Xabier Gorospek (Arama, 1997) txikitatik jokatzen du golfean. Aitarekin eta aitonarekin hasi zen, eta hamabost urterekin errendimendu handiko Blume zentrora joan zen batxilergoa egitera, Madrilera. 2018an Basque Teamen beka lortu zuen, eta aurten Gipuzkoa Kirola beka eman diote. Zaila den arren, oraindik aukerekin ikusten du bere burua.
Goierri mailan ez dago horrenbesteko afiziorik golferako. Nolatan hasi zinen kirol hori praktikatzen?
Bada hiru edo lau urterekin hasi nintzen, oso txikitan. Klaseak udan izaten dira, umeentzako ikastaroak egiten dituzte, eta horrela hasi nintzen. Aita eta aitona ibiltzen ziren golfean hobby moduan, eta haiekin joaten hasi nintzen.
Gero sozio egin zituzten aita eta aitona, eta hasieran ni ere joaten nintzen. Gero eta zaletasun handiagoa, eta gero eta denbora gehiago pasatzen nuen bertan. Azkenean lagunak ere egin nituen.
Nora joaten zineten?
Ni Donostian hasi nintzen, Basozabal izeneko klubean. Ospitale ondoan dago.
Elitearentzako kirol itxura izan dezake golfak. Zer esan dezakezu horren inguruan barrutik ikusita?
Urteak pasatzen joan diren heinean gero eta eskuragarriagoa izan da, eta gero eta publikoagoa, baina egia da duela urte batzuk, duela 50 urte inguru, eliteak, gobernuko kideek eta diplomatikoek jokatzen zuten kirol bat zela.
Denborarekin jende gehiago zaletu da. Kiroldegietako txartela erosten duzun bezala, eguneko txartela ere eros dezakezu golfean jokatzeko. Gero eta jende arruntagoa ari da apuntatzen. Orain edozein kiroletan bezala da, edozein joan daiteke, zelai publikoak daude. Andoainen badago bat. Nik uste momentu honetan golfa edozein kirolen mailan dagoela zentzu horretan.
Kirol teknikoa da golfa. Zein puntutaraino dauka eragina fisikoak?
Zehaztasun kontua denez, eta ez duzunez perfekzioa lortzen zehaztasunarekin, beti daukazu hobetzeko tarte bat. Teknikoki beti dago hobetzeko aukera. Golfen jokatzen hastean kosta egiten da, azkenean ez delako mugimendu natural bat frontoian edo futbolean izan dezakezun bezala txikitatik jokatu baduzu. Teknika beharrezkoa da pilota ondo harrapatzeko eta pilotak nahi duzun mugimendua egin dezan. Ordu asko sartu behar dira.
Fisiko aldetik ez horrenbeste. Geroz eta gehiago, bai, azkenean beti daukazulako nondik lortu hobetze hori. Agian indartsu bazaude pilota urrutirago botatzeko aukera izan dezakezu. Beti daude horrelako xehetasunak, baina azkenean fisikoa ez da horren garrantzitsua. Fisikoak ez zaitu mugatzen golfean. Era eta itxura askotako jendea dago.
Madrilgo Blume errendimendu handiko zentroan izan zinen batxilergoa egiten.
Bai. DBHko laugarren maila arte Jakintzan ikasi nuen, Ordizian. Hamabost urterekin joan nintzen batxilergoa egitera Madrilera, Blumera. Golf selekzioarekin entrenatzeko beka bat eman zidaten. Lau urte eman nituen han: bi urte batxilergoa egiten eta beste bi goi mailako gradu bat egiten.
Esperientzia oso ona izan zen. Kirol guztietako eta maila handiko jendea dago bertan azkenean.
2018. urtean profesionaletara pasatu zinen. Nolakoa izan zen prozesua?
Bai, abuztuan izan zen. Azkenean golfean arraroa da: maila batera iristen zarenean zuk daukazu aukera pasatzeko ala ez. Ez da pilotan ala futbolean bezala klub edo enpresa batek kontratatu behar zaituela. Judoko gerrikoak bezala, golfean zenbaki bat duzu esaten dizuna zein mailatan zauden. Zerora iritsi artekoa da zenbaki hori, jaisten doa. Zerora iristen zarenean zuk aukeratzen duzu profesionaletara pasa ala afizionatuetan geratuko zaren.
«Beti daude xehetasun txiki horiek, baina azkenean fisikoa ez da horren garrantzitsua golfean jokatzeko»
«Ziurtasuna izan behar duzu zure buruarengan profesionaletara pasatzeko, eta ikusi aukerak badituzula»
Hortaz zuk hartutako erabakia izan zen 2018ko urrats hori.
Nik eta nire entrenatzaileak. Azkenean apustu bat bezalakoa da. Beti daude lagunduko dizuten babesleak, baina zuk zure bidaiak eta zure txapelketak ordaindu behar dituzu. Zuk laguntza horiek lortu baino lehen apustu bat egiten duzu zugan. Ziurtasuna izan behar duzu zugan, eta ikusi aukerak badituzula. Profesionaletara pasatzea aukerarik ez duzula jakinda… Inbertsio bat izan behar da azken finean.
Urte berean Basque Teamen beka eman zizuten. Zer esan nahi du horrelako laguntza batek zuretzat?
Urtebete egon nintzen, bai. Azkenean beka ematen dizute eta haiekin formazioa egiteko aukera daukazu. Getxon dagoen zentro batean ematen dizkizute laguntza teknikoak, fisikoak, medikuntza testak egiten dizkizute. Alde horretatik beraien laguntza daukazu, eta laguntza ekonomikoa ere bai. Haien prestatzaileen saioek, antolatzen dituzten hitzaldiek eta abarrek asko laguntzen dute. Eskertzen da.
Aurreko urtean ez zidaten beka berritu, eta aurten Gipuzkoa Kirolaren beka eman didate.
Mizuno Golf babeslearen laguntza daukazu. Noiztik?
Denbora asko da jada, hamasei urte inguru nituenetik jasotzen dut haien laguntza. Materialarekin laguntzen didate batez ere. Azkenean golfean materiala nahiko garestia da, goi mailako materialari dagokionean bai behintzat.
Zer asmo duzu etorkizunari begira?
Mundu hau oso zaila da. Azkenean lehiaketa internazionala da, ez daude ligak. Txirrindularitzarekin antzekotasunik badu; adibidez Kataluniako Itzulia izan daiteke proba, baina leku guztietatik joaten da jendea lehiatzera. Golf jokalari guztiek munduan zehar dauden probak egiten dituzte kategoria ezberdinetan. Golfista asko daudenez, maila oso zorrotza da.
Etorkizunari begira, garbi daukat saiatzen jarraitu behar dudala, aukerekin ikusten dut nire burua oraindik gauza gehiago egiteko golfean. Orain, alarma egoeran bada ere, egunero entrenatzen dut entrenatzailearekin emaitza onak lortzeko etorkizunean.