Joxepa Madariaga Irastortza – Lazkao
Ni bizi naizen artean entzun itzazue garai bateko kontuak, adiskideak. Bazen behin… Lazkao, 1915.
Erreparatu argazkiari eta ikusi parrokia, beneditarren eta zistertarren monasterioak, Jauregia eta Udaletxea; lehen bezalatsu, tente dauzkagu, 100 urte baino gehiago pasatu arren, oraintxe ere ezagutzeko moduan. Ez, ordea, kale etxe eta baserriak, asko desagertuak edota erabat eraldatuak baitaude: Errota-txiki, Orobione, Andrexkale, Bordaxuri, Aresone, Zubiaurre, Botika-txiki, Karterone, Felipene, Kaxianone, Intxaurrondo, Maizpi… Eta horiekin guztiekin bat, herri erdi erdian, parrokiaren aldamenean, Albisuneko forja burdinola genuen. Orduan ez zegoen herrien kanpoaldean industrialderik, lantoki eta enpresak ere eskuera, moko-mokoan, izaten ziren.
Gogoratzen naiz, elizetako kanpai-hotsekin batera, forjako mailu-hotsa entzuten genuela, gau eta egun entzun ere, etxe barrutik, leihoak ondo itxi arren. Kanpaiak eta mailua, biak batera joz, kontzertua. Mailu hotsa zen bat eta, bestea, usaina, kiratsa, burdinolak bota eta guk irensten genuen burdina-hautsa. Parrokiaren segidan zegoen, beraz, mezetara joateko derrigor pasatu behar bertatik, hormaren ondo-ondotik, ia-ia enpresa barrutik; ikusi egiten genituen langileak lanean, ikusi burdina gorituak, ikusi eta entzun mailuak zartaka eta danbadaka, elizara gindoazenean; eta baita ikastolarakoan ere; izan ere, Elizkriston (kalostran), elizako saloietan ere bai baikenituen gelak, ikastolaren sorrera hartan.
Orain plaza, ikastola, kiroldegia, anbulatorioa eta aparkalekua ditugun lekuan baratzeak, zelaiak, futbol zelaia eta Sustraitz erreka ziren eta, gogoratzen naiz nola ibiltzen ginen jolas batean, futbol zelaian korrika eta, gerora estali zuten errekan, Sustraitzen, zapaburuak harrapatzen.
Ezin bukatuko dut, ganbaratik erreskatatu ditudan garai bateko istorio hauen kontaketa, koroa-birusa aipatu gabe! Txinatik etorri dela, laborategietatik «bota» digutela… hau eta beste esango digute. Batzuek bat, besteek bestea, sinetsiko dugu, baina sekula ez dugu jakingo gaitz horren nondik norakoa. Garbi dagoena da, bizitza erritmo bizkor eta itsuak haserretu duelarik, natura, gure ama-lurra, kontuak eskatzen ari zaigula. Gure txikizioak eta goseak mugarik ez dute. Orain, derrigorrez, balazta sakatu eta gerarazi egin gaitu, naturak berak, ez politikoek. Gerarazi bai, baina ez da nahikoa bi astean, edota bi hilabetean, geratu eta lehengo martxari heltzea, berriz. Ez horixe! Eta hala egiten badugu, berehala izango dugu, beste COVIDen bat erasoan. Geroz eta maizago eta pandemia handiagoak ezagutzeko gaude…!
Ez gara gaur goizekoak, baina ezta hain zaharrak ere, oraindik; bizi gara eta makina bat istorio baditugu kontatzeko, historia egiteko. Hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Lazkaoko plazan!