Koke Lasak (Ormaiztegi, 1959) betidanik jo du mendira. Etxe inguruko tontorretatik hasi eta munduko mendi garaienetaraino heldu da eta aurrez inork zapaldu gabeko parajeetan ibili da. Mendiaren beste aldea ere ezagutu du, sufrimenduarena. «Zer pentsatua ematen du, baina horrela ikasten da buelta eman behar dela. Hori bai, zalantza txiki bat betirako geldituko zaizu». Ez da kikiltzen, eta gorputzak uzten dion bitartean mendira joaten jarraituko duela dio.
Mendizaleen eskailera osoa egin duzu.
Garai hartako progresio klasikoa izan dut. Inguruko mendiekin hasi nintzen: Aizkorri, Kizkitza, Izazpi, Txindoki eta abar. Gero, pixkanaka, Piriniotara joan ginen lehendabizi, gero Alpeetara eta bi urtetan Andeetara, Ekuador eta Bolivia inguruetara. Kasik konturatu gabe sortu zen Nepal aldera joateko aukera. Halakoak ezin dira pasatzen utzi, eta aprobetxatu eta han joan ginen.
Non nabaritu duzu jauzi handiena?
Alpeak jauzi nabarmena izan ziren. Altuerari dagokionez, Pirinioekiko ez dago koxka handirik, baina beste perspektiba bat ikusten zen. Andeak garaiagoak dira, baina Alpeak bereziagoak.
Himalaia beste salto bat da. Alpeetan oso gustura nengoen, baina tontor batek beste batera eramaten zaitu eta bila joan gabe aukera sortu zen. Bertako kulturak bete-betean harrapatu ninduen. Bolada batean han ibili nintzen, baina 6.000 eta 7.000ko mendiak ere probatu nituen. Orain badirudi derrigor 8.000koetan ibili behar dugula, baina tartean oso bide interesgarriak daude baxuagoak izan arren.
Tontorra zenbat eta altuagoa orduan eta xarma handiagoa du?
Altuerak badu bere xarma, baina ez da helburua. Altueraren bila joan gabe ere, planak onak badira, gustuko gauzak egin daitezke.
Lehen 8.000koa 1993. urtean igo zenuen: Cho Oyu.
Joxe Ramon Agirre Marron ataundarrak Cho Oyura joateko baimena zuen, baina Everestera joateko aukera suertatu zitzaion eta bere baimena libre gelditu zen. Buru belarri heldu genion. Halako espedizio bat ez da Andeetara joatea, beste egitura bat eskatzen du. Urtebete genuen aurretik eta prestakuntza guztia oso intentsua izan zen: bidaia antolatu, hornidura bildu, janaria lortu… Ia- ia bigarren lan bat izan zen.
Gainera, Nepal aldetik igo genuen. Azkenetarikoak izango ginen, Tibet gurutzatu behar baita eta Txinak muturra sartuta duenetik-eta trabak jartzen ditu. Gu joan aurretik atxiloketak egon ziren, eta nahiz eta baimen guztiak eduki erdi ezkutuan igo ginen. Alde horretatik ere oroitzapen gogorra dut.
Horren tontor garaia zapaltzean zer sentitzen da?
Ezkutuan ibiltzeak esfortzu fisiko handiagoa eskatzen zigun, eta nahiko justu jan genuen. Sekulako desgastea eragin zigun eta gora iristea satisfakzio handia izan zen. Halako esfortzuaren ostean iristea… [arintasun hasperen bat egin du] betekada handia izan zen.
Mendizale baten barruan aldatzen da zerbait 8.000ko langa gainditzean?
Ez dakit zer den, baina harrapatu egiten zaitu. Tontorra harrapatzeak poz handia eta berriro beste batera itzultzeko gogoa eman zidan. Aldi berean, paraje berriak ezagutzea gustatzen zait. Pakistan eta Karakorum mendikatea ezagutu nahi nuen: beste paisaia bat, beste kultura bat eta beste istorio bat. Aitzakia horrekin erronka berriak etorri ziren.
1995. urtean Gasherbrum I tontorra zapaldu zenuen. Gailurrera iritsi zen lehen euskal espedizioa izan zen.
Horrela tokatu zen. Gure hasierako asmoa Gasherbrum IIra joatea zen, baina Iera joateko baimena eman ziguten. Egia esan, oso informazio gutxi genuen eta zer topatuko genuen ez genekiela joan ginen. Alde horretatik interesgarria izan zen. Gainera, Carlos Carsoliorekin eta Krzysztof Wielickirekin egin genuen topo. Hamalau 8.000koak egiten buru belarri zebiltzan, eta gu beraien alboan. Oso gustura amaitu nuen esperientziarekin.
Eta 1997an marka berdina lortu zenuten, kasu honetan Manaslun.
Juanito Oiartzabalek tentatu ninduen. Arriskutsu xamarra zela genekien, baina animatu egin ginen. Tontorra egitea lortu genuen egunean sekulako haizea eta hotza egiten zuen eta izozketa batzuekin jaitsi nintzen. Ez zidaten ezer moztu, baina apur bat ukituta amaitu nuen.
Nolakoa da mendialdearen alde desatsegina?
Manaslun bertan, gu igo ginen egun berean, bi txekiar bertan gelditu ziren. Oso gogorra izan zen. Juanito eta horiengandik apur bat atzerago nindoan eta gailurrera bakarrik iritsi nintzen. Orduan ikusi nuen txekiarren espedizioko kide bat iristen ari zela, eta itxaron egin nion elkarrekin jaisteko. Bidean ikusi genituen bi gorpuak. Mendiaren alde hori oso gogorra da, eta halakoetan argi ikusten da ez dela brometakoa. Edozein deskuidu asko ordaintzen da. Mendiari errespetu handia izan behar zaio, beti baitago arrisku pixka bat.
Heriotza hurbiletik ikusten duzunean zure barruan zerbait aldatzen da?
Manaslutik izozketekin jaitsi nintzela eta bi horiek han gelditu zirela ikustean buelta asko ematen dizkiozu zure buruari. Gainera, urtebete lehenago Broad Peaken geundela hiru korear ere bertan hil ziren. Zer pentsatua ematen du, baina horrela ikasten da momentu jakin batean buelta eman behar dela.
2009an, Kangchenjungan, biriketako arazoak izan nituen. Momentu hartan Patxi Goñirekin nengoen, biok bakarrik. Arratsaldeko hirurak ziren eta alboan ikusten genuen gailurra, 150 metrora. Desnibela gutxi da, baina bi ordu edo gehiago da. Bi urte lehenago Patxiren lagun bat ere han gelditu zen, eta berak esan zidan behera jaisteko. Momentuan eskemak apurtu zizkidan, ‘nola behera, begi bistan genuen–eta’. Mila buelta eman nizkion, baina jaistea erabaki genuen. Geroztik pentsatu dut zer gertatuko zen aurrera joko bagenu, baina ikusirik nola amaitu nuen, agian oso erabaki kaxkarra izango zen aurrera jarraitzea.
Zer garrantzia du burua hotz izateak? Noraino arriskatu daiteke?
Bakoitzak jarri behar du neurria non dagoen. Erabaki zaila da, eta oso-oso pertsonala. Badakizu zer dagoen jokoan. Pixka bat pasatzen bazara badakizu bertan gelditzeko arriskua duzula. Muga hori batzuetan oso garbi ikusten duzu, baina besteetan ez horrenbeste. Sekulako esfortzua egin duzu horraino iristeko eta buelta ematea oso gogorra da. Bakoitzak ikusi behar du. Eta 8.000 metrotara buruak ez du berdin funtzionatzen.
Merezi du horrenbeste arriskatzeak?
Nik buelta eman nuen, baina beste batzuk agian ez. Oso erabaki pertsonala da. Nik, oso garbi ikusten ez dudanetan, buelta hartu dut, baina errespetatzen dut gora egitea erabakitzen badute. Zirt edo zart egin beharreko erabakia da.
Itzultzeak amorrua ala lasaitasuna ematen du?
Dena nahasten da. Alde batetik eskura ikusten duzu eta pentsatzen jartzen zara azken esfortzu bat egin ote dezakezun. Hotzean pentsatzen duzunean desberdin ikusten duzu. Hori bai, zalantza txiki bat betirako geldituko zaizu.
Lasaitasuna ere sentitzen duzu. Altuera galtzen goazen heinean hobeto sentitzen goaz eta gorputza errekuperatzen hasten da.
Gasherbrum IIko espedizioa goierritarrez inguratuta egin zenuen. Zein garrantzia du taldeak mendian?
Garrantzia handia du, lagun edo ezagun artean erosoago mugitzen zarelako. Egia esan, espedizio horretan asko ez nituen aurretik ezagutzen, askotan espedizioak lagun baten lagunekin osatzen direlako. Halere, oso giro onean ibili ginen eta oso gustura. Taldearekin ia beti oso gustura ibili naiz.
Nolako giroa egoten da kanpalekuetan? Erlaxatzeko aukera izaten duzue?
Beti egiten duzu harremana albokoarekin. Azkenerako, espedizioetan denerako denbora egoten da eta jendea ezagutzea ere oso interesgarria da. Batzuetan planak ere sortzen dira. Espedizio batetik beste espedizio baterako planak egin ditut.
XXI. mende hasieran Pakistan iparraldeko mendietan ibili zinen. Rui Peak, Dest Sar, Yaz Sar, Tapin Sar eta Changtok. 6.000 eta 7.000 metroko mendiak dira, baina aurretik inork igo gabeak. Beste atmosfera bat dute?
Esperientzia ikaragarriak izan ziren, esplorazio espedizioak. Mapan ikusi genuen hutsune handi bat zegoela, eta bertan, izenik gabeko tontorrak. 8.000ko baten adinako ilusioarekin eta gogoarekin ibili nintzen. Denbora justurekin ibili ginen, baina lau tontor igotzea lortu genituen.
Changtok mendia aurkitzeak bakarrik sekulako lanak eman zizkigun. Oso paraje bakartua eta basatia zen. Itzultzeko gameluak zain genituen eta ezin genuen gehiago luzatu espedizioa. Gaur egun oso zaila da halako aukerak topatzea, eta pentsatu dut berriz saiatzea, baina garesti xamarra da.
Mendia masifikatuagoa dago?
Everest 2000. urtetik aurrera beti egon da masifikatuta. Iaz ikusi genituen ilaren argazkiak errematea eman dio. Halaber, espedizio askok oxigenoa erabiltzen dute, baita Manaslun ere. Orain 8.000ko errezena Manaslu dela esaten dute eta espedizio asko joaten dira. Azken hamaika urte hauetan ez naiz Himalaian egon, baina masifikazioak agian bai orokortu direla.
Eta inguruko mendietan?
Jende gehiago dabil, baina ez daude masifikatuta. Gaztetan Aizkorriko kanaletara joaten ginen eta lau katu ibiltzen ginen. Orain, askoz errazago ezagutarazten dira halako tokiak eta horrek aldaketa handia ekarri du. Asteburuetan ia bakarrik ibiltzetik astebarruan jendearekin topatzera igaro gara. Txindokik esango nuke beti mugitu duela jende gehiago, baina orain edozein ordutan dago jendea.
Mendiarekin noizbait aspertuko zara?
Mendiarekin asko disfrutatzen dut. Gozatzen duzun ingurura beti itzultzen zara eta gorputzak eusten didan bitartean joango naiz. Aukera dudan guztietan joaten naiz eta orain erretiratu egin berri naizela, aukera gehiago izango ditut. Ez du zertan urruti izan behar, etxe alboan izan daiteke, baina mendia egiten jarraituko dudala seguru. Burua beti ari da planak egiten. Gero aurrera irtengo dira edo ez, baina buruan beti dauzkazu ideia berriak.
Gustuko lekuan, maldarik ez
Koke Lasa (Ormaiztegi, 1959) betidanik izan da kirolzalea. Esaterako, gazte garaian txirrindularia izan zen eta eskubaloian jokatu zuen. Baina bere benetako pasioa mendia da.
Mendi magalean eroso sentitzen da, eta berak dioen bezala, «gozatzen duzun ingurura beti itzultzen da». Etxe inguruko tontorrekin hasi zen: Kizkitza, Izazpi, Txindoki, Aizkorri… «Tontor batek beste batera eramaten zaitu», eta hala Pirinioetara jauzi egin zuen aurrera eta gero Alpeetara eta Andeetara. Patuak Himalaiara joateko aukera eman zion, eta halako aukerak ezin diren alferrik galdu, erronkari eutsi zion.
Himalaiak bete-betean harrapatu zuen: «Beste paisaia bat, beste kultura bat eta beste istorio bat». 8.000 metrotik gorako sei tontor zapaldu ditu 1993 eta 2007 artean. Cho Oyu (1993), Gasherbrum I (1995), Manaslu (1997), Gasherbrum II (2006), Broad Peak (2007) eta Shisha Pangma (2007). Nabarmentzekoa da ormaiztegiarra Cho Oyu eta Manaslu igo zituen lehen euskal espedizioko kidea dela.
«Altuerak badu bere xarma, baina ez da helburua», nabarmendu du. Esaterako, 2000. eta 2002. urteetan Pakistan iparraldeko paraje esploratu gabeetara joan zen inork lortu gabeko mendiak igotzera. «Mapan ikusi genuen hutsune handi bat zegoela eta bertan izenik gabeko tontorrak. 8.000ko baten adinako ilusioarekin joan nintzen».
Egiari zor, Lasa beti joaten da ilusioz gainezka mendira. «Mendiarekin asko disfrutatzen dut. Aukera dudan guztietan joaten naiz. Ez du zertan urruti izan behar, etxe alboan izan daiteke, baina mendia egiten jarraituko dudala seguru. Burua beti ari da planak egiten», borobildu du.