Lagunarteko hitz-aspertuetan distopia kontzeptua ahoratzeko gogoz igaro ditut azkeneko hiruzpalau urteak. Ez dut, ordea, horretarako une egokia topatu, nahiz eta ahalegindu naizen solasaldiak bideratzen erabilpena pertinentea bilakatuko zuten agertokietarantz. Nago ni besarkadarik eta harron arteko zaplazteko lagunkoirik gabeko hurrengo bazkarian ere ez naizela ausartuko. Azken finean, berritasun batek dakarren ezustekoaren emozioa ere ez luke eragingo ene laguntzarren eta etsaien artean, distopia batean bete-betean bizi baikinen itxialdiaren aurretik ere.
Ene sinpletasunaren adierazgarri izango da beharbada, baina sarean ia konpultsiboki erosteko joera hori, distopiaren adibide bat jartzearren, zuzenean lotzen dut gizakion alienazioarekin. «Bestela ez dut denborarik». Argudio ohikoa izan daiteke hori. Ados. Baina utz iezadazue, orduan, bizitza eta gizakia erdigunean izango dituen errepublika independente, sozialista eta feminista baten aldez aurretiko porrota irudikatzen.
Denbora eta indar faltagatik izango da, baina azken asteotan kapitalismo basatienaren beraren ondorioz maiztutako bideo deietan ez gara utopia alai eta libre horri buruz hitz egitera iritsi. Gure miseriak estali eta nor kontzientziatuago, konprometituago, agertzera mugatu gara. «Nik baserritarren produktuak erosten ditut», batek. «Baina zu Filmin-era harpidetu zara», besteak. «Eta horrek zer inporta du?», hirugarrenak. Bien bitartean, barrez lehertu beharrean imajinatzen ditut bideo dei horiek ahalbidetzen dituzten programen ugazabak. «Hi, Simon! Hauek ez ditut enteratzen! Kar-kar-kar».
Miren Etxezarreta ordiziarrak, ekonomian doktoreak, planteatu du: «Ez ote da izango beldurra zabaltzea ongi datorkiela?». Bai, baina, halere, neurri batean, behintzat, gure esku dago Ana Goikoetxea arrain saltzaileak esandakoari eustea: «Herriko jendea denda txikietan erosten ari da». Orduan bai, orduan sinestuko dut utopia alai eta librean.