta amaren sorterri Gabiriako Bekoetxe eta Baztarrika baserrietan egonaldi luzeak egin nituen lauzpabost urteetatik hamazazpi bete nituen arte.
Haurtzaroan izandako hainbat bizipen memoriaren albumean gordeta geratu zitzaizkidan betirako argazkiak bailiran. Ez dakit nork egindako argazkia den. Etxeko inork ez behintzat, gurean garai hartan ez baitzegoen kamerarik. Ama Lauraren jaiotetxe Baztarrikatik gertu zegoen Pasiotarren komentuko praileren batek aterako zigun, seguruenik. Izan zena izan zela, 1960ko uda hartan kamerari klik eragin zionak argazki historikoa egin zuen, bai niretzat, behintzat. Taldean agertzen naizeneko lehena delako, historikoa; eta, batez ere, nire bizitzako aldi hura hobeto gogoratzen lagungarri zaidalako.
Izan ere, zumarragarra naizen arren, aitaren eta amaren sorterri Gabiriako Bekoetxe eta Baztarrika baserrietan egonaldi luzeak egin nituen lauzpabost urteetatik hamazazpi bete nituen arte. Uda, Aste Santu nahiz Gabonetako barkazioak han eman nituen. Honetara ezkero, bateko eta besteko osaba-izeba eta lehengusu-lehengusinekin eskerroneko izatea tokatzen zaidala irizten diot (aurrez-aurre ez bainien inoiz adieraziko), beti etxeko bezala hartu nindutelako.
Beste mundu batera
Oinez lasai joanda bi orduz azpitiko bidea dago Zumarragatik Gabiriara. Baina denbora tarte labur horretan beste mundu batera iristen zinen, atzean utzitakoaren oso bestelakora. Esango nuke hizkuntzak markatzen zuela desberdintasun handienetakoa. Zumarragan etxean bai, baina eskolan, dendan, lagunarteko jolasetan euskaraz ez nuen egiten. Gabirian jabetu nintzen, beraz, euskaldunak izeneko tribu baten kide nintzela; Zumarragan ez bezala, han denak tribu berekoak zirela, ezkutuan eta lotsaz ibili beharrik gabe, beren hizkuntzan natural mintzatzen zirela. Horregatik esan izan dut askotan, neu ohartu ere egin gabe, nire euskaltegi izan zirela Baztarrika eta Bekoetxe. Han ikasi nuen, besteak beste, neskek nesken artean eta mutilek mutilen artean ez zutela berdin hitz egiten. Saiatzen nintzen ni ere haiek imitatzen. Ez alperrik!…
Euskaltegia aipatu dut. Baserriko ikasgela zabal hartan, baina, noiznahi eta nonahi zegoen zerbait ikaskizun: gizarteko harremanez, elizako santoralaz, zoologiaz nahiz botanikaz, etnografiaz, merkataritzaz…
Ikasi nuen apaizari eta medikuari baserritarrei baino gradu handiagoa ematen zitzaiela, ikasi nuen sanroketarako soroak prest egon behar zuela arbia ereiteko, iraupen desberdina izaten zuela ardiaren eta behiaren umealdiak, astoari hatzazalak mozten eta idiak perratzen artista zela Eguzkitzako Batista, ikasi nuen sanjoanetan izaten zirela Telleriarteko festak, sanpedrotan Mutiloakoak, santamañatan Aztiriakoak eta iraileko Andramaritan Liernikoak; ikasi nuen bazela lurpean bizi zen animalia itsu bat, bere kasa utzi ezkero kalteak eragiten zekiena baratzean eta larrean; idiak uztarrian lotzea ez zela etxeko edozeinentzako moduko lana; etxekoandrearen ardurakoa zela astean behin ogia egitea, eta ostiraletan Legazpiko azokan baserriko barazkiak eta sagarrak saltzera joatea.
Aitajauna eta amandrea
Gurasoen gurasoak aitajauna eta amandrea zirela ere ikasi nuen. Adi egoten nintzen, artoa aletzen ari ginen bitartean, esaten zituzten istorio harrigarriak entzuten. Haietako asko gogoan ditut oraindik. Kontuak bezalaxe, oso zaharrak iruditzen zitzaizkidan aitona-amonak. Lerro hauek idaztean konturatu naiz haiek orduan adina urte dudala nik neuk gaur. Baina hemen nabil memoriari tiraka eta erretiratuaren barkazio aldi luze honetan ikasten jarraitzeko gogo biziz.