Pollack-en filmeak egin zuen sonatu esaldi hau, Estatu Batuetako Depresio Handiaren garaian biziraupenerako ikur gisa. Dardarrean eta izu somatzen da garaiotan kulturari lotutako unibertso osoa. Ez dakit munduari zenbaterainoko beheraldia datorkion, baina bien bitartean ez utzi dantzatzeari madarikatuok!
Zorigaitz handienek, izurriteek, gerrate odoltsuek, jauntxo eta aldian aldiko agintariek ezarritako debekuek sekula gain hartu ez digutelako.
Plaza eta kaleen faltan, leku txiki, balkoi, are zoko ilunetan ere, dantza gaitezkeelako. Nahiz eta ganbaretan ezkutuan egin behar izan den sarritan, beti askatasun ekintza izaten delako. Gozatzeko eta ondo pasatzeko ikuslerik edo begiluzerik behar ez dugulako.
Arnasa hartzea bezain beharrezko eta Osasunaren Mundu Erakundeak berriki gure ongizate eta osasunarentzat ezinhobea dela aldarrikatu duelako. Oinutsik, ekipazio berezirik gabe, merke asko egin daitekeelako.
Lotsaren aitzakiarik gabe, oraingo honetan etxeko babesean inork ikusi gabe ere egin dezakegulako. Zientoka tutorial eta bideo lagungarri sareetan, ikastea sekula baino errazagoa bihurtu delako (sorta eder eta anitzaren erreferentzia aurkituko duzue aurtzaka.eus gunean: itxialdirako dantza baliabideak).
Gure herrietako jaiak badatozenez, segida luzeko soka eteten utzi ezin dugulako, eta herri-jakinduriak beti egin izan duen moduan, guk ere moldatzen asmatuko dugulako.
Dantza gaitezen madarikatuok!